Espainiako Armada Bilbora sartzen 1874ko maiatzaren 2an, bigarren karlistadan. Irudia: www.albumsiglo19mendea.net
Stalin aipatzea ez da modakoa baina horrela ekingo diogu Begoñako historiako atal honi. “Merkatua da burgesiak nazionalismoa ikasi duen lehenengo lekua”, idatzi zuen buruzagi boltxebikeak 1913an. Ezin egokiago deskribatu zuen esaldi horrekin Bizkaiko oligarkia berriak XIX. mendearen bigarren erdialdean Espainiaren alde egin zuen apustu latza. Espainia zen bere merkatua eta haren baitan aberastasun ikaragarriak batu zituen.
Horretarako Hego Euskal Herria Espainiako merkatu nazional berrian indarrez integratu zuen (foruak erauzita, karlistaden ostean). Hori bai, garai hartako Espainia ez zen gaurkoa, apur bat handiagoa baino, Espainia baitziren Filipinak, Puerto Rico, Kuba eta beste lurralde batzuk. 1895ean José Martík independentzia gerrari ekin zionean, Bizkaiko burgesiak gogotsu astindu zuen Espainiako bandera, aberri minez mukuru, Kuba mendean nahi zuelako, besteak beste, haien merkatu bahitua izaten jarrai zezan.
Jarrera hori gizartearen esparru zabalak blaitu zituen. Espainolismoaren uriola goraka zetorren. Jendaurrean kontrako jarrerak agertu zituzten ausartek larrutik ordaindu zuten, hain zen itogarria espainiar abertzaletasunaren aldarrikapena.
Espainiako merkatu nazionalean sartu ez ezik, foruak kendu eta gero euskal mutilei soldadutza ezarri zieten. Harrez gero, Espainiako armadan derrigorrezko zerbitzua egin behar izan zuten gehienek -denek ez, aberatsek dirutza ordainduta libre gelditzen ziren eta-. Gerra kolonialetan nahastuta ibili ziren Afrikan, Ameriketan eta Asian.
1896ko otsailaren 17an Garellano batailoia bidali zuten Bilbotik Kubara. Despedida itzela egin zioten erakundeek, herritarrek eta elizak. Tartean, Begoñan bedeinkazioa. Hilaren 15ean, goizeko hamarretan, soldaduak San Francisco kaleko haien kuarteletik atera eta formazioan, pasodoblearen doinuan, Bilbo Zaharrera jaitsi, San Antongo zubia zeharkatu eta Zabalbidetik gora Begoñaraino igo ziren.
Jendetza zeukaten begira eliza ondoan. Laster heldu ziren agintariak, Begoñako alkate Calixto Legina tartean. Olano eta Abaituatarren jauregietan apaingarriak eskegi zituzten. Batailoiko soldaduak, zortziak alegia, desfilean igaro ziren Begoñako Udaletxearen aurretik. Ostean, elizara sartu ziren, herritarrakaz nahastean. Han eskapulario bana eman zieten, bedeinkaturik.
Mezako sermoia aita Burgosek esan zuen. Argi egin zuen berba: Kuban Espainiaren osotasunari (“la integridad de la patria”) eutsi behar ziotela esan zuen, eta harro zegoela espainiar guztiak batera ikusita espainiar lurra defendatzen. Espainiari, Garellano batailoiari eta Begoñako Ama Birjinari bibaka amaitu zuten meza.
Soldaduak galtzadetatik behera bueltatu ziren Bilbora. Egun bi geroago, trena hartu eta Santander aldera abiatu ziren, handik baporez Kubara iristeko.
Manifestazioa Begoñatik
Espainiar abertzaleen bihotzak bero-bero zeuden egun haietan. Prentsak sakatu eta xaxatu zituen, eta agintarien jarrerak ere ez zuen lasaitzen lagundu. Kubatik albisteak heldu ahala, Bilbon eta albo-herrietan giroa mikaztu zen. Esate baterako, aste bi geroago, martxoaren 8ko eguerdian, manifestazioa egin zuten Areatzatik, Espainiari bibaka eta yankiei fueraka. Azkenean, Estatu Batuen kontsulatura heltzeko saioa egin zutenean miñoiek haien kontra kargatu zuten.
Iluntzean, ostera, “Bilbora multzo bi heldu ziren, 200 bat gizonetakoa bakoitza, biak ala biak Begoñan osatuta. Bata Galtzadetatik jaitsi zen Bilbora, Zabalbidetik bestea”, El Nervión egunkarian irakurri dugunez. Zapiz eta kanaberaz egindako bandera espainolak zeramatzaten. Bilbon jende gehiago batu zitzaien eta istiluak eragin zituzten. Gaueko hamarrak arte iraun zuen protestaldiak.
Espainiako abertzaletasunak horrelako gehiago eragin zituen, baina emaitzak urriak izan ziren. Kubako gerran nagusitasun militarra alde edukita eta intsurgentziaren aurka barrabaskeria guztiak eginda ere, ez zen kapaza izan independentistak menderatzeko. 1898an Estatu Batuak tartean sartu ziren eta aitaren batean desegin zuten Espainiaren armada.
1898ko abuztuan bueltatu ziren Kubatik azken euskal mutilak. Gaixorik, goserik, zauriturik, makalik eta galdurik. Hura izan zen gurean entusiasmoa piztu zuen Espainiaren azken gerra. Euskal abertzaletasun jaio berria laster zabaldu zen. Burgesia ahaltsua ere kalteturik atera zen, Kubako merkatua galduta eta haien estatu nazionala nabarmen ahuldurik. Orduan ez zuen inork kantatzen lau urte lehenagoko harrokeria gordin haiek: “Baziaztik gureak rataplan!/ soldadu fin maiteak rataplan! Manbisak zapaltzera/ beltz zatarrak astintzera./ Mulatu etorkin hori rataplan!/ sudur zanpatu lori rataplan/ alper guziak nahaspil/ bai, mutil/ mando-pil/ bota zak Kuba aldetik/ esanaz bihotzetik/ Viva España!”.