1835eko ekainaren 12an heldu zen Tomas Zumalakarregi Begoñara. Garaipenik garaipen zetorren, baltzen (liberalen) ikaragarri. Espainiako Armada atzeraka zebilen, etengabe, karlisten oldarrari eutsi ezinik. Baldomero Esparterok hilaren 8an alde egin zuen Bilbotik, bi dibisioen buru. Hiribilduaren inguruan buru belarri zebiltzan matxinatuek blokeoa ezarri zuten. Artxanda, Kastrexana, Abando eta Deustuan agertu ziren. Portugaleten zeuden indar liberalek ezin zuten Barakaldo edo Erandio baino gorago jo. Ibaizabal ere nahi izan zuten itxi karlistek, baina ingeles eta frantses gerra-ontzi banak, neutraltasuna ikur, zerbitzu ederrak egin zizkien Espainiako Armadari ibaian gora eta behera Portugalete eta Bilbo artean.
Ekainaren 10ean setioa ezarri zuten karlistek. Laster jabetu ziren Larreagaburuz, baita Begoñako elizaz ere. Bilbo zeharo inguratuta eta nahikoa estu zegoen. Begoñako elizako atearen aurrean hiru bateria eratu zituzten setiatzaileek eta beste batzuk apur bat gorago, Artaganen alegia. Hilak 12 zituen Zumalakarregi Begoñara heldu zenean. Bilboko setioko lanak zuzendu eta hiribildua hartzeko asmoz etorri zen. Lehenengo egun biak inguruak ezagutzen eta bertatik bertara ikusten eman zituen, erasoak nondik nora jo behar zituen erabaki aurretik. Lehenengo egunean bertan Francisco Benito Eraso jeneralaren bidez amore emateko eskaria igorri zion Mirasol kondeari, alegia, Bilboko defentsaren buruari. Honek ez zion erantzun, baina biharamunean, hilaren 13an, proklama zuzendu zien bilbotarrei defentsan adoretzeko. “Biba Isabel II.a, biba erregina gobernaria eta biba askatasuna!” aldarriarekin amaitu zuen.
Ez da batere ezaguna egun hartan bertan Zumalakarregik ere idazki bat prestatu eta zabaldu zuela, bilbotarrei zuzenduta. Akitaniako Tolosako egunkari batean -Journal Politique et Littéraire- ikusi dugu, frantsesez eta, antza denez, ez dago osorik. Baionakok Sentinelle des Pyrenees egunkaria aipatu zuten iturri gisa. Hona hemen egin diogun itzulpena: “Bilbotarrok! Zuen esku dago zuen etorkizuna. Zuen esku izatea behin betiko zoriontsu edo zorigaiztoko! Hemen nago Don Carlos espainiarren erregearen armadaren buru. Erregearen izenean, grazia ugari emango dizkizuet zuek, orain, zuen aitatzat eta erregetzat jotzen baduzue, oker zeundetenean hartu zenituzten armak bazter utzirik. Abisua emango dizuet, halaber, gaur ez baduzue horrela egiten, prest nagoela hiri eder hori errausteko eta zuek bertan lurperaturik geldituko zarete; hori oso mingarria izango da nire bihotzarentzat, baina esandakoa bete egingo dut ez badidazue entzuten eta hil egingo dira guri erresistentzia egiten tematzen diren guztiak”.
Alegia, esku batean olibondo abarra, ezpata zorrotza bestean. Lerro horien azpian matxinatuek ohi zuten esaldia jarri zuen, zegoen herriari loturik: “Begoñako Ohorearen zelaian” eta ondoan, data eta sinatzailea: ekainaren 13an, Tomas Zumalakarregi. Hura izan zen, antza denez, buruzagi karlistak sinatu zuen azken proklama.
Bitxia da ikustea garai hartako kantu elebidun batek igarri egin zuela zer gertatuko zen. Lehenengo Bilbo setiatzera zetozen batailoiak aitatu zituen (bizkaitarrak, nafarrak, gipuzkoar txapeltxikiak) eta ondoren zer egingo zuten iragarri: “Poniendo los cañones / Begoña partean / pondrán el parlamento / entrega gaitean”.
Boluetan ostatu
Erresistentzia egin zioten guztiak ez ziren hil. Zumalakarregi bai, ostera. Jakina denez, hiribilduak ez zuen aintzat hartu bere eskaintza eta biharamunean, hilak 14, karlistek Bilboko defentsak bonbardatzeari ekin zioten. Zumalakarregik agindu zehatza eman zuen sua gotorlekuen aurka bideratzeko, Zazpi Kaleetako etxeak jo barik. Baina orduan ezustea gertatu zen. Ekainaren 15eko goizean, Begoñako patroiaren jauregiko balkoitik Bilboko defentsak ikuskatzen zituen bitartean, hankan balaz zauritu zuten. Hilaren 29an hil zen, Zegaman.
Zauritu baino lehen eta baita zauritu ostean ere, Begoñan egon zen bitartean Boluetako etxe batean hartu zuen ostatu. Antza denez, Boluetako jauregia hautatu zuen eta bertan egin zuen lo hilaren 12an, 13an eta 14an. Behin zaurituta, bertara eraman zuten andatan. Baina berak Zegamara nahi zuen, petrikiloaren esperantzan. Han gizona hil zen, eta mitoa jaio.