Txistularia eta atabalaria Begoñako Udaletxearen aurrean (1900). Argazkia: Eulalia Abaitua/Euskal Museoa.
Santa Zezilia egun hartan, Madrileko La España Artística aldizkarian irakurri dugunez, meza kantatua prestatu zuten Bilboaldeko musikazale haiek. Eliza mukuru bete zen eta, sartu ezinik, kanpoan gelditu ziren zaletu batzuk. Giusseppe Saverio Mercadanteren (1795-1870) meza aukeratu zuten kontzerturako. Italiar konpositore hura moda-modan zegoen sasoi hartan.
Meza kantatua goizeko 10etan hasi zen, Gobernadore Zibila eta Begoñako udal kargudunak aurrean zeudela. 80tik gora musikari eta abeslari aritu ziren Nicolas Ledesmaren zuzendaritzapean. Ledesma Bilboko Done Jakue elizako kapera maisua zen, alegia, bertako musika arduraduna, organo-jotzaile eta, gainera, konpositorea. Hari eskainia dago Bilboko Ledesma kalea. Haren agindupean jardun zuten musikariok eta abeslariok. Azken horien artean eginkizunik garrantzitsuenak Gabriel Lanbarri (lehenengo tenorra), Manuel Pereda (bigarren tenorra) eta Pantaleon Orbegozoren (baxua) esku gelditu ziren.
Kronikariaren arabera, kontzertu bikaina izan zen eta entzuleak pozarren atera ziren elizatik. “Funtzio solemne hori luzaroan gogoratuko dute Bilbon; izan ere, gure ustez, egundo ez da batu inguru honetako elizetan hainbeste musikari”. Zoritxarrez, ez zuen zehaztu ze musika tresna jo zituzten egun handi hartan.
Musikaren eliza
Eliza kristau gehienek harreman luze eta sendoa eduki dute musikarekin. Hortaz, Begoña ez da salbuespena eta ez gaitu harrituko Santa Zezilia omentzeko aukeratu izanak. XVIII. mendean bazegoen eliza horretan sotxantre kargua, alegia, musikaren ardura zeukan elizgizona. Musika tresnak ere ez dira falta izan. Begoñan gaur egun dagoen organoa 1884koa da, Parisko Cavaille Coll fabrika ospetsuari erosia.
Horrez gain, XIX. eta XX. mendeetako erromesaldiek Ama Birjinaren aldeko hamaika kantu eta ereserki utzi zituzten, haietako batzuk Jose Ignazio Arana edo Resurrección Maria Azkue bezalako egile handien eskutik.
Baina dena ez da izan erlijiozko musika Begoñan. Profanoa be, ezin falta. Gauza jakina da abuztuaren 15eko herri erromerian txistuak eduki duen presentzia handia. Eliza osteko plazako aurreskuak eta inguruetako landetakoak musika tresna horren doinuaz egiten ziren. 1845eko lekuko batek zioen 20tik gora aurresku egiten zirela batera eliza ondoko landetan. Lehenengoa udaletxe aurrean (elizako atzealdean) dantzatzen zuten, udal kargudunak agintari zeudela.
Zarrabeteak
Baina txistua eta atabalaz gain, bazegoen besterik herritarren artean. Irurac Bat egunkariko kroniketan irakurri dugu 1855-60 urteetan Begoñako erromerietan ohikoak zirela zantzoak, euskarazko kantuak, gitarrak, panderoak, biolinak eta “itsuek jotzen dituzten zarrabeteak”. Zarrabetea edo txarrabeta Gaztelako itsuek jo ohi zuten gurean. Hari musika tresna zaharra zen, tekladuna. Eskuaz gurpila eragiten jotzen zuten eta gaitaren antzeko soinua sortzen zuten. Badirudi gainbeheran zetorrela zarrabetea, mende akaburako desagertuta baitzegoen, Emiliano Arriagari sinistuz gero behinik behin.
1903an, Begoñako Ama Bizkaiko Zaindari izendatzeko ekitaldietako egitarauaren barruan musika banden eta orfeoien lehiaketa antolatu zuten. 1974an Bizkaiko Abesbatzen Astea sortu zenean Begoñako Elizara jo zuten kontzertuak egitera. Hala jarraitzen dute gaur egun ere. Eta elizan bertan egin zuten lehengo urriaren 10ean “Begoñan kantari” kontzertua, musikaz gozatzeko eta 1884ko organo zaharberritua suspertzeko.