Lege Zaharrean, Euskal Herrian eta Europako herrialde gehienetan, heriotza zigorra ez zen ustezko gaizkileari bere eginen ondorioz ezarritako zigor hutsa. Zigorra bera bezain garrantzitsua izaten zen kondena gauzatzeko eszenifikazioa. EP Thompson historialariak Londreseko Tyburn –urkamendi nagusia XVIII. mendean- honela definitu zuen: “klase kontrolerako antzerkiaren gorengo adibidea, izua eragiten duten etsenpluen bidez”. Izan ere, agintariek “beren-beregi zaintzen zuten urkamendiko zeremonia eta hark eragiten zuen publizitate eredu-adierazgarria”. Publizitatea sasoi hartan urkaberainoko prozesioa ikustera bildutako jendetzaren eta ekitaldiaren inguruan sortu ahal ziren zurrumurruen eta are bertsoen bidez zabaltzen zen.
Aurreko urteetan egindako lapurreta ugariak eta hilketa bat leporatuta, Bizkaiko Korrejidoreak heriotza zigorra ezarri zien lau laguni: Ignazio Bentura iruindarrari, nor zen inoiz jakin ez zuten gazte bati, Miguel Casanova aragoitarrari eta Zornotzako Magdalena Austuari. Hala ere, bakarra gauzatu zen: Casanova Valladolideko espetxean hil zen, prozesua agortu orduko; gazte ezezaguna ez zuten egundo harrapatu eta Austuari heriotza zigorraren ordez zortzi urteko espetxe zigorra ezarri zioten.
Ignazio Bentura iruindarra zen, Iruñeko inklusakoa. Euskaldun peto-petoa, Bizkaira etorri zen bizimodua ateratzeko baina laster hasi zen legea hausten. Hamaika lapurreta egotzi zizkioten, besteak beste, Zamudioko Gaztañazabalagako bentakoa, Begoñako Mirafloreseko aldatsean abade bati egindakoa edo Zornotzako Eskola etxekoa. Azken horretan Nikolasa Undagoitia hil zuten.
Benturari Martin nafarra esaten zioten eta lantzean-lantzean Otxarkoagako Lozoño baserrian agertzen zen ostatu eske, Boluetako burdinolarako San Justo ermita ondoko basoetan ikazkin jardun zuen sasoitik.
Zubibarriko burua
Ignazio Benturarenak edo Martin nafarrarenak 1778ko abuztuaren 5ean egin zuen. Goizeko 10:15ean Bilboko espetxetik atera zuten, asto gainean paratu eta Artekaletik Bilboko plazara eraman. Aurretik Joaquin Arce pregoilaria joian, lau haizetara zabaltzen haren delituak. Ordu laurden geroago Andres Brizuela borreroak urkatu zuen. Hil eta gero, Arce pregoilariak plaza bete jenderen aurrean esan zuen Gonzalo Galiano korrejidorearen aginduz “que persona alguna de qualquier estado y calidad que fuese no sea osada a quitar de la orca y paraje donde se halla el cadaver de Ygnacio Ventura pena de la vida”. Martin nafarra bertan gelditu zen, gorpu, dingilizka.
Hala ere, boterearen antzerkiaren krudela bere gorenera iristeko zegoen oraindik. Biharamunean, goizeko 3:30etan eta sei gizon armaturen babesaz, hilotsa jaitsi zuten urkamenditik. Gurdian sartuta, segizio iluna abiatu zen Bilbotik goizeko 4:00etan, beti ere guardiak ondoan. Boluetako Zubibarrira heldu eta geldialdia egin zuten. Orduan Brizuela borreroa gurdira igo eta Benturaren gorpuari burua ebaki egin zion “y ynmediatamente la metio en una linterna de fierro que para el efecto se hizo esprofeso y haviendo echo primero fijar un madero entre la entrada del puente nuevo en jurisdicción de la anteyglesia de Begoña y camino que tira para la de Echavarri, fue puesta por dicho ejecutor en el citado palo la propia caveza, pendiente de un gancho o fierro”. Ostean, Arce pregoilariak deiadar betean esan zuen inork ez kentzeko burua handik, heriotza zigorraren zemaipean.
Bidaia makabro hark lau geldialdi gehiago eduki zituen: Gumuzio mendian birritan, Zornotzako Arriagako bentatik hurrean hirugarrena eta azkena Zornotzako plazan. Lau leku horietan laurdendutako gorpuaren atal bana ezarri zuten. Mezua argia zen, toki horietan egin zituelako bere lapurretako batzuk.
Boterearen antzezpena abuztuaren 9an amaitu zen. Begoñako herritarrak kontzejuan batuta zeudela eskribaua agertu zen eta Galiano korrejidorearen aginduaren berri eman zien, berriz ere: inork ez kentzeko paraje haietatik Martin nafarraren gorpuzkiak, kasu egiten ez zuenari heriotza zigorra ezarriko ziotelako. Ez dakigu zenbat denbora egin zuen Martin nafarraren buruak Zubibarrin.