Lapurreta bidean. Francisco Goyaren margoa.
Aurreko zenbakian Ignazio Benturaren gainean idatzi genuen. Ezizenez, Martin Nafarra; ogibidez, ikazkin, nekazari eta bidelapurra. Bilbon urkatu eta bere gorputz atal laurdenduak Boluetan, Gumuzion eta Zornotzan eskegi zituzten, “munduko kriaturen eskarmentagarri”, antzinako bertsolariek kantatu ohi zuten bezala.
Baina Lege Zaharrean baserritarrek eta artisauek ikuspegi propioak ere bazeuzkaten, batzuetan klase hegemonikoek ezarritako baloreetatik aparte. Egia da, gaiztagin, lapur eta hiltzaile askoren zigorra begi onez ikusi zuten, haien eginak gizalegearen kontrakoak zirenean. Baina beste batzuetan, legez kanpo jardutea ez zegoen txarto ikusita. Dela gaulanean (kontrabandoan), dela bidelapurretan. Azken atal horretan figura bat nabarmendu zaigu, batez ere: Manuel Antonio Madariaga, Patakon (1796-1850?).
Joseba Agirreazkuenaga historialariak ikertu zuen haren bizitza. Galdakaoztarra jaiotzaz, Patakon Larrabetzun bizi izan zen. Hamaika lapurreta egin zituen bere bizitzan, sarritan giltzapetu zuten eta askotan ihes egin zuen. Inork ez daki noiz, non eta zelan hil zen. Afrika iparraldean zegoen, Espainiako kolonia batean preso. Hori da oraingoz seguru esan litekeen bakarra. Antonio Truebak idatzi zuenez, handik ere egin zuen ihes baina ondoren, gatibu hartu zuen alderdi hartako buruzagi batek eta azken urteak harentzat artzain jarduten eman ei zituen.
Bizkaiko baserritarrentzat, ostera, Patakon lapur eskuzabalaren eredu gisa geratu da, aberatsei ostu eta pobreei ematen zieten horietakoa. Esaldi baten laburbildu ohi zuten: Patakon, Patakon, dekonari kendu, eztekonari emon.
Begoña aldean
Patakon izenak sustrai sakonak egin zituen Begoña aldean. Horretan zer ikusi handia eduki zuen haren senide batzuk Begoñara aldatu izanak. Madariagatar haiek Larrabetzutik Matiko aldera etorri eta taberna ireki zuten, hiltegiaren ondoan. Ospe handia lortu zuen, batez ere langile, harakin eta tratularien artean. Patakon esaten zieten hala txakolindegiari nola Madariagatar haiei.
Herri literaturak ere uztartu ditu Patakon eta Begoña. Aurrerago esan dugun legez, lapur eskuzabalaren fama eduki zuen Madariagak. Hamaika bider kontatu zuten baserritar pobrea lagundu zuela kinkarik larrienean zegoenean, normalean errenta edo bestelako zorra ordaindu ezinik zegoenean. Ahoz aho igaro eta Agirreazkuenagak batu zituen ipuin horietako baten arabera, goiz baten Patakon Morgako andre bat topatu zuen Bilborako bidean. Errenta ordaintzera zetorren baina dirua falta. “Zenbat diru falta dozu ba?”, Patakonek itaundu. Andreak esan eta Patakonek eman egin zion. Baina baita galdetu ere ugazaba non bizi zen. “Usaba Begoñen”, erantzun zion emakumeak.
Bada, gau hartan bertan, Patakon Begoñara etorri, ugazabaren etxean dirua ostu eta atzera joan zen Larrabetzura, arin-arin. Haren gaineko susmoak uxatzeko, amarrua prestatu zuen: “Elizako erlojue atzeratu ta azpigarrizko metari su emon; kanpaiek jo ta orduan pijamarik ta ez egoan lez, jentia arin su amatetan”. Herriko jendeak, tartean Patakon zela, sua amata eta elizako erlojuari erreparatu zioten. Biharamunean foralak Patakonen bila joan ziren baina Begoñako lapurreta eta Larrabetzuko sua batera izan zirenez, libre utzi behar izan zuten. Herri guztia zeukan lekuko.