1931n Bilboko Udalak ezarri nahi izan zuen armarriak hiribilduaren eta hiru albo-herrien ikurrak batu zituen.
1931ko martxoko Bilboko udal kargudunak ez ziren herritarrek nahi zituztenak, Damaso Berenguer jeneralaren diktadurak Madriletik izendatutakoak baino. Alkate Adolfo Gonzalez de Kareaga (1897-1937) zegoen, 1930ko otsailean hartu baitzuen kargua eta utzi, Espainiako II. Errepublika ekarri zuten apirilaren 12ko hauteskundeetan utzi zuen. Bozken bidez ahalegindu zenean, porrot egin zuen: 1933an diputatugai aurkeztu zen Bilbon eta ez zuen aktarik lortu. 1937ko urtarrilaren 4an hil zuten Begoñan, Angeles Custodiosen fusilatuta.
Bada, alkate karguan hilabete falta zitzaionean, Kareagak, lau zinegotziren babesaz, mozioa aurkeztu zuen Bilboko Udalaren armarria aldatzeko. Artean indarrean zegoena eta gaur egun daukaguna berdinak ziren, xehetasunak gorabehera. Baina alkate monarkikoak aldaketa nabarmena proposatu zuen: armarrian lekua egitea Bilbok aurreko urteetan bere baitan hartutako elizateei: Abando (1890), Deustua (1925) eta Begoña (1925).
Laurak bat
Martxoaren 12ko prentsan irakurri dugu Bilboko Udaleko Batzorde Iraunkorrak onartu egin zuela alkatearen eta bere taldearen proposamena. Argudio morala astindu zuten: “gure iritziz arlo moraleko erabaki bat falta da” Bilboren handitzearen ondorioz desagertu ziren herriekiko begirunean. Eta zelan kitatu zor hura? Bilboko armarrian Begoña, Abando eta Deustua ere sartuta.
Ez zen bat-bateko kontua izan. Mozioan bertan aipatu zuten heraldika adituekin kontsultatu zutela proposamena eta bereziki hartu zutela kontuan Juan Carlos Guerraren iritzia. Sasoi hartan Guerra genealogia arloan aditurik handienetakoa zen Euskal Herrian, Euskaltzaindiako kidea izateaz gain.
Bada, Guerrak proposatutako aukera bietako bat hautatu zuten: “Bilboko armarri zaharrari ematen zaio lehentasunezko lekua, dagokion bezala; Begoñako elizate zaharreko armarria ere nabarmendu da, Bilboko huria haren lurretan sortu zuten eta herri horretan dagoelako Bizkaiak gehien gurtzen duen lekua, Begoñako Ama Birjinaren eliza alegia”. Eta, jakina, tokia egin zieten hala Abandori nola Deustuari.
Beraz, armarri berriak goialdean Bilboko irudi zaharra zeraman (San Anton eliza eta zubia), erdian Begoñako ikurra (loreontzia), eta behealdea erdibana Abandoko zuhaitz eta bihotzentzat eta Deustuko zuhaitz, giltza eta otsoentzat.
Bilboko Udalak ontzat jo zuen proposamena eta Bizkaiko Diputazioari bidali zion, ontzat jo zezan. Baina garai nahasiak ziren haiek. Apirilaren 12ko hauteskundeen ostean, Gonzalez de Kareaga alkatearen agintaldia amaitu ez ezik, Errepublika aldarrikatu zuten hainbat udalek (euskal errepublika udal askok). Agenda politiko berriak, antza denez, Kareagaren taldearen asmo haiek eraman zituen, guk dakigula armarri hura ez baitzen inoiz erabili modu ofizialean.