Deustuko lehenengo euskarazko kronika prentsan (1914)

Erabiltzailearen aurpegia Hektor Ortega 2017ko ots. 8a, 09:07

Deustua 1914ko martxoaren 20an sartu zen euskarazko kazetaritzaren historian. Egun hartan argitaratu zen aurkitu dugun herriko albisterik zaharrena. Euzkadi egunkarian agertu zen eta egileak 'Ibarrekolanda' sinatu zuen.

Deustua 1910eko hamarkadan.

 

PREST!ekoak ez dira euskaraz Deustuaz argitaratu diren lehenengo albisteak, ezta hurrik eman ere. Gure aurretik beste batzuk ere ibili ziren han eta hemen herriko kontuak euskaraz plazaratzen. Baina nor ote zen lehenengoa? Gaur eskura dauzkagun jakingarrien arabera, orrialde hauetara dakarguna.

Bizkaian euskarazko kazetaritza Resurrección Maria Azkue eta Ebaristo Bustintza Kirikiñorekin jaio zen 1897-1903 urte bitartean, Euskalzale eta Ibaizabal astekarietan hezurmamiturik. Orduan Deustuko kontu batzuk agertu ziren eta badakigu herrian bazegoena Euskalzaleren harpidedunik. Baina horietan ez dugu topatu Deustutik bidalitako kronikarik.

Euskalzale eta Ibaizabalen ostean, hurrengo urratsa Euzkadi egunkariaren eskutik heldu zen. 1913ko otsailean abiatu zen izparringi -garai hartako neologismoa- hartan erdara zen nagusi baina euskarazko atala ere bazegoen, Kirikiñoren ardurapean. Sail horretako testu asko berak egin zituen baina, gutxika-gutxika, herrietatik laguntzaileek bidalitako kronikak ere hasi ziren agertzen. Tolosa, Gernika, Mungia, Mutriku… Herrietako kroniken txoko hari ‘Euzko Abendaren Elez’ jarri zioten izena, alegia, euskal aberriaren elez edo berbaz. 1928 urtera arte eutsi zion mañaritarrak Euzkadiko euskarazko atalaren ardurari. Egunean-egunean egindako lan bikainari esker itzal handia eskuratu ez ezik, euskal kazetaritzaren erraldoi bilakatu zen Kirikiño.

Bada, atal horretan aurkitu dugu Deustutik bidalitako lehenengo euskarazko kronika. 1914ko martxoaren 20ko alean agertu zen eta izenburu, horixe bera jarri zioten, “Deusto'tik”. Hura baino lehen ez zen batere argitaratu, kronikako egileak berak horrela jaso zuen eta: berea baino lehen Deustutik “euzkerazko idazkirik” ez zen bialdu egunkari hartara baina “ezta ixan errijan euzkeldunik ez dagolako (Deusto, beste Euzkadiko erri gustijak lez beti ixan da euzkelduna-ta) onen ardurea inok artu” ez zuelako baino.

Egileak argi ikusi zuen Deustuko euskaldunak euskarazko albisteak behar zituela eta prest azaldu zen ardura hura bere gain hartzeko: “Egiz dirautzut eztala ixengo azkenengua begijen aurrian daukozuna, osasuna ba-dot”.

Euskara, galbidean

Kronikariak atzera be esan zuen Deustua, albo-herriak bezala “euzkeldun-euzkelduna zan len, orain ogeta-ama... urte emen danak ziran euzkaldunak”. Ezin da data zehatz irakurri, baina argi dago 32 eta 38 bitartekoa dela. Horrek 1880. urte aldera garamatza. Egilearen arabera, orduan zeharo euskalduna zen herria eta hurrengo urteetan hasi zen atzeraka gure hizkuntza. Dakigunarekin bat dator hori, 1890ko hamarkadan jaiotako deustuarren artean lehenengoz erdaldun hutsak topatu ditugu eta.

Euskara galtzeko arrazoietan, ostera, ez zuen sartu nahi izan. Horrelako saltsa-maltsetan murgiltzeak “astija galtzeko” baino ez zuen balio. Hala ere, bazeukan kontu horretan zer esanik eta ez zegoen prest ardura beste inoren lepoan uzteko. Euskararen galbidea Deustuan gertatu zen “jauntsobak edo kasikiak nagusi” izan zirenean. Bai, “gure arerijuak euki dabe erruba” baina “gu be errudunak”, idatzi zuen, euskararen alde ez egitearren, “geure berbetia” -euskara, alegia- “zapi loi bat balitz lez” baztertuta eduki izanagatik. “Begi onakaz ikusi dogu geure berbeta legunaren erailtzia”, errematatu zuen.

Garrantzitsua da hizkuntzari egindakoa zelan ikusi zuen: ez zen berezko endekatzea, erailketa zen. Baina garaiz zebiltzan gauzak artezteko: euskararen alde zirt edo zart egiteko sasoia zen. Urte haietan (1912tik aurrera) aldaketa gertatu zen Udaletxean. Jauntxoek (Zubiriako kondea-eta) herriaren kontrola galdu zuten. Jauntxokeria arrakalatu zuen EAJren hazkundeak. “Orain gu nagusi garala, biztuten ez badogu nori botako dautsogu erruba?”, galdetu zuen. Euskararen arloan aurreratzen ez badugu, gaineratu zuen, “orduban bai ixango dogula” galeraren erru guztia eta aurretik agintean egondako jauntxoen pare geldituko ziren.

Egilea, Ibarrekolanda

Ezin dugu ia ezer esan egilearen gainean. Sinadura gisa Ibarrekolanda idatzi zuen eta horrek, jakina, iradokitzen du alderdi horretako alaba edo semea zela. Euzkadi egunkariko atal horretako albiste ia guztiak ezizenez izenpeturik agertzen ziren. Horietako batzuk ospetsuak dira gaur egun ere: Kirikiño, Lauaxeta, Orixe...

Zoritxarrez, ez dugu Ibarrekolandaren idazki gehiago topatu, oraingoz. Ezin jakin osasunak huts egin zion ala idazteko aukera edo gogoa amatatu ote zitzaion.