Agur Etxebarria, ongi-etorri pabiloi berria

Erabiltzailearen aurpegia Santutxu Hockey Taldea 2014ko api. 8a, 12:41
Etxebarriako pistaren agurraren prestaketa goiz-goiz hasi zen Santutxu Hockey taldekoentzat. Batzuek goizeko 6:30ean esnatu behar izan zuten pintxoak zein tortillak prestatzeko geroko luntxerako, 8:30rako kiroldegiko kafetegian egon behar ziren. Pistan bertan ere, atontze lanak ordu txikietan hasi ziren, trofeoak, kamiseta zaharrak, egunkarietako errekorteak, argazkiak... 52 urteko historia kontzentratua.

10:00etan pistan, hori zen hitzordua. Egun, klubean dauden jokalari guztiak orduan pistaratu ziren, belaunaldi arteko patxanga ederra hura. “Benetan ederra hainbeste ume ikustea hockeyan”, entzun nion direktiban egondako Nikori, harro.

Gero jokalari guztiak stickekin arku luzea egin zieten jokalari ohiei, hain txanda zen-eta une horretan. Bitartean, oraingo presidenteak eta presidente ordeak, mikrofonoa eskuan, ekitaldia gidatzen zuten. Jokalari “zaharren” partidua hasi zen. Gehienak ez zeuden sasoian, baina ezin ukatu teknika eta malezia oraindik badutela. Gol politak ikusi ziren. Amaieran, dena dela, amorru apur batez bukatu zen partida, pistako azken gola ez zuen sartu bada Vallejok, SHTko kide ohiak, baina orain Urdanetako hockey ardura daramanak. Etsai amorratuen eskutik, azken gola!

Gero, antzinako direktibetako partaideek egin zuten berba pista erditik, armarriaren atzean argazkia atera ostean. Arijitak luze jardun zuen Santutxu Merkatarien Elkartearen eta hockey taldearen arteko harremanaz. Beste batzuek gutxiago esan arren, txalo zaparrada handia jaso zuten, denok baitakigu egoera zailenetan haien lan eskergaren erruz mantendu dena kluba gaur arte. Gaztedik eman zion amaiera Etxebarriako ekitaldiari eta bere atzetik kalejira ederrean jaitsi ginen kiroldegiraino. Batzuk patinak jantzita eta poltsatzarrekin Laurencin aldapan behera, hori espektakulua!

Txurdinagako kiroldegiari buelta eman eta PMM aurrean dagoen ate handi batetik sartu ginen. Orduan ikusi genuen pista berria. Jendea zur eta lur! Handia, dotorea eta gure jokalari gazteen arabera, irristatzeko ezin hobea. Momentu horretan, jendea barruan zegoela, jokalari ohiek pasabide eta arkua stickekin egin zieten oraingo jokalari guztiei, patin eskolatik hasita seniorrengana, eta horrela sartu ziren pista berrian.

Senior eta juniorren arteko partidua hasi zen orduan, nahasita eta umore onean, baina lehiakortasuna galdu gabe. Partida amaituta, sorpresa: Ugao Patin eskolako neskek ikuskizun musikala eskaini ziguten, denok adi-adi jarraitu genuen Grease pelikularen pasarte bat patinekaz antzeztua.

Amaitu ondoren, jokalari gazte eta txikien txanda heldu zen; nagusienetik hasita, patin eskolara arte, haien arteko norgehiagokan aritu ziren. Haiek urduri horrelako eszenatokian, gurasook harro.

14:00ak aldera, luntxerako ordua zen. Denok, gose eta egarri kiroldegiko kafetegira abiatu ginen eta, hura otordua klubeko kideek prestatutakoa. Denentzako egon zen, nahiko eta sobera. Berandu amaitu genuen. Bueno, batzuek beranduago, familia batzuk gaueko bederatziak jota eta etxean oraindino sartu barik zeuden, zarragatarrak, kasu. Egunak merezi zuen. Orain zuen guztion txanda da, Santutxu Hockey Taldeak zein hockeyak auzoan zutik jarrai dezan.