Bizkaiko Gor-mutuen eskola Deustura ekarri zuten 1891n. Hiru urte geroago ikastetxe berri eta dotoreko lehenengo harria jarri zuten, Basabe auzoan. Diruaren zati bat burges aberatsek jarri zuten, paternalismoa praktikatzearren, baina herrialdeko erakundeek, bereziki Aldundiak eta Bilboko Udalak, babes ekonomiko handia eman zuten. Ikastetxe berriak ateak berehala ireki zituen arren, lanek luze jo zuten, 1909an amaitu zituzten eta, Ricardo Bastida arkitekto ospetsuaren aginduetara. Bertan ume gor-mutuak edo itsuak hartu zituzten. Bizkaiko herri guztiek eduki zuten neska-mutilak ikastetxera bidaltzeko aukera, beti ere gastuen zati bat bere gain hartuz gero.
Ikastetxearen misioa zen ume haiek ahalik eta ondoen prestatzea bizimodua atera ahal izateko. Itsuen kasuan, arlo bi jorratzen zituzten nagusiki: Enseñanzas literarias batetik eta profesionalak bestetik. Azken horiek ziren: abarkagintza (abarketak konpontzeko edo egiteko lantegia zegoen) eta musika. Jakina da itsuek musikarako dohain itzelak eduki ohi dituztela. Lege Zaharrean, asko eta asko ziren kalean musika tresnak joz (zarrabeteak, esate baterako) bizimodua ateratzen zutenak.
Musikari izateko piano, organo, gregoriar kantu, solfeo, armonia, konposizio, txistu eta atabal eskolak hartzeko aukera zeukaten. 1917an Mariano Ciriquian Gaiztarrok elkarrizketa egin zion ikastetxeko zuzendari Salvador Fusterri. Ikastegiko buruak aitortu zuen ume itsuen gustuak musika aldera makurtzen zirela: “Ia denek musika nahiago dute, atal desberdinetatik: organo-joleak, piano-joleak, txistulariak eta batzuek eskolak ematen dituzte”.
Elkarrizketa hartan bertan, Fusterrek ikastetxetik igarotako musikari batzuen berri eman zuen: Gordexolako eta Areetako txistulariak, adibidez, edo pare bat organo-jole. Guk kasu gehiago aurkitu ditugu, adibidez Victorio Luzarraga, 1909an Leioako organo-jole eta txistularia zena. Eta Aingeru Bergicesek bere tesian jaso zuenez, itsuak ziren, halaber, Pedro Abaitua Berrizko txistulari eta organo-jolea eta Anastasio Gondra, kargu bi horien ardura eduki zuena Forun.
Berguicesek berak Deustuko ikastetxetik ateratako beste musikari itsu batzuk aipatu zituen. Adibidez, 1899an, ikasleek San Mameseko kaperan eman zuten meza kantatua, “con armonium, flauta, violín, violoncello, contrabajo e intrumentos pastoriles, coro y solos”. Edo Formerio Laorden, Juan Torrano, Jose Alonso, Tomas Garmendia eta Perfecto Fernandezek osatu zuten Quinteto Bilbaino, kalean eta plazetako erromerietan jotzen zuen talde ospetsua.
Gor-mutuen dantza taldea
Musikariak prestatzeaz gain, Gor-mutuen Ikastetxeak txistulari taldea eduki zuen. 1908ko iraileko 23ko El Nervión egunkariak Bilbon egindako eskolen arteko jai baten berri eman zuen. Zezen-plazan egin zuten eta, kronikan jaso zutenez, sari-banaketaren ostean “se verificó el aurresku infantil, número verdaderamente delicioso en el que alcanzaron un éxito colosal los chistularis y tamborileros del Colegio de Sordo-mudos y ciegos de Vizcaya”.
Novedades aldizkariak 1911ko urtarrilean plazaratu zuen Deustuko ikastetxearen gaineko erreportajea eta bertan ere txistulariak prestatzen zituztela jaso zuten.
Ezin izan dugu zehaztu noiz arte izan zen Gor-mutuen Ikastetxea musikarien harrobia. Baina gu harritzeko gaitasuna ez zuen horretan agortu. 1976an Txistulari aldizkarian agertutako erreportajeak Deustuko gor-mutuen dantza taldea ekarri zuen hizpide. Musikarik entzun barik be polito egiten zuten dantzan neska-mutil haiek, “ohiko talde askok ez daukaten maisutasunaz”, artikulua sinatu zuen “Mikel Aingeru Aztizko Zarra”ren iritziz. Taldeko zuzendari Juan Calvo nafarra aritu zen.
Eta are gehiago. Doinurik entzun beharrik ez izan arren, jakina, dantzaldiak txistulariekin egiten zituzten. Eta nork jotzen zuen txistua? Sor Maria de los Angeles moja. Burgostarra zen lekaime hura jaiotzaz baina ikastetxean zerbitzatzen zuen eta beharrizana sortu zenean bera arduratu zen txistuaz. Garai hartan Boni Fernandez handiarekin batera jo ohi zuen Deustuko ikastetxeko gor-mutuen dantzaldietan.
Sor Maria de los Angeles eta Boni txistua jotzen. Argazkia: MAA/Txistulari aldizkaria