Jon San Pedro, hogeita hamar urte kartzelan

Erabiltzailearen aurpegia Hektor Ortega 2025ko api. 14a, 10:47

Martxoaren 9an bete zituen Jon Mirena San Pedro deustuarrak hogeita hamar urteko kartzelaldia. Ez ditu urte guztiak jarraian egin, baina kopuru horretara heldu da, alegia, dagokion espainiar legediak markatutako gehienezko langara. Lerro hauek idaztean, ostera, giltzapean segitzen zuen. Bere kasuak argi erakusten du oraindik ere euskal presoei ezartzen zaien salbuespen tratua. Une honetan deustuarra ez dago Espainiako auzitegiek jarri zioten kondena betetzen, inongo epailerik ezarri ez dion zigor erantsia sufritzen baizik. Eta, egiari zor, bost urte dira horrela dagoela.

Preso batek hogeita hamar urte kartzelan ematea albiste gogorra eta aztoragarria da, azken hamarkadetan ohikoa izan arren euskal herritar askok kondena luzeak betetzea giltzapean. Albistea da, mendeku mezuak zabaltzen dituzten gorroto-errotak “inpunitatea” eta “onurak” berbak hitzetik hortzera badarabiltza ere. Horregatik albiste horrekin gatoz, deustuar batek egin dituelako 30 urte gatibu: Jon Mirena San Pedrok. Espainiako legearen arabera, ez zituen bete behar. Aitzitik, kalean behar zuen, aspaldian.

Espainiako kode penal zaharrak 30 urtetan ezarri zuen bete litekeen gehienezko kondena efektiboa. Hori da Jon San Pedro deustuarrari dagokiona, leporatu zaizkion delituak kode hori indarrean zegoela egin zirelako. Bada, martxoan San Pedrok 30 urteko topea bete du. Presoak berak, senideek eta lagunek askatasuna eskatu dute, hala auzitegi espainoletan nola kalean (martxoaren 9an manifestazioa egin zuten Deustun) baina, lerro hauek idaztean, Basauriko kartzelan segitzen zuen deustuarrak. Beraz, Espainiako legearen arabera, une honetan, Jon San Pedrok Basauriko espetxean ematen dituen egunak ez dagozkio ezarri zioten kondenari. Inongo aginte judizialik ezarri ez dion kondena betetzen ari da.

Baina Jon San Pedroren kasua are krudelagoa da. Izan ere, deustuarrak 2020an bete zuen bere kondena osorik. Kontua da bere kartzela urteetako batzuk (ia sei) Frantzian bete zituela. Europar Batasunak 2008an eman zuen zuzentarau bat Europako kartzeletan betetako kondenak estatu guztietan konputatzeko eta, horrela, zigortuek ez zezaten kondena bera birritan bete, estatu batetik bestera eramanez gero. Baina Espainiak ez zuen onartu nahi izan eta 2014ko lege batean Espainiako kongresuak, Europako irizpidearen kontra, beren-beregi salbuetsi zituen arau horretatik 2010 urtea baino lehen kondenatuak. Asmoa, argi eta garbi, euskal presoen kondenak luzatzea zen. Hiru urte ziren ETAk bere jarduna behin betiko utzia zuela. Espainiak Europako zuzentaraua bete izan balu, Jon San Pedro 2020tik libre egongo zen, kondena osoa beteta.

Jakina denez, iazko urrian Espainiako kongresuak Europako irizpide hori onartu zuen, azkenean. Legea azaroan sartu zen indarrean, eta, Jon San Pedrok dagokion auzitegian aplikatzeko eskatu badu ere, oraindik ez du erantzunik jaso. Esan bezala, deustuarrak kondena osoa beteta dauka eta aspaldi behar zuen kalean. Orain arte, Espainiako auzitegiek euskal preso bakar bati aplikatu diote lege berria. Donostiako Balbino Saenz Olarra martxoaren 7an askatu zuten, horren ondorioz. Izan ere, espetxeetako agintariek eurek kalkulatu dute 2022ko abenduan bete zuela Saez Olarrak bere kondena osoa. Urte bi eta hilabete bi gehiago eduki dute giltzapean, nahiz eta egia den azken urteak etxean egin dituela, kontrol telematikoarekin. Donostiarraz eta deustuarraz gain, bada preso gehiago egoera horretan.

