Nahiko esanguratsua da Begoñako eliza ardatz hartuta 1833-1938 urte bitarteko bilakaerari erreparatzea hizkuntza politikaren arloan. Sasoi hartako lau-bost une hautatu eta euskarari eta gaztelaniari emandako tratua ikusiko dugu. Ez da ikerketa sakona eta xehea, eta hortaz, ezin ondorio larregi atera. Ildo nagusia, hala ere, agerian geldituko delakoan gaude. Elizan ez ezik, hizkuntza politika hori –edo are gordinagoa- eskola, udaletxe, epaitegi eta administrazio guztietan ezarri zuten.
Begoña herri euskaldun hutsa zen 1844 urte aldean. Urte hartan frantziskotar fraideek misioak eman zituzten Begoñan: 16 sermoi euskaraz esan zituzten eta 3 erdaraz. Gaztelaniaz egiteko arrazoia ez da batere argia, artean Begoña ez ezik Bilbo bera ere euskalduna zelako. 1853an, fraideek misio berriak egin zituzten Begoñan: 15 sermoi euskaraz eta 6 erdaraz. Iraulketa hasia zen.
1880ko irailean, bigarren karlistadaren ostean, Hego Euskal Herria okupazio armadaren mendean zegoela, Begoñan erromesaldi jendetsua egin zuten. Liberalek kutsu karlista hartu zioten. Espainiako prentsak kanpaina gogorra egin zuen: abadeek eta fraideek euskaraz predikatzen zutenean matxinada karlistaren aldeko mezuak zabaltzen zituzten, jakinik agintari espainolek ez zutela euskaraz tutik ulertzen. Begoñan euskaraz eta erdaraz egin zituzten sermoiak. Ez zen nahikoa izan. Irailaren 9an Antonio Cánovas del Castilloren gobernuak agindua argitaratu zuen euskarazko sermoiak estu-estu kontrolatzeko.
Hurrengo geldialdia 1903 urtean egingo dugu. Ebaristo Bustintza Kirikiñok Ibaizabal astekarian salatu zuenez, dotrina ikastera joandako neskatila euskaldun hutsa etxera bidali zuten herriko abadeek “ta ezan eiutseen Begoñan erderaz bakarrik irakasten ebela dotriñea”. 1916ko maiatzaren 28an erromesaldia izan zen Begoñan. Eliza barruko sermoi guztiak, goiz eta arratsaldez, erdaraz esan zituzten. Euskaraz aita Amunategiren predikua baino ez, elizatik kanpo. Kirikiñok ederto islatu zuen Euzkadi egunkarian: “Eleiza barruan, goiz ta arratsalde erderaz esan zan Jaunaren itza. Onek ez gaitu bape ikaratzen, aspalditik dakigu ba gure euskereari despatxua emon jakola Begoñako eleizatik euskalduna dan arren ondiño Begoña erria”.
Beraz, erdarak aurrerakada handiak eginda ere, Begoña herri euskalduna zen 1916an, euskaldun hutsak baziren, zahar eta gazte. Erdaldunik ez zegoenean, erdaraz egiten hasi ziren elizan; herria oraindik oso euskalduna zenean, erdaraz baino ez.
1938ko aginduak
Hego Euskal Herri osoa Franco jeneralaren armadaren menpe gelditu zen 1937ko uztailean. Garaileek herra eta gorroto besterik ez zioten ekarri euskarari: debekuak, bazterketa eta mespretxua. 1938ko martxoaren 1ean, Gasteizko elizbarrutiko buletinak agindua argitaratu zuen, euskara eta erdara Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako parrokietan noiz erabili zehazteko. Javier Lauzurika administratzaile apostolikoak ondoko hau ebatzi zuen: fededunek erdaraz jakinez gero, erdaraz egingo ziren sermoiak; eliztar gehien-gehienak (“inmensa mayoría”) euskaldun hutsak -elebakarrak- izanez gero, euskaraz baina gero laburpena erdaraz. Alegia, herri elebidunetan, erdaraz egin behar zen, bai ala bai. Herri euskaldunenetan baino ez zen egingo euskarazko predikua. Begoña, zer esanik ez, erdararen atalean sartu zen.
Neurri latza izanda ere, ez zen diktadurak nahi adinakoa, azken finean abadeen esku gelditzen zelako erabakia, nahiz eta elizgizon haien %90etik gora haien aldekoak izan (besteak “garbitu” zituzten). Francoren gobernuko Ordena Publikoaren Ministerioak oharra argitaratu zuen egun batzuk geroago. Elizbarrutiaren erabakiari jaramonik ez egiteko agindu zien haren menpeko agintari guztiei. Herritarrak banatu egiten zituela argudiatuta –“lo que se logra es atentar al principio de unidad de nuestra Santa Cruzada, dividiendo a la población en castas y grupos”-, argi laga zuen zelan jokatu: beti erdara erabili behar zen “y únicamente, por excepción, en aquellos pequeños caseríos y pueblos de la zona montañosa en donde la precaria existencia y escasa relación con los centros urbanos pudiera aceptarse como ventajoso la utilización del vascuence por no ser perfecta la comprensión del español, podrá ser utilizado aquel, siempre a juicio del delegado de Orden Público, que apreciará y autorizará la conveniencia de su uso”.
Ehun urtean, euskara nagusi zen lekutik zeharo erauzi eta debekatu egin zuten. Elizatik eta administraziotik aienatua, eskolan jazarria, plazan mespretxatua... euskararen aurkako politika hori oso eragingarria izan zen. Ehun urtetan Begoñako egoera soziolinguistikoa irauli zuen: herri euskaldun hutsa zena zeharo erdaldundu zuen, euskara isilarazi arte. Baina ez zuen erabateko arrakasta lortu. Katea ez zen eten. Euskaldun batzuek eutsi zioten hizkuntzari. Eta erdaldundutako asko minberatu ziren euskara ostu zietelako indarraren indarrez. Bortizkeria horrek eragin zuen herri erantzuna 1936 baino lehen eta baita ondoren ere: ikastolak, gau-eskolak.... Gaur borroka horretan segitzen dugu, herritar guztioi, euskaldun zein erdaldun, indarrez lapurtu eta ukatu digutena berriz eskuratzeko ahaleginean: euskaraz bizi ahal izatea gure herrian.