uriola.eus

1916, futbola Deustuan indartu zen urtea

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Deustuko futbol taldearentzat urte erabakigarria izan zen 1916. Batetik, Bizkaiko bigarren mailako txapeldun gelditu zen eta lehenengo mailara igotzekotan egon zen. Bestetik, futbol zelaia atondu zuten. 1917ko urtarrilean ireki zuten.

SD Deusto taldearen hamaikakoa 1919. urtean. Argazkia: Erriberako Puri/Txema Luzuriaga.

 

SD Deustok 1915eko udan hartu zuen Deustuko futbolaren ardura. Urte bi lehenago sortua, garai hartan Unión Fortuna zen herriko talde nagusia. Baina 1915eko abuztutik aurrera deustuar futbolzaleek Sociedad Deportivaren baitan egin zuten habia. Prest! aldizkariko 152. zenbakian kontatu genuen.

1916an SD Deusto Bizkaiko multzoko buru amaitu zuen denboraldia. Ondoren, azken urratsa baino ez zen falta Erregional Txapelketako lehenengo mailara (gorengo maila, Athleticek jokatzen zuen maila alegia) igotzeko: Gipuzkoako txapeldunaren aurkako partida. Hura, ostera, galdu zuen eta, beraz, bigarren mailan gelditu zen.

Deustuaren ospea

1914-1915ean Bizkaiko txapelketako finalaurrekoetara heldu eta 1915-16 denboraldian Bizkaiko txapeldun izan eta igoera azken partidan zapuztu eta gero, SD Deustok ospe itzela eskuratu zuen futbolzaleen artean, hala Hego Euskal Herrian nola inguruetan. Ikusi bestela, 1916ko irailean Logroñoko Rioja egunkarian zelan aurkeztu zuten deustuar taldea hango Recreationen aurka jokatzera joan zenean, San Mateoko jaien barruan: “El partido con el Deusto tendrá aún mayor importancia por la categoría del club contendiente que, como es sabido, figura como campeón de Vizcaya de segunda categoría, y si no ha pasado a primera tan sólo ha sido por la imposibilidad en que se vio de presentar íntegro su equipo en la última eliminatoria”. SD Deusto ez zen talde makala, ez horixe.

Loreak ez ziren horretan gelditu. Egunkari horretan bertan, egun batzuk geroago, partida jokatu baino lehen, honela aurkeztu zuten: “el Deusto, equipo notabilísimo de laureada historia”. Eta ez ei zen egunkariaren kontua. Partidara jendetza agertu zen, “un público mucho más numeroso que el que en Logroño acostumbra a presenciar estos espectáculos”. Zorionekoak eurak, etxeko taldea nagusitzen ikusi zuten eta, 3-0. Azken gola sartu zutenean zaleak zoratu ei ziren. Ospakizunaren burrunba Mendabian ere entzun zuten, Riojako kazetariari sinistuz gero.

Etxe-zuriko zelaia

Logroñoko istripua gorabehera, SD Deustok talde bikaina zeukan (Urdangarin atezaina, Carmelo Goienetxea mitikoa, Viar…) eta gora begira zegoen. 1916-1917 denboraldiari ekin zionean hazkundeari segida eman nahi zioten deustuar futbolzaleek. Zeregin horretan, futbol emaitzez gain, zelaia ezinbestekoa zen. Deustuan Botikazarreko landa izaten zen futbolean olgetako lekua eta, sasoi hartan, SD Deustok entrenamenduak egiten zituen lekua. Baina partida garrantzitsuak Club Deportivoren futbol zelaian jokatzen zituen, Abandon.

1916an SD Deustok futbol zelai xumea atontzeko lanean hasi zen. Azaroaren 13an eskaria aurkeztu zuen Udaletxean Madariaga auzoko Etxezuri baserriaren ondoko arloan lurra leuntzeko behin-behineko baimena lortzeko “behin betiko planoak aurkeztu bitartean”. Bide batez, 250 pezetako diru laguntza eskatu zuen. Urtero herriko pobreen aldeko partida bat antolatzeko ardura hartu zuen bere gain. Lanak hasteko baimena atoan eman zion Deustuko Udalak. Diru-laguntzarena gehiago pentsatu zuen baina azkenean, zinegotzi baten aurkako bozkaz, onartu egin zuen.

Zelai xumea zen, 101 metro luze eta 66 metro zabal. 1917ko urtarrilaren 28an zabaldu zituen ateak. Egun hartan SD Deustok Athleticen kontra neurtu zituen indarrak. Urte bi geroago, 1918-19 denboraldian, klub biak Erregional Txapelketako lehenengo mailan elkartu ziren. Deustuarrak goi-goian zeuden. Deustuko futbolaren urrezko aroa zen. Baina hori guztia, hurrengo baten kontatuko dugu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa