1937ko uztailetik aurrera Hego Euskal Herriko lau herrialdeak faxisten mende gelditu ziren. 1940tik aurrera, baita Ipar Euskal Herria ere, naziek bereganatu eta gero. Frantzian 1942an erresistentziak gerrilla taktikak erabiltzeari ekin zion. Maki izena eman zieten. Makiek eraso ugari egin zituzten alemaniarren eta kolaboratzaileen aurka, baita herriak eta are herrialdeak askatu ere.
Makietako asko atzerritarrak ziren, gehienak komunistak. Horietako atal handi bat Espainiako Errepublikako armadako beteranoak ziren. 1944tik aurrera, nazien gainbehera begi bistakoa bilakatu zenean, askok pentsatu zuten faxismoaren aurkako borroka Espainia frankistara ere eraman behar zela. Batetik, Espainian oraindik ere baziren errepublikaren aldeko gerrillari taldeak. Bestetik, antifaxista guztien ametsa zen aliatuen garaipenak Francoren diktaduraren amaiera ekarriko zuela.
Asmo horrekin, hala EAJk nola Espainiako Alderdi Komunistak unitate militarrak prestatu zituzten. Jeltzaleenak ez ziren inoiz ekintzara igaro, baina Resistencia Vasca izenpean propaganda eta sabotaje sorta bat burutu zuten. Ospetsuena Bilboko Areatzan Emilio Mola jeneralaren omenez paratutako estatua zartatu zutenekoa da, 1946ko azaroan. Errepresio bortitza eragin zuen.
Alderdi Komunistak, ostera, indar handia jarri zuen maki taldeetan. 1944-45ean ehunka lagun bidali zituen mugalarien laguntzaz maki taldeak indartzera eta berriak sortzera. Euskal Herrian baldintza eskasak ziren (ez zegoen mendialde malkartsurik, indar frankista ugariak alertan zeuden...) eta ahaleginak ez zuen sustrairik egin. Berehala atxilotu edo hil zituzten. Bizirik atera zirenak, atzera mugaz bestaldera joan edo Kantabriako mendietara jo zuten, hango gerrillariekin bat egitera. Hori izan zen Bilboaldean jardun behar zuen taldearen kasua. Makien ehizan Irungo komisario bat nabarmendu zen: Melitón Manzanas.
Makiak Bilbon
1946an, ostera, bigarren ahalegina egin zuen Alderdi Komunistak Bilboaldean. Maki multzo bat Kantabriako mendietatik Bizkaira itzuli eta Galdamesko Uraiaga haitzuloan eta inguruetako meatzetan babeslekua eratu zuen. Bilbon bertan, Basurtu gainean, beste kobazulo bat atondu zuten. Victorio Vicuña lasartearraren agindupean, sei bat gizoneko taldeak borrokari ekin zion 1946ko maiatzean: besteak beste, Karrantzako tren geltokian hiru bagoi erre, falangista bati armak kendu eta Balmaseda aldean argi-zutoinak eraitsi zituzten.
Maiatzaren 14an Loiun banku lapurreta egin zuten baina ihes egitean poliziarekin tupust egin eta tiroketan Antonio Carballo gerrillaria hil eta Mateo Obra atxilotu zuten. Gainerako gerrillari biak, Manuel Fernandez Miñon eta Saturnino Lopez, Basurtuko koban babestu ziren. Hurrengo egunetan laguntzaileak jakinaren gainean jartzera joan ziren makiak. Muskizen, Trigueros familiaren etxean zeudenean, sei polizia azaldu ziren. Vicuñak tiro egin eta polizia bi eraitsi zituen. Gainerakoek ihes egin zuten eta gerrillariak bigarrenez onik irten ziren.
Boluetan
Hurrengo egunetan, antza denez Vicuñaren aginduei jaramonik egin barik, Miñon eta Lopez Bilbora jaitsi ziren, polizia bat hiltzeko asmoz. Kaleetan barrena ibili ziren baina ez ei zuten topatu. Diktaduraren indar guztiak alertan zeudenez, inon susmoak piztu zituzten eta azkenean Guardia Zibilarekin tiroka eginez ihesari ekin zioten. Alferrik, ostera, atxilotu zituzten eta.
Ez dago jakingarri askorik ekintza horren gainean, baina Agrupación Guerrillera de Euzkadik emandako bertsioaren arabera, Bolueta aldean harrapatu zituzten: “Uztailaren 4ko gauean Bilboko kaleetan tiroketa bortitza gertatu zen gerrillari talde baten eta Guardia Zibilaren artean. Gerrillariek heroitasunez eutsi zieten kopuruz gehiago ziren indar zapaltzaileei eta ondoren Boluetara erretiratu ziren eta hango etxe baten babestu, gerrillarietako bat zaurituta zegoen eta. Ausart defenditu ostean, indar frankistek preso hartu eta modu basatian torturatu zuten deklarazioa eman zezan”.
Horra hor gerrillarien parte ofiziala. Beste leku batzuetan, informazioa nondik datorren argitu gabe, Txurdinagako etxe baten babestu zirela irakurri dugu. Edozelan be, harrapatu egin zituzten. Eta parteak gauza batean behintzat egia hutsa esan zuen: Manuel Fernandez Miñon erruki barik torturatu zuten, lehenago Mateo Obrarekin egin zuten bezala.
Hura izan zen gerrillari taldearen amaiera. Vicuña eta Saturninoren anaia Eduardo Kantabriako mendietara joan ziren borrokari eustera. Poliziak laguntzaile eta Alderdi Komunistako kide andana atxilotu zituen. Gerrillariak eta laguntzaileak Larrinagan espetxeratu zituzten.
1949ko otsailean Garellanoko kuartelean epaiketa militarra egin zieten. Astegarrenean sententzia eman zuen, harrigarria: Manuel Obrari zazpi heriotza zigor; Saturnino Lopezi zortzi. Manuel Fernandez Miñoni ere heriotza zigorra ezarri zioten eta Florencio Oceja eta Hilario Arizaga laguntzaileei hogeina urteko kartzela zigorra. Miñon torturen ondorioz hil zen, heriotza zigorra gauzatu aurretik. Uztailak 4 zituen goizeko 6etan Derioko kanposantuan polizia multzo batek Saturnino Lopez eta Mateo Obra fusilatu zituenean.