HEO, HEO! Zugaz maitemindu...

Erabiltzailearen aurpegia Hatxe 2014ko ira. 16a, 01:17

Hizkuntza Eskola Ofizialeko matrikulazio eskaera-orriarekin egin dut topo aurten ere, iazko garai bertsuan.

Bai, iaz ere iraila izango zen...  aulkirik egokitu ez eta nik bete nuen formularioak iseka ziniko bat besterik itzuli ez zidanean. Baina orain ez dut horretan sartu nahi; ez da unea laukitxo txiki baten forma duen iseka ziniko hartaz mintzatzeko; non eta, beste txikikeria batzuen artean, hizkuntza bera ere desagerrarazten saiatzen den desafinatzen duen banda ofizial baten erresumako bazter honetan; terrorismoaren biktima ote naizen galdezka, laukitxoa. Ez dut horretan sartu nahi. Aurten albotik pasako ditut ere H.E.O. (bai, o-fi-zi-al) honen idazkietan egindako Minusbaliotasunen bat badituzu bezalako aurkikuntzak. Baina telegrama itxurako honek STOP! -Ene urtebetetzea zelako STOP!- egin du eskaintzen diren euskarazko eta ingelesezko ikasketa taldeen kopuruari erreparatzean. 39 taldeko eskaintza euskara ikasteko eta 68 taldekoa ingelesa ikasteko. Ondo ahoska ditzagun Last Tour International, Bilbao Exhibition Centre, Today´s menu: paella, I am Basque, eta beste.