 

Bi alditan preso

Sasoi batean, Lehendakari Agirre etorbidean, Ibarrekolanda eta Bidarte bitartean, Salesianosen aurrean, pintaketa batek 200 metroko horma bat betetzen zuen bere mezua zabaltzeko: “Esta pared se mancha, mientras quede un preso en Herrera de la Mancha”. Jose Maria Gorordo zegoen Bilboko alkate eta gurutzada bati ekin zion hormetako mezu aldarrikatzaileak ezabatzeko. Gurutzadak gurutzada, pintadak luzaroan iraun zuen. Gorordok dimisioa eman eta sei hilabetera atxilotu zuten Jon San Pedro. Hiru hamarkada geroago, bera izan zen Herrera de la Manchako espetxeko azken euskal presoa. Pintada eta horma aspaldian desagertuta zeuden.

Jon San Pedro 1991ko ekainaren 6an atxilotu zuten Barakaldon. ETAko Matalaz komandoko kidea zen. Gau hartan espainiar polizia baten autoaren azpian lehergailua jarri behar zuten, baina kontrabigilantzia zerbitzuak detektatu eta atzeman zituen. Ondorengo bost egunak inkomunikatuta eman zituzten eta tortura latzak salatu zituzten. Orotara, sei lagun atxilotu zituen polizia espainolak.

Kontua da gutxitan gertatzen dena gertatu zela: epaitu barik lau urtez preso eduki ondoren (Carabanchel eta Puerto de Santa Marían), sei atxilotuetako lau, tartean San Pedro, libre atera ziren, preso dagoenari epaiketa egiteko gehienezko epea (lau urte) gainditu zelako. Deustuarrak ihes egin zuen eta hurrengo urteak “sasian” eman zituen. 1999ko martxoan atxilotu zuten berriro, Parisen. Gaizkileen taldeko kidea izatea leporatuta, sei urteko kartzela zigorra ezarri zioten frantses auzitegiek.

Frantziako espetxetan (La Santé, Fresnes historikoa, Fleury, Tarascon, Marsella) kondena bete ondoren, 2004ko urtarrilean Espainiaren esku utzi zuten. Auzitegi Nazionalean epaitu, eta 40 urteko kartzela zigorra ezarri zioten Barakaldoko poliziaren aurkako atentatu ahaleginagatik. Alcalá-Meco, Valdemoro, Navalcarnero eta Soto del Real (denak Madrilen), Jaen, Puerto de Santa María (Cádiz), A Lama (Pontevedra) eta Herrera de la Manchako (Ciudad Real) kartzeletan eduki zuten. Esan legez, San Pedro izan zen sinbolismoz betetako Herrera de la Mancha espetxeko azken euskal presoa. 2021eko apirilean eraman zuten Dueñasera (Palentzia). Han urte bi egin zituen 2023ko martxoan Basauriko kartzelara ekarri zuten arte.

Espainiako espetxeetan egon bitartean, lehenengo graduan sailkatuta eduki zuten, euskal preso ia guztiak bezala. Presorik arriskutsuenei ezartzen zaien erregimen estua da eta ez zuten aldatu ez 2011n, ETAk behin betiko borroka armatua uztea erabaki zuenean, ez 2017an, armak Bakearen Artisauen esku utzi zituenean, ezta 2018an erakundea desegin zenean ere.

Jakina denez, euskal presoei dispertsioa ere ezarri zien Espainiak (eta Frantziak). Horren ondorioz, Jon San Pedroren senideek eta lagunek, edadekoek eta ume txikiek tartean, hiru hamarkadatan eginiko kilometro kopurua “izugarria” litzateke. Ikaragarria. Eta, dabilenari gertatzen zaio, epaiketarik gabe senideak eta lagunak errepidera kondenatzen zituen politika horrek istripu bat ekarri zuen ordainean 2019an. Kotxea zeharo hondatu bazen ere, autoan zihoazen lagun biak zauri arinekin atera ziren.

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!