Literatura, argazkigintza eta musika uztartuz Bilboko zortzi barrutietan barrena

Erabiltzailearen aurpegia Hiri asko bere baitan 2014ko eka. 19a, 10:17

Uriolako komunitatera iritsi berriak gara eta geure buruak aurkeztera gatoz

“Hiri asko bere baitan” proiektuaren atzean Aitor, Asier eta Unai gaude; diziplina ezberdinetan sortzaile garen, eta euskara eta Bilbo maite ditugun hiru lagun. Duela hilabete batzuk bururatu zitzaigun, Bilboko zortzi barrutiak abiapuntutzat hartuta, hiriaren ikuspegi berri bat ematen saiatzea, gure irudimenarekin sortutako unibertso bisual, literario eta soinuduna baliatuz. Bilboko Udaleko Ideiak Martxan lehiaketara proiektua aurkeztu eta saridunen artean suertatu ginen. Eta lanari ekin genion apirilaren bukaeran.

Bidean zortzi barruti, zortzi hilabete, erronka eta ezusteko kontaezinak zain izango genituen jakitun abiatu ginen, baina baita guztiari aurre egiteko gogo izugarriarekin ere. Eta horrela iritsi gara hona bidaia hasi eta bi hilera; ezusteko eder baten bitartez. Maiatzean egin ziguten elkarrizketaren bidez Bilboko Uriola proiektu komunikatiboa gertutik ezagutzeko aukera izan genuen unetik bertatik, guri ere komunitate honetako kide izateko nahia piztu zitzaigun. Eta iritsi da ordua, hementxe gaude!

Hemendik aurrera obra berri bakoitza kaleratzean haren berri emango dizuegu hemen; eta baita bakoitzaren atzean egon diren sorkuntza prozesu eta gorabehera guztien berri. Orain arte kaleratu ditugun biak hauek izan dira:

  • “Atzealdean, ezkutuan”, Deustuko tren geltoki zaharrean ateratako argazkia (1. Barrutia), Bilbok bere baitan ezkutatzen dituen hirien inguruko hausnarketarako bide ematen duena. Ikusi, irakurri eta entzuteko, egin klik hemen.
  • “Emakume itsusia?”, Olabeagatik ateratako argazkia (8. Barrutia), ispiluek bueltatzen dizkiguten irudi eta edertasunari buruzko gogoeta. Ikusi, irakurri eta entzuteko, egin klik hemen.

Obrak eta haien ingurukoak kaleratzeaz gain, bidean gertatuko ezustekoak eta ezagututako lagunak ere izango ditugu mintzagaia. Asko eta onak izango diren esperoan, laster arte!