Labe garaietako langileen greba (1892). Vicente Cutandaren margolana.
Deustuan eratutako lehenengo alderdi politikoa, gure datuak zuzenak badira, PSOE izan zen. Zehatzago izateko, alderdi horren abaroan jaio zen Agrupación Socialista de Deusto (Deustuko elkarte sozialista). 1897ko urrian sortu zen eta nahikoa bitxia da, sasoi hartan nagusi ziren indar politikoek, antza denez, Deustuan erakunde barik funtzionatzen zutelako, hala monarkiko-kontserbadoreek nola karlistek. Zer esanik ez, errepublikazaleek edo urte bi arinago Sabino Aranak sortutako EAJk ere ez zeukaten artean talde antolaturik herrian.
Hala ere, badago elkarte sozialistaren sorrera goiztiarra azaldu lezakeen argudiorik. Alde batetik, Deustuan garai hartan lantegi ugari ezartzen ari ziren eta, ondorioz, herritar asko behargin hasi zen fabrika haietan. Kanpotik ere lagun ugari heldu zen. Lantegiak hasi zirenetik langileek euren buruak eratzeko ahaleginak egin zituzten. Badakigu jakin 1871an Deustuko lehenengo fabriketako langileen artean bazeudena Lehenengo Internazionaleko kideak eta klase interesen defentsan jardun zirena. Beraz, bazegoen langile mugimenduaren tradizioa, ahula bazen ere. Bestetik, Lege Zaharretik zetozen ogibideetan ere bazen beharginen eskubideen alde eratzeko eta jotzeko tradiziorik, elkarteen zein bestelako bitartekoen bidez. Ontzioletako arotzek greba egin zuten noiz eta 1797an, egin kontu! Ildo bi horiek elikatuko zuten, seguruenez, lehenengo elkarte sozialista hura.
Urriaren 10eko mitina
1897ko urriaren 10ean mitin sozialista egin zuten Deustuan. Ehunen bat lagun batu ziren. Baina hura ez zen ekitaldi hutsa. Eginkizun zehatza zeukan. Prentsan agertu zenez, “elkarte bat osatzeko batu ziren eta hala egin zuten”. Beraz, egun horretan sortu zen Agrupación Socialista de Deusto izenpean herriko lehenengo erakunde sozialista. Bizkaiko hamaikagarrena zen, alderdia herrialdean 1886an eratu zenetik.
Hurrengo asteko El Socialista astekarian irakurri dugu elkarteko zuzendaritza nork osatu zuen: Marcelino Villar (presidente), Pedro Gaminde (presidenteorde), Pedro Ornes (idazkari), Alejandro Lopez (diruzain), Isidro Larrondo (kontulari) eta Jesus Ojinaga eta Manuel Gabilondo. Ikuskaritza batzordea ere eratu zuten, Juan Lopez, Jose Lopez eta Pedro Etxanorekin.
Elkartearen lehenengo helbidea Deustuko Erriberako 39. zenbakian paratu zuten. Han zegoen Marcelino Villarren taberna. Honek idazkia bidali zion Deustuko alkateari hilaren 12an elkarte berriaren sorrera modu ofizialean jakinarazteko. Baina agintariak ez zuen begi onez ikusi egoitzarako taberna aukeratu izana eta miñoiak jakinaren gainean jarri zituen, ea hura legezkoa zen eta, izatekotan, elkartekoek bete zezaten tabernei ezarritako araudia. Adibidez, gaueko hamarretan itxi behar zutela.
Azaroan Deustuko miñoien kaboak txostena eman zuen herriko alkateari arrazoia emanez, baina ez dirudi horrek ezelango oztoporik ekarri zuenik. Elkarteak bere bidea egin zuen: proposamenak aurkeztu zituen Udaletxean (1898an Villarrek eta Ornesek eskaria sinatu zuten behar-beharrezko produktuen gaineko udal zergak %25 jaisteko), PSOEko kongresuetan esku hartu zuen (Villar V. kongresuan egon zen Deustu, Erandio eta Sestaoko elkarte sozialisten izenean), eta barne antolakuntza zabaltzen. 1899an ondoko hauek osatu zuten zuzendaritza: Manuel Gabilondo (presidente), Jesus Ojinaga (presidenteorde), Pedro Ornes (idazkari), Marcelino Villar (diruzain), Miguel Escalante (kontulari), Pedro Etxano, Juan Lopez eta Jose Lopez. “Kide guzti hauek karguak bere gain hartzean agur bero bat igorri diete jendartearen askatasunaren alde borrokatzen diren guztiei”, idatzi zuten El Socialistan.
Zabalkunde txikia
Agurrak agur, izen aldaketa gutxi sumatzen da 1897 eta 1899 urte bitarteko zuzendaritzak alderatuta. 1901ean, Gobernadore Zibilaren eskariz, Deustuko Udalak informazio zehatza eskatu zion elkarteari: Calixto Ojinaga zegoen presidente eta 67 kide zeuzkan.
Herri langilea izan arren, Deustua ez zen izan ideia sozialistak zabaltzeko eremu egokia. Elkartea udal hauteskundeetara hautagaiak aurkeztu zituen (1899an, adibidez, Pedro Gaminde), baina hala bozketa horietan nola Espainiako legebiltzarretakoetan emaitza urriak eskuratu zituen. Herrian ez zuen zinegotzirik izan. Deustua Zubiria-Ibarra familiaren jauntxokeriaren mende zegoen eta haien itzala amatatzen hasi zenean EAJ agertu zen nagusi.