Inoiz aitatu dugu txoko honetan Marcus Rediker eta Peter Linebaughen La hidra de la revolución liburu zoragarria. Historia saiakera horretan, XVII eta XVIII. mendeetan Atlantikoaren ertz bietan eta uretan osatu zen proletalgoaren berri eman zuten, aurretik inork ikusi ez zuen langileria. Horretan ezaugarrienak, beharbada, marinelak ziren, lan-indarra soldata baten truke saltzera behartuak. Mendeak aurrera egin ahala ontzietan gero eta diziplina gogorragoa ezarri zieten, geroagoko fabriken aurrekari.
Euskal Herria ere Atlantikoaren hegian dagoenez eta gure portuak merkataritza eta harreman sare trinko horretako partaide aktiboak izan ziren neurrian, euskaldunak ere murgilduta zebiltzan. Portugalete eta Olabeagako portuetara, kasu, Virginia, Frantzia, Ingalaterra, Holanda, Portugal eta beste leku askotako ontziak heltzen ziren, eta gureak ere hara joaten ziren.
Adibidez, Bilboko Fortuna ontzia 1756ko apirilean. Orduko hartan Thomas Morphy irlandarrak eskifaia kontratatu zuen bere ontzirako. Jose Mentxaka jarri zuen kapitain, Juan Antonio Dañobeitia kontramaisu, eta Manuel Antonio Karrera, Francisco Uribarri, Jose Barañano, Bautista Uriarte eta Frantzisko Uriburu marinel. Ez dakigu eskifaia osoa ote zen, baina agirietan ez zuten beste inor aitatu. Itsasgizon guztiak, Bilbo eta Deustukoak.
Kontratuan soldatak zehaztu ziren (hilean 13 peso kapitainarentzat eta 9 peso marinelentzat), baita ontziak egin beharreko bidaia ere: Portugaletetik Bordelera eta bertatik Dublinera. Behin Irlandako hiriburuan, bidaia luzatzea adostu ezean, eskifaia Bilbora itzuliko zen. Eta zehaztapen garrantzitsua: soldatak ordaindu behar zizkioten ontziratuko ziren egunetik Bilbora itzuliko ziren egunera arte.
Fortunak haizea alde eduki ei zuen eta onik egin zuen Bordele eta Dublinerainoko bidea. Ez dakigu zer merkantzia zeraman. Kontua da behin Dublinen, ontziko jabeek, ordura arte egindakoa ordaindu beharrean, bidaia Cadizeraino luzatzeko proposatu ziotela eskifaiari. Gizonetako gehienek onartu zuten, baina denek ez, Frantzisko Uriburu Dublindik Bilbora etorri zen eta. Fortuna arazo barik heldu zen Cadizera. Han ere ontzian jarraitzeko proposamena egin zieten gizonei, itxura baten Mediterraneo aldera, baina hauek muzin egin zioten eskaintzari, “por temor del moro turco”. Orduan ordaindu zizkioten soldatak, merkatari espainol baten eskutik.
1757ko martxoan Cadizen lehorreratu ziren gizonak (Dañobeitia, Barañano eta Uriarte) oinez itzuli ziren Bilbo eta Deustura, ez zeukatelako zalgurdiak ordaintzeko lain. Pentsa liteke zelako ibilbide luze eta latza egingo zuten. Behin Bizkaian, kontratuan esandakoari jarraituz, eskabidea aurkeztu zuten Cadiztik etxerainoko denborari (hilabetea) zegokion soldata eta bidaian egindako gastuak (jatekoak, batez ere) eskatzeko. Eta hor etorri zen ezustea.
Hura ez zen Fortuna
Marinelek zegokien auzitegian aurkeztu zuten eskabidea, Bilboko Kontsulatuaren auzitegian alegia. Eta dirua Domingo Errekakoetxea merkatariari eskatu zioten, berak kontratatu zituelakoan, Thomas Morphyrekin batera. Auzitegiak ere horrela ulertu zuen eta, horren ondorioz, luze gabe zorra ordaintzeko agindu zion Errekakoetxeari. Baina honek ezetz. Eta bere ezetza argudiatzeko, isilpeko jokaldia erakutsi behar izan zuen.
Honela azaldu zuen idatziz: “Auzi honen egia da Morphy ontzi baten kapitain abiatu zela Dublindik Bordelera, bere karga eta eskifaiarekin”. Baina orduan zabaldu ziren Frantzia eta Bretainia Handiaren arteko gerra zetorreneko zurrumurruak (orduan hasi zen Zazpi Urteko Gerra, 1756-1763) eta “Frantziako kortsarioen beldur Bilbon porturatu zen”. Morphyk Bordeleko eta Dublingo Connortarren gutuna zekarren, zer edozer behar izanez gero, Errekakoetxeari eskatzeko. Kinka hartan, Errekakoetxeak gomendio hau eman zion Morphyri: "segurtatu zezala bere burua, ontzia eta karga eta horretarako har zezala Espainiako bandera eta eskifaia”. Eta horrela egin zuen: ontziari izen berria eman zion (Fortuna), eta eskifaiarako Mentxaka kapitaina eta enparauak kontratatu zituen. Eta esaten zuenaren erakusgarri, kontratuaren atal batzuk nabarmendu zituen Errekakoetxeak. Izan ere, lehenengo atalean bertan argi utzi zuten erabakiak Morphyk hartu behar zituela eta Mentxakak onartu beharko zituela, eta beste atal batean zehaztu zuten Mentxakak pilotuari edo are marinelei dagozkien lanak egin beharko zituela, hala behar izanez gero. “Mentxaka ez zen benetako kapitaina, Morphy baino”, argitu zuen Errekakoetxeak.
Beraz, benetako kontratatzailea ez zen izan Errekakoetxea, Bordeleko eta Dublingo Connortarrak baino. Horrek asko zailtzen zien marinelei zorraren kobraketa. Auzitegiak, azkenean, arrazoia eman zion Errekakoetxeari eta itsasgizonentzat aterabide hau baino ez zuen aurkitu: Errekakoetxeari eskatzea “karitatez nahiko balu Morphy eta Connortarren aurrean agertu, ordaindu dezaten falta dena eta horrela marinelei auzi luzea saihestu...”