Carlos Orue, ahotan gehien ibilitako alkatea (I)

Erabiltzailearen aurpegia Hektor Ortega 2017ko ots. 27a, 17:08

Begoñako alkateen artean zer esan handiena eman zuenetako bat Carlos Orue Olabarria izan zen. Oposizio latza egin zuen eta hari are gogorrago egin zioten. Baina horrez gain, nortasun handia erakutsi zuen kinka guztietan. Batzuetan, handiegia.

Zer esana eman du urriko BERTONen argitaratutako ‘Begoñako tranbian tiroka’ artikuluak. Irakurleak gomutan edukiko duen legez, 1916ko urriko egun batez tranbian auskan hasi ziren Carlos Orue alkate ohia eta Ernesto Bengoa enpresaria. Gaurkoan Carlos Orueren gaineko jakingarri gehiago dakartzagu, haren bizitzaren eta nortasunaren ideia bat emateko.

Lehenengo eta bat, zuzendu dezagun okerra. Esteban Cadarsok ohartarazi digu erratutako irudia argitaratu genuela. Orain, lerroon gainean daukazue benetako Carlos Orueren argazkia. Carlos Orue, Carlos María Orue edo Orue’tar Karla, izen horiekin aipatu baitzuten garai hartako prentsan, euskaraz edo erdaraz. Carlos María Orue Olabarria (1871-1934) familia karlista baten abaroan jaio zen. Aita, Juan Orue, Bizkaiko integristen burua izan zen XIX. mendearen amaieran. Jauregi dotorea zeukan Zabalbiden, Karmeloren aurrean.

Carlos gazteak zuzenbidea ikasi zuen Salamancan eta jaioterrira etorritakoan legegizon aritu zen. Gaztetatik lerrokatu zen katolizismo politikoaren aldera. 1899an Begoñako bake-epailea zen eta urte hartako uztailean herriko alkate izendatu zuten, aurretik zegoena, Feliciano Rekalde, kargutik kendu eta gero. Gutxienez lau urte egin zituen agintean, 1903ko amaiera arte alegia. Bitarte horretan Begoñako santutegiko erromesaldirik gomutagarrienak egin zituzten, 1900 eta 1903koak alegia.

Bigarren agintaldia 1914 eta 1916 bitartean egin zuen. Begoñako alkatetza laga behar izan zuen Rekaldek utzi behar izan zuen arrazoiaren ondorioz: auzipetu egin zuten. Orueri herriko diruak txarto erabiltzea leporatu zioten. Tranbiako borrokaldiko Ernesto Bengoa ibili zen bere kontrako mugimenduaren buru.

Herrian egindako karrera politikoan bilakaera ideologikoa antzeman daiteke, garai hartan bizkaitar askok egin zutenaren parekoa. Familia karlistaren kume, katolizismo politikoaren altzoan hasi zen eta urteak aurrera egin ahala, abertzaletasunera hurreratu zen. Euzkadi egunkarian bere nekrologikoan zehaztu zuenez, Begoñako Juventud Vasca (gaztedi jeltzalea) elkartearen sortzaileetakoa izan zen. 1910ean Donostian atxilotu zuten, katolikoek deitutako manifestazio debekatu baten inguruko iskanbiletan. Hala ere, udal hauteskundeetan ez zen inongo siglen babesean aurkeztu.

Bere garaian Begoñako udal politikan borroka latzak gertatu ziren, eta Oruerekin eta Rekalderekin gertatu bezala, ohikoa izan zen salaketen ondorioz kargua utzi behar izatea. 1905ean Antonio Elkanok laga behar izan zuen alkatetza, Oruek berak ezarritako salaketaren ondorioz.

Eulalia Abaituaren suhina

Carlos Orue 1900eko uztailaren 17an ezkondu zen Begoñan Carlota Olano Abaituarekin. Andregaiaren ama oso ospetsua da guretzat: Eulalia Abaitua argazkilaria. Olano-Abaituatarrak Begoñako jauregian bizi ziren, elizaren aurrean, garai hartan Palacio del Pino esaten zioten txalet dotorean, gaur IMQ dagoen eraikinean. Jabego hartako behealdean lursaila eman zieten ezkon-berriei. Han eraikiarazi zuten Carlosek eta Carlotak neovasco estiloko txaleta, Manuel Maria Smith arkitektoaren planoen arabera. Gaur egun Itsasoko Gizarte Institutuak darabil etxe dotore hori.

Etxe hartan taularatu zituzten gazte jeltzaleek Alfredo Etxabe eta beste egile batzuen antzezlanak. Eta Carlota Emakume Abertzale Batzaren inguruan eratutako Ropero Vasco elkartearen idazkaria eta lehendakaria izan zen.

Baina ezin amaitu lehenengo atal hau Maite Jimenezek Eulalia Abaituaren biografian jasotako jakingarri bitxi bat erantsi barik. “Carlos VII karlisten erregearen sasiko semea ei zen, jendeak hala zioen haren antza hartu ziolako, eta bataioa hots handiarekin egin ei zuten Bilboko Joan Deunen elizan urrezko txanponak bolo-bolo jaurtiz”. Argazkiari erreparatuz gero, zurrumurruak ulertzekoak dira.