Begoñako errotak eta tabernak (1640)

Erabiltzailearen aurpegia Hektor Ortega 2017ko urt. 25a, 08:38

1640an Begoñan azaldu zen Korrejidorearen Tenientea. Bizkaiko gainerako herrietan bezala, gurean ere fielen (alkateen) lana eta industria zein zerbitzuen jarduna ikuskatu zituen. Horrela, Begoñaren argazki bitxia laga zigun.

Behean, San Anton eliza ezkerrean eta Gizakunde komentua eskuinean. Goian, Zabalbide eta Begoñako eliza. XVI. mendea.

Jeronimo Lerin lizentziatua Bizkaiko Korrejidorearen tenientea zen 1640an. Urte hartan Korrejidorearen agindupekoek elizate eta hiribildu batzuk bisitatu zituzten, lekuan lekuko fielen (alkateen) lana eta industria zein zerbitzuekin lotutako jarduera guztiak ikuskatzeko. Egiari zor, garai hartako Bizkaian, artisautza eta industria gainbeheran zeuden. Merkataritza eta ontzigintzaren krisiaren ondorioz, herrialdea nekazaritzari gero eta lotuago zegoen, gainerako jarduerak hondoa jota zeudelako.

Begoñako 1640ko bisitak antzeko egoera islatu zuen: artisau bakarra zegoen herrian, zapatari bat alegia, Atxurin. Horrez gain, hiru errota, harategi bi eta bederatzi taberna. Hura zen Begoñako industria eta zerbitzu arloetako jarduera guztia. Antzik ez XVI. mendeko hazkundearekin edo XVII. mendearen amaieratik aurrera gertatu zen susperraldiarekin.

Errotetatik bi Boluetan zeuden eta Maria Legizamon andre ahaltsuarenak ziren. Erdi Arotik alderdi hura industria feudalaren eremua zen: olak eta errotak altxatu zituzten jauntxoen dorrearen eta ermitaren inguruan. Izena ere aldatu zitzaion: Otsoibai zena Bolueta bilakatu zen, bolu edo errota aldea alegia. Hirugarrena Azkaraikoa zen eta, Boluetakoak ez bezala, ez zuen Ibaizabaleko uren indarra erabiltzen. Artxandatik behera zetorren erreka xume batek eragiten zuen Azkaraiko errota. Hura ere handiki batena zen, Martin Ortiz Zornotzakoarena alegia.

Atxuri eta Zendeza

Tabernen eta harategien banaketak oso argazki zehatza ematen digute, alegia, auzorik populatuenak zeintzuk ziren jakin dezakegu. Begoñan harategi bi zeuden eta horrek esan gura du herri handia zela, elizate gutxik edukitzen zuen bat baino gehiago. Bada, harategi bi horiek Atxurin eta Zingirakalen (Zendezan, gaur egungo Sendeja alegia) zeuden. Biak ala biak Bilboko aldiriak ziren, Begoñako auzoak izatez baina praktikan hiribilduari begira hazitako errebal jendetsuak.

Bereziki Atxuri nabarmendu beharko genuke. Gizakunde komentuak markatzen zuen muga. Eliza Bilbon zegoen; komentua, ostera, Begoñan. Bada, Atxurin zeuden Begoñako bederatzi tabernetatik bost, egin kontu. Auzo jendetsua zen, duda barik, eta Bilborako sarbidea gainera. Gainera, herriko ostatu (agirian, “posada”) biak ere Atxurin zeuden.

Seigarren taberna Zingirakalen zegoen. Beraz, Atxuri eta, askotaz txikiagoa izan arren, Zingirakale, ziren Begoñako zerbitzu arloko jarduerak biltzen zituzten auzoak. Hiru taberna gehiago zeuzkan herriak: Agirleta/Santo Domingo aldean bat, Uribarrin beste bat eta, azkena, Santutxun. Hala ere, azken horrek ñabardura bat egiteko aukera ematen digu, agirian honela jaso zuten eta: “taverna de Santuchu de Achuri”, alegia, Atxuriri aitortutako barrutia, beharbada, guk gaur esango genukeena baino askotaz zabalagoa zen eta, hortaz, kontuz hartu behar dugu Atxurirako aipatzen den guztia.

Beste zehaztapen interesgarria: bederatzi tabernetatik bost emakumeen ardurapean zeuden: Isabela Benero (Zendeza/Zingirakale), Sebastiana Ametzola, Maria Perea eta Marina Ibarra (Atxuri) eta Isabel Nabeda (Uribarri).

Zigorrak

Lerin lizentziatuaren bisitak ondorioak ekarri zituen. Herriko fielei leporatu zien urtero, maiatza aldean, bideak, zubiak eta zaldainak ikuskatu behar zituzten arren, ez zutela egin eta, ondorioz, galtzadak nahikoa galduta zeudela, “en particular las de la Crucijada e Ybarysusi”.

Errotarien aurka ere jo zuen, Bizkaiko foruak agindutakoa baino gehiago kobratzen zutelako. Zehazki, gari anegako eta arto anegako bost libra jaso behar zuten laka edo ordainketa gisa, baina sei eta are zortzi librarekin gelditzen ziren. Errotarien ospea izan da hori mendeetan.