Gerardo Bilbao Arenas klubeko elastikoarekin (1932).
Ez da gomutan iltzaturik gelditu den izen horietako bat, baina Gerardo Bilbaok lau denboraldi itzel egin zituen Athleticen. Liga bi eta kopa bat irabazi zituen taldeak bitarte horretan eta klub zurigorriko mito handienetako batzuekin jokatu zuen. Horrez gain, euskal selekzioaren eta Kataluniakoaren hamaikakoetan sartu zen.
Gerardo Bilbao Bilbao Deustuan jaio zen 1907ko otsailaren 9an. Gaztetan Ribera Sport futbol taldean jokatu zuen. Soldadu joateko garaian Ferrolera bidali zuten, geroago Athleticen mito bilakatuko zen Gillermo Gorostiza santurtziarrarekin. Ferrolgo Racingen jokatu zuten gazte biek soldaduska garai hartan. Atzera etxera etorri zirenean, Gorostizak lehoiekin fitxatu zuen; Gerardo, ostera, Arenasen hasi zen jokatzen. Getxoko taldean hiru denboraldi egin zituen (1929-1932), denak Espainiako Lehenengo Mailan.
Arenasen garairik onenak igarota bazeuden ere, Leonardo Zilaurren (gero Athleticek fitxatu zuen), Emilin (Real Madrilera joan zen), Gurrutxaga (Real Madrilen jokatu zuen), Yermo eta Urresti bezalako futbolariak eduki zituen alboan. Urte haietan sailkapenaren erdialdean amaitu zuen getxoztar taldeak Liga. Gerardok lan bikaina egin zuen eta haren izena bolo-bolo hasi zen fitxaketa merkatuan.
Athleticera
1932ko irailean deustuar jokalariaren etorkizuna ahotan hartu zuten kirol kazetariek. Athleticerako bidean zegoela zirudienean, prentsak kontrako mezuak zabaldu zituen, Madrileko Athleticera edo Bartzelonara joango zela esanez. Oker zebiltzan. Urriaren 30ean debutatu zuen zurigorriz, Alavésen aurkako ligako partidan, min hartuta zegoen Roberto Etxebarriaren ordez. Zilaurren eta Mugertza eduki zituen kide zelai erdian.
Harrez gero lau denboraldi egin zituen Athleticen eta 81 partida jokatu. Lehenengo urtean kopa irabazi zuen, nahiz eta finala jokatu ez. Hura izan zen mister Pentlanden azken denboraldia Bilbon. Hurrengo urtean Patricio Caicedo jarri zuten entrenatzaile eta liga txapelketa eskuratu zuten zurigorriek, Real Madrili puntu biko aldea aterata. Hala urte hartan nola hurrengoan Gerardok partiden erdia-edo jokatu zituen. Bere dohainik onena, dudarik gabe, egokitzeko gaitasuna zen. Zelai erdian eta aurrealdean jokatzeko gauza zen, ezkerrean gehienbat, baina baita eskuinean ere. Deustuarrak berak kontatu zuenez, sasoi hartan sei postutan jokatu zuen Athleticeko hamaikakoetan.
Baina bere urterik onena 1935-36koa izan zen. Ligako 22 partidetatik 20 jokatu zituen (kontuan eduki orduan ez zegoela aldaketa egiterik). Mister Garbutt zegoen Athleticen entrenatzaile eta lehoiek liga irabazi zuten, Real Madrilekiko puntu biko aldea lortuta, urte bi lehenago bezala.
Gerardoren ekarpena oso garrantzitsua izan zen. Ohi bezala, zazpi lekutan jokatu zuen, zelai erdian zein eraso lerroan, nahi eskuinean nahi ezkerrean. Madrileko kazetari batek idatzi zuenez, “atezain ikusiko dugun egunean sinestuko dugu Gerardo nahikoa dela hamaikakoa osatzeko”. Lau gol sartu zituen, horietako bat San Mamesen Real Madrili 1-0 irabazteko balio izan zuena. Egun hartan ondoko hau izan zen lehoien hamaikakoa: Blasco, Zabala, Oceja, Zubieta, Mugertza, Roberto, Gorostiza, Iraragorri, Bata, Elices eta Gerardo. Hala ere, liga lortu ostean deustuarrak As egunkariko kazetariari kontatu zionez, Madrilen eskuratu zuten berdinketari (2-2) balio gehiago aitortu zion, balentria itzela izan zelako.
“Zenbat urte daramatzazu Athleticen?”, galdetu zion orduan kazetariak. “Lau”, erantzun zuen Gerardok, “eta hemen egongo naiz futbola utzi arte. Ni ez noa Athleticetik ezta bidaliko banindute ere!”. Horrela zioen, pozarren, bigarren liga irabazi berritan. Hiru hilabete geroago Espainiako eskuinak kolpe militarra jo zuen. Hondamendiaren hasiera zen.