Gerrek zazpi zoritxar, hilketa, sufrikario eta suntsipen ekarri ohi dituzte aldean, baina baita, lantzean behin, mirariren bat edo beste. Mirari garbitzat jo dezakegu 1937ko urtebarri egunean jaio eta 139 egunez argia ikusi zuen Eguna, euskara hutsezko lehenengo egunkaria. Bilbon sortu zen, EAJren babesean, lau kazetarien ardurapean: Augustin Zubikarai, Eusebio Erkiaga, Jose Mari Arizmendiarrieta eta Alejandro Mendizabal. Baina horiek erredakzioa osatu bazuten ere, kolaboratzaile sare zabala ehundu zuten. Besteak beste, bertan argitaratu zuten Errose Bustintza edo Julene Azpeitia bezalako idazleek. Proiektua hauspotzen Estepan Urkiaga Lauaxeta ibili ei zen. Bilbo frankisten mende jausi zenean eten zen Egunaren ibilbidea, orain dela 80 urte.
Bada, lehenengo alean bertan, laugarren orrialdean, “Gentza” (bakea) izenburupean, Olabeagatarra ezizenaz sinatutako artikulua agertu zen. Harrez gero, kolaboratzaile hark sei bider gehiago argitaratu zuen Eguna-n, azkena 1937ko martxoaren 20ean. Etenaren arrazoia nahikoa garbia da: bere kroniketan aitortu zuen bezala, Olabeagatarra gudaria zen, Mungia batailoiko Atzueta konpainiakoa, eta martxoaren 31tik aurrera faxistek Bizkaia bereganatzeko ofentsiba luzeari ekin zioten. Gudariak ez zuen izan ez astirik ezta modurik ere, kolaborazioak idazteko.
Berriatuan
Kronika guztietan guda kontuak ageri badira ere, gehienetan beste arlo bat ere jorratu zuen. Ez zen gerra bakarra, gerra bi ziren. Bata, faxismoaren aurkakoa. Bestea, euskal gogoa (hizkuntza, ohiturak...) suspertzeko, arrotzen mendean desagertzeko arriskuan zegoen eta. Bereziki euskara eduki zuen gomutan eta ernegatuta zebilen erdarazko berbaroa eta kantuak zeuzkalako inguruan frontean.
Zein zen guda-oina? 1936ko abenduan Mungia batailoia Lekeitio aldera eraman zuten, Ondarroa eta Berriatua aldeko frontea babestera. Faxistek Ondarroa bereganatu zuten eta Berriatua armada bien artean zegoen, alde batean antifaxistak, Mola jeneralaren indarrak bestean. Eguna-n plazaratu zuen azken artikuluak “Eun ta ogei egun guda-oñetan” zeukan izenburu eta bertan kontatu zituen fronte hartako gorabehera batzuk. Besteak beste, Itola, Asterrika eta Anakabe aldean jardun zuten.
Lau hilabete han eman ostean, tropa berriak heldu ziren eta Mungia batailoia erretiratu egin zuten. Frontetik bueltan zetorrela, “gomuta bat etorri yatan burura, neure gogua itun itun jesarririk. Abestika juan ta abestika etorri, baina juan gintzazan guztiak gentozan? Ez, tamalez”. Eta galdutako burkideak aipatu zituen: “Itola eta Asterrika euzko odolaz gorritu da. Antxe jausi ziran Galindez, Urrutia, Atxalandabaso, Elorriaga... geu lez abestika juan ziranak”.
Olabeagatarra nor zen
Ezizenaz sinatuta egonik, nahiko gaitza izaten da artikulu askoren benetako egileak nortzuk ziren argitzea. Horixe gertatu zen Olabeagatarrarekin. Harik eta 1990ean Eusko Jaurlaritzak Egunako ale guztien argitalpen faksimilea plazaratu zuen arte. Egunaren gaineko ikerketa eta lekukotzak ere bildu zituen liburu hark eta bertan hipotesia planteatu zuten: Olabeagatarra ez ote zen izango Iñaki Olabeaga salletar anaia eta euskal idazlea (1901-1983).
Hipotesia ustela zen, baina hari esker atera zen argitara benetako egilea. Joseba Agirreazkuenaga historialariak helarazi digu edizio faksimileko arduradunek orduan jaso zuten oharra. Bertan egileak Olabeagatarra bera zela azaldu zuen: “Olabeagatarraren benetako izena edo jaubea Jose Andres Idigoras da, ni neroni”. Sinatu, Joseba Ander Idigoras sinatu zuen. Eta ezizenaren nondik norakoa ere argitu zuen: “Neure izenordearen jatorria argi ta berezko da. Begira: Olabeaga Bilbo'ko auzoan jaio ta gaztaro guztian bertan bizi nintzan. Orregaitik gudaritzan, guda-oñetatik (bake-aldietan) Egunari bialdu neutsozan idazlanetan Olabeagatarra izenordea erabili neban”.
Gutuna 1990eko irailaren 17an datatu zuen eta bere helbidea ere jarri zuen: Deustuko Blas de Otero kalean bizi zen.