Futbol zelaia, ikusleak aldatsean eta, atzean, bideaz bestalde, Etxezuri baserria.
Etxezuriko futbol zelaiak ehun urte bete berri ditu. Hobeto esanda, beteko lituzke oraindik izango balitz, zeren gaur egun Etxezuri esaten zaion zelaia, jakina denez, orain dela urte gutxi atondu zuten.
Zelai zaharra izena ematen zion Etxezuri baserriaren ondoan zegoen, bideaz bestalde. Gaur egun kanalaren erdian legoke, gutxi gorabehera, Arte Ederretako fakultatearen aurrean.
Bada hura izan zen Deustuko lehenengo futbol zelaia. Artean, futbol partiduak landetan jokatzen ziren. Herrian erabiliena Botikazarreko landa izan zen. Bertan jokatu zuten Deustuko talde gehienek XX. mendeko lehenengo hamarkadatik. Baina 1914tik aurrera herriko futbolaren egiturak sendotu ziren, lehenengo Unión Fortuna izenpean eta 1915etik aurrera SD Deustoren babespean. Klubak indarra hartu zuen baita Bizkaiko bigarren mailako txapelketa irabazi ere, 1916an. Entrenamenduak Botikazarrean egiten zituen baina partida ofizialak Errekalde zumardiko zelaian jokatu zituen, alegia, Club Deportivoren futbol zelaian. Hura Bilboko lehenengo zelaia izan zen. 1913ko martxoan zabaldu zuen Deportivok, Atheticek San Mames baino bost hilabete lehenago.
Beraz, futbola gorantz zetorren Deustuan eta klubak Etxezuri baserriko solo bat hartu zuen zelai gisa atontzeko. 101 metro luze eta 60 metro zabal egin zuten, ederto leundurik baina, kronika baten irakurri dugunez, zabaldu zuten egunean oraindik belarra gutxi hazita zegoen. Bidearen eta zelaiaren arteko lubanak harmailarena egiten zuen. Aldagelak baserriko beheko solairuan egokitu zituen klubak. Hala etxeko alderdi hori nola arloa alokairuan hartu zion Etxezuriko ugazabari. 1920ko hamarkadan bien trukean SD Deustok 1.360 pezeta ordaintzen zuen urtean.
Lehenengo partidua
Esan legez, urtarrilaren 28an jokatu zen lehenengo partidua Etxezurin. Egundoko ekitaldia izan zen. Bezperan Deustuko udal txistulariek kalejira egin zuten herria girotzeko. Partidua domeka arratsaldez jokatu zuten, zelaia mukuru beteta eta Deustuko musika banda bertan zegoela. Hiru eta erdietan Benito Santamarina herriko alkateak ohorezko sakea egin zuen, alboan klubeko lehendakari Jesus Muñoz Mendizabal zeukala.
Aurrez aurre ekipo bikain bi aritu ziren, nor baino nor gehiago. Alde batetik, Athletic, lehenengo ekipoko eta erreserba taldeko jokalariekin: Amezaga atean, Astorkia eta Allende atzean, Bourgeaud, Astorkia eta Cabieces erdialdean eta German, Sarasua, Salaberri, Laka eta Acedo aurrean. SD Deustoren aldetik, Urdangarin atezain, Luis Kortadi eta Martinez atzealdean, Egiluz, Duñabeitia eta Etxebarrieta zelai erdian eta Zelaia, Deprit, Zubizarreta, Viar eta Carmelo aurrealdean. Carmelo hura, zer esanik ez, geroago Athleticen jokatu zuen Carmelo Goienetxea zen. Egun hartan arerio izan zituen batzuk bere ondoan zeuden 1923ko Kopa irabazi zuen lehoien hamaikakoan, Acedo eta German Etxebarria, Maneras, kasu.
Deustuko partidu hura irabazi, Athleticek irabazi zuen, 4-2, baina lehenengo gola deustuarrek egin zuten. Zoritxarrez, ez dugu egilearen izena inon aurkitu. SD Deustok partidu ona egin zuen. Jose Maria Mateos kazetariak bere kronikan nabarmendu zuen deustuarren kalitatea eta argi idatzi zuen laster ikusi beharko zituztela lehenengo mailan: “ez nintzateke harrituko lehenengo mailan ikusten baditut, eta ez dakit ez ote nintzen beldurtuko”. Begi ona zeukan. 1918-1919 denboraldian SD Deusto Athleticen mailara heldu zen, Erregional Txapelketako lehenengo mailara alegia, garai hartako gorenera. Denbora gutxian, zelai berriaren bultzadaz eta belaunaldi bikain bat baliatuz deustuarrak erpinera iritsi ziren.