Azken juizioko eguna, gaur duela 300 urte

Erabiltzailearen aurpegia Hektor Ortega 2018ko ira. 5a, 09:13

1718ko irailak 5 zituen. Bilbo aldean zerua suz estali zen, kaleak kez eta deiadarrez bete ziren, kantoiak odolez eta malkoz. “Bazirudien azken juizioko eguna heldu zitzaigula”, idatzi zuen lekuko batek. Mundua iraulita zegoen. Handikien negar-zotinak eta txikien aginduak entzuten ziren. Matxinadaren orduak jo zuen gaur bezalako egun batez, dela 300 urte.

Aurreko urteetan giroa nahikoa mikaztuta zegoen Bizkaiko erakundeen eta Bizkaiko Jaunaren artean. Felipe Anjoukoaren, alegia, Espainiako koroa eskuratu zuen lehenengo Borboitarraren agintaldiko marka zentralizazioa izan zen. Aragoi eta Herrialde Katalanetako foruak erauzi eta Gaztelako legeak ezarri zizkien. Hego Euskal Herriko herrialdeen foruek iraun zuten indarrean, besterik ez. Eta, hala ere, esan legez, giroa eskasa zen, gutxienez 1714tik. Felipe V.aren gobernuak tabakoaren kontrabandoaren aurkako neurriak hartu zituen eta, langintza horretan, foruak urratu zituen. Bizkaiak erantzun irmoa eman zuen (batzar nagusiak matxinatzekotan egon ziren) eta tentsioa gori-gori paratu zen. Baina orduko hartan ez zen lehertu.

 

1717an, ostera, erabaki ausartagoa hartu zuen. Ikusita Bizkaiak ez zuela onartzen tabakoaren aurkako bere politika eta ez zuela kontrabandoa galarazten, lau herrialdeak Espainiako merkatu nazionalera batzea erabaki zuen, foruak urratuz. Alegia, artean Gaztelako mugan (Urduña, Balmaseda...) zeuden aduanak kostaldera ekarri zituen. Neurri horrek ez zeukan ageriko babesik Bizkaian, baina handiki eta merkatari aberatsenetako askok begi onez ikusi zuten, tabakoaren kontrabandoaz aberasten ziren merkatariei kalte egingo zielakoan. Lekuko batek esan zuenez, sasoi hartan Ibaizabaleko itsasadarreko errotetan ez zen ehotzen tabakoa baino, egin kontu.

Gainerako gizarte-sailek, ostera, ez zuten inondik inora onartu nahi. Merkatari eta jabe ertainek erakundeetatik galarazi nahi izan zuten aduanen lekualdatzea. Ez zuten lortu. 1718ko martxoan abian jarri zuten sistema berria. Guardak ekarri zituzten Bilbo, Bermeo eta Portugaletera. Horrek herritarren erantzuna eragin zuen. Haientzat hornidura arazoa zen -aduanetako arantzelek prezioak garestitzen zituzten-, baina, batez ere, bizkaitar libreen eskubideen aurkako erasoa. "Petxero egin nahi gaituzte", salatu zuten. Uda hartan isilpeko batzarrak egin zituzten Deustuan, Begoñan eta Abandon. Eta sua irailaren 4an piztu zuten. Begoñan elizateko kontzejua batu zen eta aduanen kontua jorratu zuen. Aduanak kentzea erabaki zuen eta, helburu hori lortzeko begonar gizonek Bilbora jaistea pentsatu zuten, Korrejidoreak dekretua sina zezan. Honek esan zuen lehenengo ahaldun nagusiak izenpetu behar zuela. Bila joan ziren begoñarrak, herriko fiela (alkatea) buru eta eskribau batekin, dena legezkoa izan zedin. Baina Enrique Arana ahaldun nagusiak ez zuen sinatu nahi izan, destainaz tratatu zituen herritarrak eta teilatutik ihes egin zuen.

Herritarrek eztanda egin zuten. Bere etxeko ondasunak leihoetatik kalera bota eta, bertan, Belostikalen, su eman zieten. Ondoren, handiki batzuen bila joan ziren, aduanen lekualdaketan arduradunak zirelakoan, “aberriari traizioa” egindakoak. Batzuk preso laga zituzten San Antongo elizan, parrokoaren ardurapean. Haien etxe eta sotoetako ondasunak kalera atera eta su eman zieten. Ordurako begoñarrak ez zeuden bakarrik, abandotarrak eta deustuarrak ere agertu ziren, aurretik adostuta zeukaten bezala, antza denez. Bilbotarrak ere tartean aritu ziren, emakumeak nahi gizonak. Handiki eta aberatsek erresistentzia antolatu nahi izan zuten baina ezin.

Ahaldun nagusia hil

Irailaren 5ean Galdakao eta Arrankudiagatik Getxorainoko herri gehienetako gizonak agertu ziren Bilbon, matxinatuta, aduanak kentzeko dekretua eskuratzeko asmoz. Orduan Korrejidoreak ez zuen izan arazorik nahi beste dekretu sinatzeko, ezta Arana ahaldun nagusiak ere. Baina horrek mesfidantza piztu zuen herritarren artean. Arana ezkutalekutik aterarazi zuten eta Areatzan, denen aurrean, dekretua sina zezala eskatu zuten. Horretan ziharduela, jakin zuten bezperan, isilpean, gutuna igorri zuela Madrilera armada bidaltzeko eskatuz. Herritarren amorruak goia jo zuen. Hantxe bertan hil zuten.

Hurrengo orduetan Bilboko eta inguruetako herrietako handikien, merkatarien eta haien jabegoen kontra jo zuten matxinoek. Lazgarriena Atxurin gertatu zen. Guardien etxeei su eman zieten, haien buruzagia hil egin zuten eta berarekin batera, baita Vargasko markesaren suhia ere.


Irailaren 6an bilbotar aberatsek milizia armatua osatu zuten haien pertsonen eta jabegoen defentsarako. Ez zen eraso gehiago izan Bilbon. Matxinada orduan Portugalete, Bermeo, Lekeitio eta beste herri batzuetara zabaldu zen. Eta erreboltak indarrean iraun zuen errege armada azaroaren 11n Bilbon sartu zen arte.

 

Orduan errepresioaren orduak jo zuen. Matxinoen exekuzioak (hamasei hildako), erbesteratzeak, espetxe zigorrak ... 1722an aduanak Gaztelako mugara itzuli ziren eta Hego Euskal Herriko lau herrialdeek haien askatasunak berreskuratu zituzten.

 

Ohar bi, amaitu orduko. Batetik, EP Thompson historialariak nabarmendu zuen bezala, matxinadak haustura latza ziren arren, matxinatuek legea alde zeukatelakoan jardun zuten, sarritan agintariak eta eskribauak ondoan eduki zituzten, eta arpilaketak oso neurri txikikoak ziren erreboltaren dimentsioa kontutan hartuta.

 

Bestetik, 1718ko matxinada hura euskaraz gertatu zen, Bilbo hura hiri euskalduna zelako, matxinada beraren lekukotasun idatziek nabarmentzen duten bezala.