Ez da erraza bertsolaritzaren historia egitea. Euskara berez ia ikusezina izan da administrazio eta erdarazko prentsa nagusiarentzat gure historia ia guztian. Are ikusiezinagoa, herritar xeheen gustuko denbora-pasa errimatuaren lanabes bihurtzen zenean. Zerbait okerragoa izan ez bada, gaitz erdi. Horren ondorioz, gaitza zaigu gaur egun bertsolarien arrastoen bila arrakastaz jardutea. Hala ere, XIX. mendearen amaieratik aurrera haien jardunaren gaineko aipuak agertzen hasi ziren euskal prentsan. Horri esker zerbait esateko moduan gaude.
Badakigu jakin gure inguruan bertso eta kopla zaletasuna nahiko zabalduta egon zena gutxienez XVIII. mendetik aurrera. Bilbon euskarazko bilantzikoak argitaratu zituzten mende horren erdialdean eta amaieran, baita XIX. mendearen lehenengo herenean ere. XX. mendearen hasieran Leioa, Getxo edo Erandion bertsozaletasun handia zegoela ematen du. Urtero saioak izaten ziren jaietan, lehiaketak ere eratu zituzten eta, jakina, herri horietan bertsolariak sortu ziren. Bereziki indartsua ei zen erandioztarren bertso gosea.
Deustuan albiste askoz gutxiago aurkitu dugu, baina izan badira. Bertso-saiorik zaharrena 1907ko irailaren 22an aurkitu dugu. Domeka zen eta, Bizkaiko abelgorrien lehiaketa egitekoa zela aprobetxatuz, Deustuko Udalak egitarau zabala prestatu zuen frontoian. Goizeko hamar eta erdietatik aurrera, herriko musika bandaz giroturik, aizkolarien arteko lehia, pala partidua eta, amaieran, “terminará la fiesta con un gran concurso de versolaris en el que tomarán parte los famosos hermanos Embeitia”. Nortzuk ziren haiek? Enbeitatarren artean ospetsuena Kepa Enbeita Errenteria, Urretxindorra, (1878-1942) dugu. Bizkaiko bertsolarien izarra izan zen XX. mendearen hasieran, baita Enbeitatar bertsolari dinastiaren sorburua ere. Bertsotan jendaurrean 1902 urte aldean hasi zen eta laster irabazi zuen plazagizon trebearen fama, batez ere Getxon jokatutako saio baten gipuzkoar bertsolarien aurrean erakutsi zuen mailagatik. Baina nor ote zuen anaia bertsolari? Bertsolaritzaren historian arakatuta, duda gutxi: Imanol Enbeita (1884-1946). Anaia gazteak urte batzuk eman zituen bertso-plazetan. Ondoren, paperera mugatu zuen bere jarduna. Zelan joan zen Deustuko saio hura? Bilboko El Nervión egunkariak argitaratu zuenez, “los versolaris Embeitia hicieron las delicias de los amantes de las improvisaciones en euskera”. Ederto, beraz.
Begoñako Betolaza
Kepa Enbeitak sarritan kantatu zuen EAJk antolatutako jaialdietan, batzuetan anaia Imanolekin. Honek plazak utzi zituenean, beste batzuekin jardun zuen. Horietako bat izan zen Txomin Betolatza Karkamu. Begoñakoa zen Betolaza eta bertsolari 1909 eta 1930 bitartean ibili zen, gutxienez. Urretxindorrak eta Betolazak elkarrekin kantatu zuten, adibidez, Lezaman, 1910eko urriaren 21ean, jeltzaleen ekitaldi baten. Egun hartakoa da testu honekin ageri den argazkia. Novedades aldizkariak honela aurkeztu zituen bertsolariok: “los afamados bersolaris don Pedro de Embeita y don Domingo Betolaza”.
Bada, 1915eko San Ignazio egunaren inguruan, Deustuko batzokiak ekitaldi euskaltzalea antolatu zuen. Euzkadi egunkarian irakurri dugunez, Aramaioko Txomin Guruzetak berba egin zuen batzoki bete jenderen aurrean. Entzuleek gustura hartu zuten haren mezua, txalo sortaz sarituz. Ondoren, “nos hizo pasar un rato alegre el afamado bertsolari Betolaza, el cual con sus improvisaciones consiguió a su vez hacerse aplaudir”.