Tom Robertsen margo honek Australian egindako lapurreta islatzen du (1895).
Kapitalismoaren garapenak gizon-emakumeak baserritik aterarazten dituen heinean, emigrazioa edo industriara jotzea beste biderik ez da izaten. Baina askotan, lantegiek ezin dituzte irentsi iristen zaizkien langile guztiak; beste batzuetan pertsona horiek ez dira egokitzen bizimodu berriko diziplina zorrotzera. Eta horiek orduan erdiko bidetik jo izaten dute, eskale, arlote edo bidelapur eginda.
Prozesu hori mundu leku askotan gertatu da eta orrialde gogoangarrietan deskribatu zuen Karl Marxek orain dela 150 urte. Orduantxe amaitu zen hemen, Bizkaian, bidelapurren urrezko aroa. Lege Zaharraren krisialdian, kapitalismoa erabat garatzen hasi zen arte (1795-1850) herrialdea legez kanpokoz josita egon zen. Hain zen horrela ezen agintariak artegatu baitziren. Francisco Aranguren Sobrado kontsultorearen proposamena onartuta, 1799ko Batzar Nagusiek ordenantza kriminala jarri zuten indarrean.
Araudi hark batez ere bidelapurrak jazartzea zeukan helburu. Kondena latzak ezarri zituen lapurretak zigortzeko eta mikeleteen atala indartu zuen. Baina bazekarren aldean beste nobedade garrantzitsu bat: herritar batek lapurra harrapatuz gero, dirusaria jaso behar zuen. Eta ez zen nolanahiko saria: 220 erreal lapurreko. Hori bai, lapurra auzitegiek kondenatu behar zuten; absolbituz gero, ez zegoen saririk. Horrela zabaldu zen giza-ehiza gurean. Ez zen heldu western pelikuletan sarritan ageri den bounty-hunter edo sari-ehiztariaren errealitatera, baina eskema berdina zen: herritarrak legez kanpokoa harrapatu eta legearen eskuetan utzi behar zuen gero diru hura jasotzeko.
Herritarrek elkar salatzea ez ezik, elkar atxilotzea ere sustatu zuenean, Bizkaiko eliteak argi eta garbi laga zuen problema larria zeukala esku artean. Muturreko neurriekin baretu nahi zituen Lege Zaharreko krisialdiak eragindako barne tentsio latzak. Bandolerismoa, Eric Hobsbawmek erakutsi zuen bezala, protesta sozialaren erakusgarria izan daiteke. Eta Bizkaian eta, oro har, Hego Euskal Herrian, gizarte kontraesanak lehertzekotan zeuden. Lapurren urrezko aro horretan matxinada bat (1804) eta kutsu sozial nabarmena hartu zuten hiru gerra gertatu ziren (frantsestea, 1822-23 eta lehenengo karlistada). Gatazka soziala tiroka garbitu zen gurean.
Sarien atala sarritan gauzatu zen. Esate baterako, Deustuko Jose Urrutikoetxeak Jose Galdos atxilotu zuenean. Egiari zor, birritan hartu zuen preso. Galdos markinarra 1801ean auzipetu zuten zaldi lapurretak “eta beste gehiegikeria batzuk” egin izana leporatuta. Orduan atxilotu bide zuen Urrutikoetxeak lehenengoz, mikeletea zela. Beraz, bere zeregina bete besterik ez zuen egin. Kasu horietan ezin zuten dirusaririk eskatu. Sententzia gogorra ezarri zioten Galdosi: sei urtez Afrikako espetxe batean -sasoi hartan, Ceuta edo Melilla-. Kontua da Afrikarako bidean Malagan geldiarazi zituztela presoak, baita obra publiko batzuetan beharrean jarri ere. Eta Galdosek ihes egiteko aprobetxatu zuen. 1802an jakin zuten Bizkaiko agintariek atzera libre zebilela.
1804ko maiatzak 10 zeukan Jose Urrutikoetxeak Galdos harrapatu zuenean Zorrotzan. Orduan herritar hutsa zen Urrutikoetxea, mikeleteetatik irtenda. Ezagutu egin zuen markinarra eta berriz ere atxilotu eta Bizkaiko Jaurerriko espetxera eraman zuen, Bilbora. Handik gutxira, saria jasotzeko eskabidea aurkeztu zuen. Frogantza txostena egin eta 220 errealak ordaintzeko agindua eman zuten ahaldun nagusiek. Galdos atzera jarri zuten Afrikarako bidean.
1851 arte
Horrelako eskabide asko egin zituzten araudiaren atal horrek indarrean iraun zuen bitartean, 1851 arte alegia. Adibidez, 1824an Ignazio Oronoz atxilotu zuten Deustuan. Lau gizonek egin zuten, Begoñako batek, Bilboko batek eta deustuar bik, Jose Maria Zarragak eta Pedro Agirrek. Bakoitzari 220 erreal ordaindu zizkieten. Oronozi urte biko espetxealdia ezarri zioten Ferrolen (Galizian). Nahikoa garesti atera zitzaien Bizkaiko erakundeei atxiloketa hura.
Baina, ezelango zalantza barik, negoziorik onena gizon bi -edo gehiago- batera atxilotzea zen. 1825eko irailaren 3an Juan Jose Begoña deustuarrak eta Erandioko hiru semek Torre anaiak atxilotu zituzten Berrizko harrobian, Deustutik hur baina Sondikako lurretan. Atanasio eta Benito Torre zigortuta zeuden, baita haien ama Maria Antonio Gortazar ere. Ez zen kontu larria izango, Atanasio Torreri Donostian sei hilabetez herri-lanetan jarduteko zigorra ezarri zioten eta. Juan Jose Begoñarentzat eta haren kideentzat, ostera, negozio bikaina, 440 erreal jaso baitzituzten. Baserri batzuek ez zuten errenta hori ematen urtean, egin kontu.