1861eko Deustuko estropada, ingelesen ikuspegitik

Erabiltzailearen aurpegia Hektor Ortega 2016ko api. 4a, 09:10

1861eko irailean trainerilla eta batel estropada jokatu zuten Ibaizabaleko uretan, Bilboko Areatza eta Lutxanako zubia bitartean. Jakin-min itzela eragin zuen inguruotan, baina baita atzerrian ere. Ikusi besterik ez dago zelako oihartzuna egin zioten Ingalaterrako prentsan.

2012ko uztaileko PREST!en (126. zenbakian) eman genuen estropada haren berri. Garrantzitsua da guretzat Deustuan aurkitu dugun zaharrena ez ezik, Euskal Herrian dokumentatuta daudenen artean ere lehenengoetakoa delako. Ezagutzen dugun zaharrena 1854. urtekoa da eta bertso-paper baten bidez heldu zaigu. 1861eko irailean Bilbon egindako jaien barruan, hilaren 3an hiru estropada jokatu zituzten: batelak (lau arraunlari), trainerillak (sei arraunlari) eta gizon bakarreko ontziak zingan eginez. Trainerilletan eskifaia bi azaldu ziren eta Deustuko Alejandro Rodriguezen ontzia nagusitu zen, Lutxanatik Areatzaraino 30 minutu behar izan zituela. Bateletan, ostera, lau eskifaia lehiatu ziren eta ingeles kontsularen ontzia gailendu zen. Jendetza batu zen Ibaizabaleko ertzetan -batez ere Deustukoan, ikuskizunaz gozatzeko egokiagoa zelako- estropada hurretik jarraitzeko.

Duela lau urteko artikuluaren iturria Madrileko prentsa izan zen. Albistea argitaratu zuten, eta horrek esan nahi du haientzat berri interesgarri edo bitxia zela. Baina estropadak ez zuen piztu Espainiako kazeten jakin-mina soilik. Ingalaterra, Eskozia eta Irlandakoek ere jaso zuten. Eta ez batek edo bik. Prentsa historikoaren web gune batean bilaketa eginda, Britainiar Uharteetako hamalau egunkari agertu zaizkigu Deustuko estropadaren berri emanez. Ez da kopuru makala.

Hori bai, den-denek testu bera jaso zuten. Norbaitek Bilbo aldetik kronika bidali zuen Ingalaterrara. Lehenengo biderrez Bristoleko Western Daily Pressen ikusi dugu, irailaren 16ko alean. Biharamunean Londreseko Daily Newsek argitaratu zuen. Hilaren 18an Dublingo Evening Packett and Correspondentek plazaratu zuen. Egun bat geroago Newcastle Curantek islatu zuen eta irailaren 21 eta 22ko asteburuan Londres, Oxford, Kent eta Cumbriako kazetetan agertu zen, baita Dublinen eta Glasgow aldean ere.

Ingeles eskifaiaren arrakasta

Ezelango duda barik, Britainia Handiko prentsaren jakin-mina ingeles eskifaiari zor zitzaion. Albisteari jarritako tituluan antzematen da: ingeles arraunlariak Espainian. Kronikak estropada eremua deskribatu zuen lehenengo: “Lutxanako zubi ospetsutik Bilboraino, 4,5 milia ingeles”. Lutxanako zubiaren fama 1836ko batailatik zetorren. Trainerilletako lehiari tarte laburra eskaini zion kronikaren egileak, baina xehetasun bitxia laga zuen, irabazle atera zen ontziaren jabea honela aipatu zuten eta: “Don Alejandro Rodriguez, Deustuko alkate oso ezaguna”. Ez zen aurkezpen txartel makala britainiar irakurleen aurrean!

Baina haien interesa bigarren estropadan zegoen, esan dugun bezala. Lau batel aurkeztu ziren eta erlojuz kontra aritu ziren, bi minutuko aldeaz irten zirelarik Lutxanako zubitik. Kronikak zehaztu zuenez, “Britainiar Erreginaren kontsularen ontzi dotoreak ingeles gizonak [gentlemen] zituen tostetan”. 2012ko artikuluan zehaztu genuen bezala, Vignoles zen britainiar kontsula eta batel bizkor-bizkorra aurkeztu zuen estropadara. Vignoles bera arraunlarietako bat izan zen.

Gainerako hiru ontziei dagokienez, ingeles kronikak jaso zuen atzerrian eginda ziruditela, “baina euskal arraunlarien indarrak orekatu zuen ingeles eskifaiak ontzi arinari zor zion abantaila”. Lehia estua izan zela aitortu zuen kronikak baina britainiarrak nagusitu ziren: “bapore biren olatuak saihestu behar izan bazituen ere eta aurkarien arraunkada sendoagoa izan arren, ingeles eskifaiak garaile lehorreratu zituen britainiar koloreak, estropada 30 segundoko aldeaz irabazita”.

Euskaldunak eta britainiarrak tartean ibilita, apusturik ezin falta. Kronika honek haien berri eman zuen: “Apustuak 3-1 zeuden hasieran ingeles eskifaiaren aurka, eta amaierako emaitzak sorpresa itzela eragin zuen, Albioneko semeen artean izan ezik”.