Rafaela Iturriaga 'Aztua' eta Inkisizioa (eta II)

Erabiltzailearen aurpegia Hektor Ortega 2016ko urt. 11a, 16:15

Sorginkeriaz salatutako emakumea, Inkisizioaren auzitegian. Francisco Goya.

Azaroko PREST! aldizkarian 1786an Rafaela Iturriagaren aurka abiatutako ikerketen berri eman genuen. Aztua edo aztia zelakoan auzipetu zuten, galdu edo ostutako gauzak aurkitu, gaixoak sendatu eta urrun zirenen berri jakiteko gauza zelako. Zigortu ere egin zuten, baina zigorra bertan behera gelditu zen 1790ko uztailaren 19ra arte.

1786an Josep Colon de Larreategi korrejidoreak eta Inkisizioaren auzitegiak Rafaela Iturriaga Aztua zigortu zuten Deustuko andre batek jarritako salaketaren ondorioz. Maiatzetik abendura arte eduki zuten preso, baina urtea amaitu orduko askatu egin zuten, berriz ere zeregin horietan ez jarduteko abisua emanda. Ez ei zien jaramonik egin.

1790ko uztailean salaketa gehiago agertu zen. Orduko hartan, Azkoititik. Rafaelaren ahizpa Josefa Azkoitian bizi zen eta bitartekari lanak egiten ei zituen bertako jendearen eta aztiaren artean. Jose Antonio Landa azkoitiarra Bermeora joan eta aurrez aurre kontatu zion Rafaelari ardiak eta txerriak galdu zituela mendian. Han zegoela auzoko Migel Barrutia ailega eta basoan txahala galdu zuela esan zion Aztuari. Honek erantzun zortzi egun bete orduko agertuko zela. Eta hala izan ei zen. Landak galdetu zion zelan egiten zuen galdutakoa topatzeko eta esan ei zion “que se persignaba tres veces con la mano izquierda, que llamaba e invocaba el nombre de Satanas y otras dos o tres palabras y que en todo este tiempo tenía encendida una vela bendita”. Ez dirudi demonioarena egia denik, Rafaela oso fededun agertu zelako beti. Landa petrikilo aritu izan zen eta, dirudienez, horrelakoak esanez Aztuaren “konpetentzia” paretik kendu nahi zuen.

Azkoitia aldeko lekukoen deklarazioak entzunda, Inkisizioaren auzitegiak berriz ere preso hartzeko agindu zuen 1791ko urtarrilaren 18an. Ekainean, Inkisizioaren ordezkari Josef Portuondok, ekitaldi publikoa egin zuen Bermeoko elizan Rafaelari auzitegiaren ebazpena jakinarazteko. Ondoren idatzi zutenez, “la reo sigue con cautela con sus remedios o emplastos aunque ya no tiene el crédito que tenía, pero que es una grande embustera” eta azti lanetan segitzen zuela: “y después hacía sus adivinos sin duda con el efecto del vino”. Mozkorraren kontuak, beraz.

Ekinean jarraitu zuenez, salaketa gehiago sortu ziren. 1796an Urdanetako (Zarautz) abadeak salatu zuen, Josef Manterola Bermeoraino joan zitzaiolako galdutako behiak non zeuden jakiteko. Manterolak auzian kontatu zuenez, Bermeotik atzera etxera joan zenean han zeuden behiak. Horrelako arrakastek salaketa gehiago ekarri zuten. 1797ko irailaren 21ean Zestoako etxe aberats bateko andreari gertatutakoak eragin zuen auzia: zilarrezko hiru koilara eta hiru sardexka desagertu zitzaizkionean Francisco Aranburu gaztea bidali zuen Bermeora Aztuari galdetzeko. “Respondió la Rafaela que dichos cubiertos se encontrarían para quando el declarante regresase a su casa, como efectivamente sucedió”.

Aita Palacios eta Mogel

Euskal kulturako izen handiekin ere nahastu zen Aztua. Aita Palacios frantziskotar misiolari ospetsuak, esaterako, gomendatu zion ez eskatzeko dirurik mesede eske etortzen zitzaion jendeari. Horrela kontatu zion Rafaelak berak Zestoako Migel Joakin Zabaletari, honek lehengusu gaixoaren sendabidea ordaindu nahi izan zionean. Harrez gero borondatea eskatzen ei zuen. Eta 1797ko ekainaren 29an Markinako abadeak salatu zuen herriko Juana Aretxabaletak Aztuarengana jo zuela. Horren ondorioz herri horretan ikerketa egin zuten eta dozena erdi bat auzok deklaratu zuen. Auzian izenik aipatu ez arren, Markinako abade hura, oker ez bagaude, Juan Antonio Mogel idazle ospetsua izan zen.

Salaketon ondorioz, 1798ko abenduaren 17an Inkisizioak espetxeratzea agindu zuen. 1799ko otsailaren 28an hartu zuten preso. Sasoi hartan alargundu eta bigarrenez ezkonduta zegoen, Juan Azeretxo itsasgizonarekin. Auziaren gaineko xehetasunak 1799ko urrian amaitu ziren. Bitarte horretan Rafaela espetxean eduki zutela ematen du. 1800 urtean hil zela pentsatzen dugu.

Teknika

Hala lekukoek nola Rafaelak berak kontatu zuten zelan egiten zituen bere operazioak. Esate baterako, Erandioko Juan Antonio Etxebarria errotari gaztearen gaixotasuna sendatzeko, txaplata bat prestatu zion ondoko osagaiekin: urunea, ardao gorria, gurin dultzea, San Juan egunean bedeinkatzen diren belarrak eta arrosak. Txaplata jartzeaz batera, Aztuak Karmengo Ama, San Antonio eta Jesukristori eskatu zien gaixoa osatzeko. Sendatu egin zen.

Galdutakoak topatzeko, kandela, meza eta bederatziurrenez gain, Rafaelak liburua erabiltzen zuen, “gaztelaniaz eta latinez idatzitako liburua”, lekuko batek zehaztu zuenez, “baina irakurtzen dakidan arren, eman egin zidan eta ezin izan nuen berbarik ulertu”, aitortu zuen. Liburuaz gain, kandela bedeinkatuak izetu eta Karmengo Amari eta San Antoniori laguntasuna eskatzen zien. Ardoa edan ere egiten zuen, polito. Liburuena bitxia da, Rafaelak aitortu zuenez, ez baitzekien irakurtzen, are gutxiago erdararik.