Beti abante!

Erabiltzailearen aurpegia Hor dago! ABANTE! konpartsa 2017ko abu. 1a, 08:00

Urte sabatikoaren ostean, Areatzara itzuliko da Abante konpartsa Aste Nagusian. Konpartsakideek dei egin diete Bilboko eta inguruko euskaltzaleei konpartsan parte hartzera.

Atseden hartzen, hausnartzen eta indartzen eman dute azken urtea Abante konpartsako lagunek. Iazko Aste Nagusian ez zuten txosnarik muntatu. Aurten berriz, indartuta, elefante arrosak berriro ere tronpatik ura botako die azpian harrapatzen dituen jaizaleei Abanteren txosnatik. 

Txosna ez dute kaian paratuko, Areatzako pasealekuan baizik. Konpartsak bere 25. urtemugan eta, itzulerako urtean, espazio berria estreinatuko baitu. Leku “freskoa” da konpartsakideen esanetan. Areatzako arbolapean eta iturriaren ondo-ondoan. “Gustura egoteko leku bikaina” bihurtuko dute egokitu zaien espazioa. 

Euskaldunon Egunkaria lehenik, Berria egunkaria gero, eta oro har euskarazko komunikabideak babestea du xede Abante konpartsak. Helburu horrekin jaio zen 1992an eta helburu horri eusten jarraitzen du egun ere. “Oraindik ere euskarazko komunikabideek sustengu handia behar dutelako. Normalkuntza egoeratik urruti daude bai euskarazko komunikabideak bai euskara Bilbon”. Eta Aste Nagusia, “eremu ezin egokiagoa da aldarrikapen hori jendarteratzeko”. Ildo horretan dei egin diete bilbotarrei konpartsan eta Aste Nagusian parte hartzera. Jaiak barru-barrutik ezagutzera eta antolatzera. “Ez zarete damutuko”, diote. 

 

Berrikuntzak

Asko dira aurtengo Abante konpartsak prestatu dituen berrikuntzak. Besteak beste, talo ekologikoa eta artisau garagardoa dastatu ahalko da txosnan, baita bermutarekin gozatu eta Berria irakurri ere. Bertso saioak, kontzertuak (Zazkel, Lauroba, HdH) eta dantzaldiak (Alaken) ez dira faltako. Kafe tertuliak ere antolatu dituzte siesta egitea gustuko ez dutenentzat. Kafearekin batera kultura, ekonomia eta komunikabideen inguruko gaiak jorratuko dituzte Galder Perez, Galder Unzalu, Joseba Barandiaran, Niko Cuenca, Martxelo Otamendi, Ane Zabala eta Lur Malleak.

Abuztuaren 14an, bilera irekia

Bertatik bertara konpartsaren dinamika eta txosnaren muntaketa ezagutzeko, abuztuaren 14an 18:00etan Areatzan bilera irekia egitekoak dira Abanteko lagunak. Nahi duen orok hurbiltzea dauka informazioa zuzen-zuzenean jasotzeko. Izan ere, konpartsan parte hartzeko modu asko daude, eta nork bere lekua eta zeregina erraz aurki dezake. “Euskarazko komunikabideak babesteko beste modu bat da hau. Modu oso polita eta dibertigarria, jai girokoa. Ez dago hoberik”. 

 

Hod dago! ABANTE konpartsa

hordagoabante@gmail.com

610 37 09 97

twitter.com/HdAbante

facebook.com/Hor-Dago-Abante