Deustua 1879-1911, herria goitik behera aldatu zen unea

Erabiltzailearen aurpegia Hektor Ortega 2016ko mar. 1a, 10:37

Bigarren karlistada amaitu eta gero, Deustuan aldaketa itzelak gertatu ziren. Garapen kapitalistari ateak ireki eta herritarren bizimodua zeharo aztoratu zen. Lege Zaharreko nekazaritza eta artisautza bigarren mailan gelditu ziren industria jaio berriaren alboan.

Aziendak Olabeagan Ibaizabal zeharkatzen. Argazkia: Txema Luzuriagaren bilduma.

 

Deustuko aldaketaren berri emateko urtekari batera jo dugu, sasoi hartan urtean-urtean argitaratzen zuten “Anuario-almanaque del comercio, de la industria, de la magistratura y de la administración” izeneko urtekarira hain zuzen. 1879 eta 1911 urtekoak alderatu ditugu. Jarduera horietan antzeman daitekeen aldaketak herrian gertatu zen eraldaketaren neurria emango digu.

1879ko urtekariak Deustuaren oinarrizko jakingarriak batu zituen: San Pedro de Deusto lez aurkezten duen elizateak 1.899 biztanle zeuzkan. Auzo gisa ondoko hauek jaso zituen: Berriz, Madariaga, Ribera de la Botica, Ribera de Olabeaga eta “Zorrozaur”, alegia, Zorrotzaurre. Jarduera ekonomikoari dagokionez, nekazaritza alde batera utzita -ez baitzen urtekariaren helburua-, dozena bat merkatari aipatu zituzten, tartean Jose Maria Ametzaga alkatea, hamaika arotz, bost zapatari, igeltsero bi eta margolari, sokagile, harakin eta upelgile bana.

Latorria egiten omen zuen bat eta hiru errementari ere jaso zituzten. Horiek ziren industria modernotik hurbilen zeudenak. Garraio arloari dagokionez, gurdi alokairuan jarduten zuten hiru deustuarrek baina sektoreko izarrak gabarrak ziren: hemeretzi lagunek egiten zituzten gabarra bidezko garraio lanak.

Administrazio eta zerbitzu publikoei dagokienez, udal idazkaria, irakasle bi eta medikua aipatu zituzten urtekarian. Beraz, oraindik ere industria kapitalistarik gabeko herria zen Deustua, nekazaritzari (Goierri) eta portuari (Olabeaga) lotuta. Azken horren eragina begi bistakoa da: gabarrak, arotzak eta merkatariak dira haren garrantziaren lekuko.

Herri industrializatua

Oso bestelakoa zen panorama 1911n. Hasteko eta bat 32 urtetan biztanle kopurua ia bikoiztu egin zen: 3.906 lagun bizi zen Deustuan. Urtekariak kasu apur bat egin zion nekazaritzari: “frutak, ortuariak eta txakolina batzen dute”, idatzi zuten. Alegia, nekazaritza espezializatua zen artean Deustuan bizirik segitzen zuena.

Artisautza ia zeharo desagertu zen. Hiru aroztegi zeuden Deustuan, hiru errementeria, margolari bi eta upelgile bat. Gainerako jardueren lorratzik ez urtekarian. Industria, ostera, nonahi eta zernahitarako: mundrun lantegi bat Elorrietan, galdarategia (Llona), latorria egiteko lantegia (Rochelt), hiru fundizio (Kortadi, Llona eta 300en bat langile zeuzkan Talleres de Deusto ospetsua), bela lantegi bi (Aspiazu, Otero eta konpainia eta Bilbao Goioaga), soka lantegi bi (Momeñe y Ruiz eta Martin Prieto), Elorrietako Tubos Forjados (hodiak) eta Errazkin (azido lantegia, Galdakaoko dinamita enpresarako). Horrez gain, hargin lantegi bi zeuden herrian, baita garagardo fabrika ere, azken hori Jacobo Geiler alemaniarraren esku.

Lantegi gehienak ibai ertzetik hurrean zeuden, Elorrietan edo Botikako ibarrean batez ere.

Portuko jarduera aldatuta zegoen, baina ez zebilen makal: zazpi kapitain zenbatu zituzten herrian, gabarra garraioak sei lagunek egiten zituzten, portuko gidariak hiru ziren eta gizon bana zegoen Itsasoko Bulego Laguntzailean eta Aduanan. Azken horiek administrazio publikoetarako atea zabaltzen digute: udal idazkariaz gain, udal epaitegia, udal arkitektoa eta eskola publikoetako sei irakasle zeuden. Azken horietatik hiru, emakumeak: Marcela Gomez, Valentina Mangas eta Maria Zarautz.

 

Eskola pribatuak

Zerbitzu pribatuen atalean ere aldaketa handia zegoen. Alde batetik, irakaskuntzan egundoko iraultza gertatu zen: San Antonio, La Salle, jesuiten Goi Mailako Ikasketen Eskola (unibertsitatea), pasiotarrak, Sagrada Familia (mojen zuzendaritzapean), Colegio del Carmen (karmeldar mojen esku) eta Gormutuen eta itsuen ikastetxe ospetsua (Karitatearen Ahizpen eskuetan zegoen). Bestelako zerbitzuetan ere aldaketa itzela zen. Esate baterako, sei legegizon bizi ziren herrian, tartean Nicolas Viar Eguzkitza. Albaitaria, hiru musika irakasle, sei kafetegi eta billar-areto, aisialdi elkarte bat, hiru botika eta hamahiru janari-denda (Juan Ortuondo, Pantaleón Rementeria, Asunción Mentxaka...).

Ez da zerrenda osatua, inondik inora. Baina irudi argia eskaintzen digu. Lege Zaharrekoa zen oraindik ere 1879ko Deustu hura, baserriari eta portuari lotua. Hogeita hamar urte geroagokoa, ostera, sistema kapitalistan txertatuta zegoen, goitik behera. Hamaika lantegi hazi zen ibai ondoko ibarretan eta hamaika lagun etorri zen Deustura bizimodua ateratzera. Bata zein bestea gaur egun desagertuta daude, baina bien seme-alabak gara.