Begoñako kanposantuaren gaineko jakingarriak

Erabiltzailearen aurpegia Hektor Ortega 2016ko mai. 23a, 09:06

Begoñako herria 1925eko urtarrilaren 1ean desagertu bazen ere, zutunik zeuden haren ikur guztiak eta bizirik begoñarrak eurak, jakina. Ehun urte bete orduko ikur guzti haiek desagertu dira. Azkena, kanposantua, laster baten Bilboko Udalak eraitsiko du eta.

Begoñako ortusantua, elizaren behealdean, galtzaden alboan (1874). Argazkia: Bizkaiko Foru Agiritegia.

 

Herria zen Begoña 1925eko urtarrilaren 1aren aurretik. Orduan begi bistan zegoen, hala herritarren gogoan nola paisaian: udaletxea, eskolak, hiltegia, alondegia, mugarriak, eliza, ermitak… Ehun urte bete orduko horiek denak (ia denak) desagertu dira. Gaur egun herriko eliza eta kanposantua baino ez dira gelditzen. Jarraian, kanposantuaren gaineko jakingarri batzuk jorratuko ditugu.

Begoñan, Euskal Herriko leku gehienetan bezala, hildakoak elizan edo eliza ondoan lurperatu izan zituzten Erdi Arotik aurrera. Etxe bakoitzak bere hobia zeukan eta bertan ehortzi ohi zituzten etxeko defuntuak. Hobiak, elizako eserlekuak bezala, etxe horrek gizartean zeukan lekua eta gradua erakusten zuen denen aurrean. Gradua ere bai, hobiak antolatzeko orduan hierarkia garrantzitsua zelako. Lekurik onena Begoñako patroiaren familiaren hobia zen eta harengandik zenbat eta hurrago, hobeto. Hain zen horrela ezen, XVI. mendearen lehenengo erdialdean, Begoñako eliza zabaldu zenean, auziak piztu ziren lekuz aldatutako hobietan lehentasuna gorde ez zelakoan. Adibidez, Agirreleta baserriko alabek auzia irabazi zuten 1548an, haien etxeko hobia zegokion lekuan jar zezaten.

Baina XVIII. mendearen amaieratik aurrera elizetako ehorzketa haien kontrako iritziak zabaldu ziren, batez ere gaixotasunak kutsatzeko erraztasun itzelak ematen zituztelako. Izurrite sasoian edo uda betean, eliza barruko hobiratze haiek ez ziren batere osasungarriak. Hortaz, garai hartatik aurrera, eta batez ere XIX. mendearen lehenengo herenean, herri guztietan kanposantu berriak egin zituzten, elizatik aparte.

Ez dugu aurkitu Begoñan noiz eta non egin zuten. Albiste sorta osatu bakoa besterik ez dugu topatu. Lehenengo karlistadan, Espainiako Armadaren aginduz, ortusantu hura birrindu zuten, karlistei babesik ez ematearren. Gerra ostean kanposantua elizatik beherago zegoen, segurutik gaurko orubeko zati batean. 1851n handitzeko premia ikusi zuen Begoñako Udalak eta Lorenzo Francisco Moñiz arkitektoari proiektua agindu zion. Hura ez ei zen inoiz gauzatu eta 1853an beste proiektu bat eskatu zioten, are handiagoa baina aurrekontuari 100.000 errealeko muga ezarrita. Horrela egin ei zuen baina hura ere ez zuten eraiki. 1856an herriko lur-emaile Pedro Barbarak abisua eman zion Begoñako Udalari: “en breve queda el campo santo de modo que no puede darse tierra a ningún cadáver porque no falta más que un pequeño recinto”. Bete-beterik zegoen, beraz.

Gaurko ortusantua, 1863-64koa

1861ean Begoñako Udalak lursaila erosi zuen kanposantuaren atzealdean, “landa” esaten zioten eremua hain zuzen. Bertan egin nahi zuten hilerriaren zabaltzea, baina baita gauza gehiago ere. Honela azaldu zuen Udalak: “la adquisición de la campa es útil y necesaria para el solaz del pueblo y gentes que concurren al santuario y lo es también para ensanchar a su tiempo y en parte de la misma campa el huerto santo, según lo esige la estencion del vecindario, y para con la parte sobrante haya espacio donde celebrar las ferias de ganados que de real orden están ya concedidas”. Badakigu jakin gaur kanposantuaren goialdean dagoen abadetxearen eremuan ganadu azokak egiten zirela XIX. mendearen amaieran, Landakoetxeko hariztiaren abaroan.

Antonio Goikoetxea bilbotar arkitektoari eman zioten diseinuaren ardura. Lanak 1863 eta 1864 bitartean egin zituzten. Besteak beste, kapera txiki eta dotorea eraiki zuten, baita ume hilentzako eremua atondu eta hezurrak gordetzeko hobia ere (hezurrobia edo, herriko euskaraz, azurlekua). Andres Arabina Urrutiak hartu zuen lanok egiten ardura eta amaitu Hilario Usatorrek amaitu zituen. Orotara, ia 200.000 erreal gastatu zituen Begoñako Udalak.

Harrez gero obra gehiago egin zituen Begoñako Udalak. Kaperauarentzako etxea, adibidez, hilerriko atearen ondoan, 1868an. Eta hilerrian kaleak antolatuta, hobiak saldu eta hildakoz bete zen. Herriko historiaren eta pertsona askoren istorioen habia izan da. Esate baterako, bertan ehortzi zuten Wilhelm Wakonigg espioi nazia, 1936ko urrian Derion fusilatu ostean. Eta Begoñako kanposantuan aurkitu ei zuen frantses batek altxorra 1849an. Eta… Horiek beste baten kontatuko ditugu.

Azken urteotako gainbehera nabarmena izan da. Ortusantua galdu egin da, zikindu, sasiz bete eta, gainera, bertako apaingarri asko ostu egin dituzte. Zirt edo zart egiteko tenorea heldu zen. Orain berdegune gisa dauka sailkatuta Bilboko Udalak. Ea aurrerantzean ere, leku historiko horrek bere izaera publikoari eusten dion, herritar guztientzako eremu berde atsegin gisa atontzen duten eta Begoñako herri zaharraren gomutak gorde eta zabaltzeko balio duen. Bilboko Udalaren esku dago.