Petrikiloak, medikuen konpetentzia

Erabiltzailearen aurpegia Hektor Ortega 2016ko urt. 31a, 08:00

Emakume seinduna, Jane Sharp ingelesak 1671n argitaratu zuen emaginentzako liburuan

Beste jarduera kualifikatu asko bezala, gizonezkoek euren buruei erreserbatu zieten medikuntza mende askotan Europako Mendebaldean. Eta, hala ere, ikasbiderik egin izan ez zuten emakume askok zeregin horretan jardun zuen, osagile eta zirujauei konpetentzia eginda. Deustuan, adibidez.

Lege Zaharrean Bizkaiko herri gehienek soldatapean eduki ohi zuten medikuntzako profesional bat edo bi, gutxienez. Herri handienek medikua -goi mailako espezialista- eta zirujaua -ikasketa gutxiagoko osagilea- ordaintzen zuten. Azken horren zeregina izaten zen, besteak beste, odol-husteak egitea, hautsitako hezurrak konpontzea eta ebakuntza txikiak burutzea. Garai batean zirujaurik apalenek -latinezko ikasketarik egin bakoek- bizargin ere jarduten zuten eta horregatik barberu esan izan zaie Bizkaian.

Mediku izan zein barberu izan, medikuntza ofiziala gizonen esku zetzan. Baina, bide hori zeharo itxita eduki zuten arren, emakume batzuek ospe handia lortu zuten sendagile gisa. Aurreko aldizkarietan ikusi dugu Deustuan hamaika bezero eta salatzaile bat eduki zituen Rafaela Iturriaga Aztuaren kasua (1744-1800?). Bermeoko bere 'kontsulta'tik jendetza igaro zen haren zerbitzuak eskatzeko. Aztua edo aztia zen heinean, galdutako edo ostutako gauzak aurkitzeko eskatzen zioten, baita urrun zeudenen berri emateko ere. Baina, horrez gain, jendea osatzeko ahaleginean ere ikusi genuen, txaplatak, sendabelarrak, ardoa, kandela isiotuak eta otoitzak nahaste baliatuz. Bitarteko horiekin Erandioko Juan Antonio Etxebarria errotari gaztea, esate baterako, sendatu egin zen.

Julio Caro Barojaren ustetan, herrietako 'sorginen' ezaugarri nagusiak bi horiek ziren: herri medikuntzaren gaineko jakintzak eta igarletza. Hala ere, Rafaela Iturriaga Aztua kasu aparta izan zen, Bizkaia eta Gipuzkoako herri askotan ezaguna. Aztia izan barik, beste emakume batzuek petrikilo eta, batez ere, emagin jardun zuten, araututako ikasketarik gabe eta egitura ofizialetatik kanpo. Belaunez belaun batutako eskarmentua eta jakinduria baliatzen zuten gaixoak osatzeko ahaleginean. Hala ere, hura ez zen andreentzat soilik gordetako barrutia, gizonak ere aritu baitziren. Denok daukagu gomutan Tomas Zumalakarregi artatu zuen Zegamako petrikilo ospetsua, Jose Frantzisko Telleria alegia.

 

Maria Jesus petrikiloa

XIX. mendearen hasieran Deustuko Udalak soldatapean zeuzkan hala mediku bat (Facundo Cantabrana gutxienez 1814 arte egon zen) nola barberu bat (Antonino Jose Urkiola 1815ean kontratatu zuten). Baina ez ziren herrian medikuntzan jarduten zuten bakarrak. Gutxienez emakume bat ere baziharduen zeregin horietan. Askotan gertatzen den legez, ez dakigu nor zen, erdarazko agirietan erabili zuten izen eta ezizena baino ez: “Maria Jesus conocida por la emplastera”. 1818an Urkiola barberuak salaketa paratu zuen bere kontra “para que cese en sus funciones de cirugía y partera”. Beraz, deustuar emakume hark ebakuntza txikien eta erditzeen ardura hartu ohi zuen bere gain, zirujauaren diru-sarreren kaltetan. Badirudi kexa eragingarria izan zela, ez baitzuen eskatu ikerketarik edo frogantzarik egiteko eta ez zuen gehiagotan salatu. Guretzako zoritxarra, andre horren gainean gehiago jakiteko bidea zapuztu zigutelako.

Emakumeek zein gizonek egina, petrikilotza ez zen agintarien gustukoa. Auzitegietan salatu ez ezik, pulpituetatik ere ozen egin zuten haien kontra fraide eta abadeek. Hona hemen, aita Pedro Antonio Añibarro (1748-1830) frantziskotar predikatzailearen eskuizkribuetako pasarte bat, Jabier Kalzakorta euskaltzainak jaso zuen bezala: “Pecatu, eta eriotza emolleac dira, bear dan jaquindurea baga sartuten direanac contuzco gaissotasunac osatuten, celan direan emplastera ta osaguille aprobatu bagueac: bai ta medicu, barberu ta boticario euren estudio ta jaquinbideac icasten eztitubenac ardura andiaz, edo nola nai erremedioac emoten deutsézanac gaissóai. Baña oneen uts eguite ta eriotzac, lurrac estalduten ditu”.