1993ko bertsotrikikalejira gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Hor dago! ABANTE! konpartsa 2017ko mai. 19a, 11:16
Badakizu Bilbon egin genuela lehenengo bertsotrikikalejira? Bada bai, guk asmatutakoa da! 1993ko Aste Nagusian izan zen. Hor Dago! konpartsak, beste konpartsa euskaldun batzuk lagun zituela, Zazpikaleetan bertsotrikikalejira antolatu zuen; bertsoak, trikitilariak eta ondo pasatzeko prest zeuden bertsozaleak elkartu ginen.
Lehenengo saio hartan sei izan ziren bertsolariak: Xabier Amuriza, Jon Lopategi, Jon Enbeita, Irineo Ajuria, Unai Iturriaga eta Igor Elortza. 
 
Trikitilari eta panderojoleak Arrasateko eskolakoak izan ziren, garaiko kronikak dioenez. Guk jakin badakigu ondotxo gainera, Santutxuko Ibon eta Fernando ere aritu zirela soinu eta panderoarekin. 
 
Eta bertsozaleak Hor Dago! Hau Pittu Hau, Kaskagorri, Eguzkizaleak, Satorrak eta Txori Barrote konpartsetako lagunak izan ziren. 
 
Dena ondo baino hobeto uztartu zuten, Zazpikaleetan zehar bertso giroa lehertzeraino. 
 

 
Harrezkero urtero errepikatu ohi dugu Aste Nagusiko astelehen arratsaldez bertsotrikikalejira. Hutsik egin gabe. 
 
HOR DAGO! ABANTEk bere 25. urteurrenean eta konpartsaren susperraldirako urte erabakior honetan, 1993ko lehen bertsotrikikalejira gogoratzea erabaki du. Besteak beste, lagun zaharrak eta berriak elkartzeko, harremanak sendotzeko eta Aste Nagusirako motorrak berotzeko. 
 
Hori dela eta, bihar arratsaldean bertsotrikikalejira antolatu dugu Zazpikaleetan 1993ko saioan parte hartu zuen Igor Elortzarekin eta konpartsarekin harreman estua izan duen Iratxe Ibarrarekin. 
 
Hitzordua 19:30ean hasiko dugu Somerako Morga tabernan eta ordubetez kaleetan zehar ibili ostean, Erronda kaleko Biba! kulturgunean amaituko dugu 20:30etik aurrera. 
 
Gonbidatuta zaude! 
 
Gonbidatuta zaudete Bilboko eta Bilbo zabaleko bertsozaleak!
 
 
HOR DAGO! ABANTEko konpartsakideak