Begoñako Udaleko azken txistularia izan zen Martin Elola Berasategi. Horregatik bakarrik mereziko luke haren izena gomutan gordetzea. Baina hori baino askotaz gehiago izan zen: musikari bikaina, txistulari aparta, maisu eta zuzendaria, txistu-egilea, aitzindaria arlo askotan… Testu honetan haren bizitzaren gaineko jakingarri batzuk emango ditugu.
Idiazabalen jaio zen Martin Elola Berasategi 1867an. Hala ere, lehenengo arrastoak Zumarragan utzi zituen. Oso gazterik, hogei urte bete barik, Zumarragako udal txistulari bandaren zuzendari bilakatu zen. Kargu horretan hogei urte egin zuen, 1887-1908 bitartean alegia. Pablo Gorosabel historialariak nabarmendu zuenez, lan handia egin zuen Antiguako ermitan uztailaren 2an dantzatzen zuten ezpata-dantzari eusteko, sasoi hartan galtzear zegoen eta.
1888an ezkondu zen Eustakia Albisurekin eta gutxienez hamar seme-alaba eduki zituzten. Txistu txapelketetara sarri aurkeztu zen eta sari ugari irabazi zuen. 1889an, esate baterako, diploma jaso zuen Donostiako Lore Jokoetan, irabazle atera zen Demetrio Muxikaren atzetik. Hamar urte geroago, Bilboko Lore Jokoetan, Elolak lortu zuen txapela, Muxika hirugarren utzita.
Urte haietan Zumarragako txistulariak eta bere taldeak ospe handia lortu zuten. Leku askotatik deitzen zituzten. Itzal handi hari esker lorratza utzi dituzten saltsetan murgildu zen. Adibidez, 1905ean Gramophon Companyko ingeniari batek musika grabazioak egin zituen Donostian. Inaxio Lopez de Aranak Argian emandako datuen arabera, 30 fonograma egin zituen ingeniariak eta jotzen eta kantuan Donostiako Udal Banda, Donostiako Orfeoiko kide bi eta Martin Elola aritu ziren. Grabazio haietatik galdu ez den disko bakarra, hain justu, Martin Elolaren fandango bat da. Eresbilekoek gorde dute, baita interneten jarri ere, nahi duenak entzun dezan. Hori da gorde den txistu grabaketarik zaharrena.
Resurreccion Maria Azkuek ere Martin Elolarengana jo zuen bere euskal kantutegirako materialak batzen hasi zenean. Bere errepertorioko pieza batzuk hartu zituen, “Fandango con variaciones” eta “zortziko”, gutxienez. Bietan Elola aipatu zuen. Lehenengoan honakoa idatzi zuen: “Se la oí tocar entera y aún le sobraban bríos”. Doinu gaitza eta luzea zen eta Elola horrelakoak bikain jotzeko dohainen jabe zen, trebezia eta sasoia zeukalako. Eta bigarrenaz, Antiguako ermitan dantzatzen den zortzikoaz alegia, ondokoa idatzi zuen: “De Martín Elola, tamborilero que fue de Zumárraga (G) cuando me la dio a conocer. Poco después vino a Begoña. Fue de las primeras melodías que anoté en mis borradores”.
Begoñan txistulari
Bai, Zumarraga utzi eta Begoñara etorri zen Elola. 1908ko azaroaren 2an hamabi hautagai azaldu ziren Begoñako eskolan egin beharreko oposizio-frogara. Epai-mahaiak (tartean ziren Aureliano Valle konpositore eta organo-jolea eta Rogaciano Arzuaga txistularia) Martin Elola hautatu zuen. Harrez gero, Begoñako txistularia izan zen, harik eta Bilbok 1925ean Begoña bereganatu zuen arte. Horren ostean eta hil arte, Bilboko udal txistularia.
Begoñan txistulari aritu zen urteetan herriko ekitaldi nagusi guztietan agertu zen. Ama Birjinaren bederatziurrenean, goizeko zortzietako meza amaitutakoan, kontzertu laburra eman ohi zuen. Eta kalejiran ibiltzen zen, adibidez, San Isidro egunean baserritarrekin batera, Sindikatutik elizara. Gorde diren argazkietan beti ageri da txapela eta tximeleta-begizta jantzita. Seme Enrikek sarritan lagundu zion, umetan atabalari eta gero txistulari.
Euskal Herriko Txistulari Elkartea sortzeko lan egin zuenetakoa izan zen. Berak proposatu zuen eratze-batzarra Arraten egitea (1927).
Bestelako saltsetan ere nahastu zen. 1915eko urriaren 14an, esate baterako, Bilboko Club Deportivok antolatutako pregoilari txapelketa irabazi zuen. Biharamunean, Bilboko kaleetan irakurri zuen pregoia, euskaraz eta erdaraz.
1934ko abenduaren 8an auto istripu bat gertatu zen Epaltzaren alargunaren kalean, Bilbon. Zauritutakoa, larri, Basurtuko ospitalera eraman zuten. Martin Elola zen. Zaurien ondorioz hil zen, 1935eko urtarrilaren 17an. Bera orduan desagertu zen baina bere gomuta eta musika gurekin dago: http://www.eresbil.com/web/txistu/Pagina.aspx?moduleID=2514&lang=eu