Gaur deiadar horrek iragartzen du Bilboko mundu mundiala, garai bateko arrain-saltzaileak bezala, euskaraz datorkigula, oso-osorik. URIOLAren bidez euskaraz sartzen dira gure bizitzetan Bilbon gertatzen direnak, sortzen direnak, amesten direnak, izango direnak eta izan zirenak, direnak eta ez direnak.
Eta gaur oihu horrek aditzera eman nahi du URIOLArik ez dela izango guk ez badugu egiten. Horregatik ito arte deiadarka gabiltza XXI. mendeko arrain-saltzaileok, Bilbon euskaraz bizi nahian. Kalerik kale garrasi hori ozen egin ostean, zain egoten gara, artega, erantzunik etorriko ote den irrikaz. Laster hasi dira ahotsak han eta hemen: zegan dago? 25 euro urtean! Eman URIOLA bat, mesedez! Eta azpikogona altxatuta, hurrengo kalera goaz, aldarri betean: albiste freeeskuuuue!