Benita Unamunoren etxetxoa

Erabiltzailearen aurpegia Hektor Ortega 2017ko urt. 12a, 08:00

Migel Unamunok uda batzuk eman zituen Deustuan gaztetan, amamaren oporretako etxetxoan. Berak aitortu zuenez, betiko iltzaturik gelditu zitzaizkion gomutan, umeetako oroitzapenek bakarrik lor dezaketen moduan.

Eskuinaldeko etxetzarra Cirilo Ustararena izan zen. Han egon zen Benitaren etxetxoa.

 

2010ean Unamunoren burua eskegi zuten Ertzaintzaren polizia-etxearen aurre-aurrean, Agirre Lehendakariaren etorbidearen ertzean. Bilboko Udalak paratu zuen, idazlearen omenez. Alboan, plaka batean, leku horretan jartzeko arrazoia erantsi zuten, Unamunoren liburu batetik hartutako ondoko testu hau: “Udako oporretan, etxekoekin batera joaten nintzen amamak Deustu aldean zeukan baserrira”. Idazle eta filosofoak Deustuan igarotako une gozo haiek gomutara ekarri nahi zituen Bilbokok Udalak. Kontu horri argi apur bat ekartzen ahaleginduko gara.

Deustuan etxea eduki zuen amama hura Benita Unamuno Larraza izan zen. Migelen amama eta izekoa zen, biak batera. Amama, Salome Jugo Unamunoren ama zelako. Eta izeko, Felix Unamuno Larrazaren arreba zelako. Izan ere, osaba-lobak ziren idazlearen aita (Felix Unamuno Larraza) eta ama (Salome Jugo Unamuno). Benita, antza denez, lehenengo karlistadan etorri zen Bilbora eta bertan ezagutu zuen senarra, Jose Antonio Jugo zeberioztarra. Alaba bakarraz erditu zen, aipatu dugun Salome alegia. Alargundu eta gero, bigarrenez ezkondu zen, Antzuolako Jose Gabriel Narbaizarekin. 1873an bigarrenez alargundu zen.

Hil aurretik, hala ere, senar-emazteok etxea erosi zuten Deustuan. Basabe auzoan zegoen, baina Olabeagatik (Erriberatik) hurrean. Etxearen albotik igarotzen zen 1861 urte aldean Olabeaga eta eliza lotzeko eraiki zuten bidea (Ramal de Olabeaga). Landa-etxea zen, baina etxetxo apala. Ortua zeukan inguruan eta, jakina, mahastiak eta arbolak.

 

Unamuno gaztearen oporrak

Unamuno nerabea pozarren joaten zen Deustura, amamaren etxera. Uda osoa ez ezik, udagoieneko lehenengo zatia ere gure herrian ematen zuen. Honela kontatu zuen: “Deustuan luze egoten ginen, ikasturte berria hasi eta San Martinetako uda txikia igaro arte”. Gomutan iltzaturik geratu zitzaizkion udabeteko egun haietan “mahats beltzezko mahasti baxuen azpitik makurturik ibiltzen ginela, aurpegia aramu-sarez beterik, ostu-ostuka olgetan; eta igerian ikasten arto-soloen artean, baita irasagarrondora igotzen ere”.

Deustuko uda gozo haietan, etxetxoan, Antonio Truebaren “Mari Santa” eleberria irakurtzen zirrara sentitu zuen Unamuno gazteak, “ikustean liburuak aipatzen zituen lekuak etxetxo hartako balkoitik ikusi ahal nituela, eta Etxezuri baserria aipatzen zuen, hantxe bertan zegoena. Orduan hasi nintzen sentitzen zer den arteari estu lotutako leku batean bizitzea”. Amamaren etxetik Etxezurira (geroago futbol zelaia atondu zuten lekura) bost minutu besterik ez zegoen.

Etxetxoak eta ortuak, esan legez, lorratz sakona laga zuten gaztearen bihotzean. Behin baino gehiagotan aipatu zituen baratzean egindako egunak, beti ere malenkonia zipriztinez. Madarira igota irakurritako olerkiak, laranjen usaina, txinboetatik ortura igotzen ziren kresalezko ur-biziak...

 

Etxetxo galdua

Unamunoren uda haiek batez ere gerra karlistaren ostean izan zirela pentsa genezake, 1876tik aurrera alegia. Baina ez luzerako. Amama Benita 1880an hil zen, Migel gaztea Madrilera unibertsitate ikasketak egitera joan zen urtean alegia. Ostean, Deustuko etxaldea saldu zuten. Cirilo Ustara meatze-ugazaba aberatsak eskuratu zuen. Etxetxoa eraitsi eta haren lekuan egundoko jauregia altxarazi zuen. Deustuko kanala egiteko bota zuten 1950. urtea baino lehen.

Unamunok jakin zuen etxetxoarekin zer gertatu zen. Eta haren arima minberari ez zitzaion batere gustatu. Honela kontatu zuen: “Orain dela urte gutxi batzuk, arratsalde batez etxetxoa egon zen lekutik igaro nintzen, aspaldiko partez, eta haren lekuan etxetzar itzel, astun eta harroa ikustean, eta gure ortua, fruta arbola eta mahastiekin hain etxekoa eta hain apala zena ingeles erako parkea bihurturik ikustean negar-malkoak etorri zitzaizkidan begietara. Nire etxetxoa betiko galdu da”.

Kapitalismoaren garapena Deustua itxuraldatzen hasia zen. Oligarkek baserri eta soloak erosi zituzten jauregi itzelak egiteko (Bidarte, Sarrikoko Goi-Eder, Arbolarte...). Jarraian lantegiak eta langile-auzoak etorri ziren, azkenean hirigintza garaikidea heldu zen arte.