XX. mendearen hasieran euskara galbidera abailduta zegoen Bizkaian. Are gehiago Deustuan. Oso urte gutxitan, jendartean hizkuntza nagusia izatetik norberaren estatus sozialari kalte egiten zion hizkuntza izatera igaro zen. Hobe zen euskaraz ez jakitea, atera kontuak. Ezjakintasunari gorazarre horrek arrazoi asko zituen baina, batez ere, Estatu espainolak euskarari ezarritako debeku, oztopo eta are kriminalizazioari zor zitzaion, Bizkaiko eliteek euren hizkuntza arbuiatu zutela ahaztu barik. Artean Bizkaian euskaldun elebakarrak populazioaren portzentaje esanguratsua ziren.
Kinka hartan eman zuen Migel Unamunok bere hitzaldi ospetsua 1901eko Bilboko Lore Jokoetan. Garaiko hizkuntzalaritzak ezarritako darwinismoari men eginez, mezu goibela zabaldu zuen: euskara ez zela jendarte modernoak behar zuen hizkuntza mota, analitikoa alegia, frantsesa edo gaztelania ez bezala. Euskara utzi, gaztelania gure egin eta euskarari behar zuen ohorezko azken agurra emateko dei egin zuen. Azken agur hori zen, zehaztu zuen, euskara ikergai bihurtzea, bere berezitasun linguistikoak atzemateko. Zalaparta itzela iziotu zuen.
Kasik hogei urte geroago, 1919an alegia, euskara nabarmen endekatuta zegoen gurean, sustraiak ihartu zaizkion zuhaitza antzo. Euskararen ezintasunaren diskurtsoak ere iraun egiten zuen, Pio Baroja bezalakoen eskutik. Donostiarraren aburuz, euskara mentalitate arkaikoaren ordezkaria zen eta, ondorioz, ezin egoki liteke bizimodu modernora.
Baina, balantzaren bestaldean, euskaltzaleak hasiak ziren hizkuntzaren aldeko urrats sendoak ematen: Euskaltzaindia sortu berria zen (1919), euskara irakaskuntzan sartzeko lehenengo ahaleginak orduan gauzatu zituzten eta hedabideetan zein administrazioan ere lekua egiten hasi zitzaion.
1919ko hitzaldia
Unamuno, Baroja eta enparauen erretolikari aurre egiteko ardura, besteak beste, deustuar batek hartu zuen. Julio Urkixo (1871-1950) artean Euskaltzaindia sortu berriko kidea zen, RIEV aldizkari ospetsuko zuzendaria eta, oro har, itzal handiko euskalaria. 1919ko apirilaren 19an hitzaldia eman zuen Bilbon, Bizkaiko Aldundiak gonbidatuta. Erdarazko mintzaldi hori gero argitaratu ere egin zuten, “Lengua internacional y lenguas nacionales. El euskera, lengua de civilización” izenburupean.
Berbetan hasi eta berehala, Urkixok Aldundiko arduradunei eskertu zien hitzaldia emateko gonbita, “ni militatzen dudan alderdi politikoa ez baita orain Aldundian gehiengoa daukana”. Izan ere, orduan lortu zuten lehenengoz jeltzaleek Bizkaiko Aldundian gehiengoa. Julio Urkixo, berriz, karlista sutsua zen. Jarraian, euskararen atzerakada baieztatu zuen eta nabarmendu zuen neurririk hartu ezen hizkuntza hilzorian paratu behar zuela gainbehera hark. “Gaur egun galera horrek Araba ia osorik hartu du bere gain, baita Nafarroako eta Bizkaiko eskualde zabalak ere”, zehaztu zuen.
Urkixoren iritziz, euskal herritar ia guztiek nahi zuten euskarak bizirik irautea, “dozena erdi bat idazle izan ezik”. Horietakoa zen, esan legez, Baroja eta hari zuzendu zitzaion, esateko hizkuntzak ere eboluzionatzen direla eta euskarak ildo analitikotik egin zuela bilakaera hori.
Euskara galtzeko bidean bazen, ez zen balizko berezko ezintasunen ondorioz, arrazoi soziolinguistikoen poderioz baizik. Urkixok batzuk aitatu zituen: eliteek hizkuntza utzi izana, hizkuntzaren batasun eza eta euskaldun kopuru txikia (gazteleraren parean, jakina). Eta ze aterabide planteatu zuen deustuarrak? Argi zeukan ezin zuela izan norbanako gutxi batzuen kontua: “hizkuntza fenomeno soziala da eta norbanako batek, bere kabuz, eragin txikia eduki dezake; herri batek, ostera, helburuak argi eta aho batez jokatuz, bere garapen eta zabalkundean eragin dezake”. Eta jarraian neurriak proposatu zituen: “Gure aldundiek euskararen eta euskarazko irakaskuntza ezarri eta sustatu dezatela; Euskaltzaindiak mugimenduari batasuna eta jarduerei norabide egokia emateko lan egin dezala; baina horretarako lanak eta ahaleginak izan behar dira eta gutako bakoitzak, nork bere aldetik eta elkarlanean, hizkuntzaren biziberritzean lagundu behar du”.
Euskararen eta euskarazko irakaskuntza bultzatzea eskatu zuen Urkixok. Sasoi hartan (1918) abiatu ziren Bilboko umeentzako borondatezko euskara eskolak, jeltzaleen eta karlisten ekimenez. Aldundiak Bizkaiko auzo-eskolak eraikitzeari ekin zion, herri txikietan irakaskuntza elebiduna emateko asmoz. Eta han-hemen lehenengo ikastolak sortu ziren: Donostia (1914), Tolosa (1922), Iruñea (1932)...
Baina 1936ko uztailaren 18a heldu zen eta Urkixo, Unamuno eta Barojaren lagunek irabazi zuten. Adiskide haiek Don Pio fusilatu nahi izan omen zuten. Don Migel hil ez bazuten, hortxe-hortxe. Eta Don Julioren zibilizazio hizkuntzaren ametsa bertan akabatu zuten... tarte baterako.