Gu guztion ispilua izatea asmo zuen pertsonaia

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Peña 2015ko eka. 4a, 09:15
Argazkia: dannynorton

Hau musika eta literatura gomendioak jaso behar dituen txokoa dela gogorarazi didate. Eta horri eusten saiatuko naiz, aurkezpen artikuluan egingo ez nuela esan banuen ere, are, nahiz eta ez dudan inoiz nahi izan nire burua halako lanetan kokatu.

Bada azkenaldian entzun ohi dudan disko bat oso harrera ona izaten ari dena Euskal Herri osoan zehar. Hori bai, ez musika zale guztiengandik, bakoitzak badugulako entzun eta sentitzeko gure modu idiosinkratikoa.

Gurean maitatuak diren hainbat musikarik New Yorkeko Lou Reeden omenezko diskoa osatu dute, 71 urterekin hil eta bere heriotzaren urtemugan. Pertsonaia hura maitatzen genuen rockzaleok gogotsu jaso dugu proposamena. Jakina, beti bezala, denetarik aurkituko dugu diskoa entzun ahala. Badira indiferentziaz entzuten diren abestiak, baina badira harrapatu egiten zaituzten abesti lasai zein rockeroak. Goxo entzun eta giro beroa sortzen duten kantu aski ezagunak gure errealitatera hurbildu dizkigute euskal artistek.

Asko dira azkenaldian musika banda zaharrei tributo egiteko sortutako proiektu gazteak, baina hau ez da kasu bera. Han edota hemen burututako forma askotariko bere omenezko ekimenak, rockzaleen munduan gelditutako hutsunearen sintomak ditugu. Horrela bada eta Jonan Ordorikaren zuzendaritzapean, ugari izan dira bildutako musikariak: Petti, Evaristo (La Polla, Gatillazo), Gari (Hertzainak), Ruper Ordorika, Santi eta Alvaro Real (El Inquilino Comunista), Anari edota Andoni Basterretxea (Delirium Tremens) ditugu beste askoren artean proiektua osatzen duten euskal artistetako batzuk.

Reedek errealitatea bizi, irakurri eta musikatzeko abilezia berezia agertu zuen beti. Guztien artean nire aldetik maitatuena Walk on the wild side abestia da. Oso giro intimoan, bizitzaren alde arriskutsuan ibiltzeari ekiten dio pertsonaiak, gu guztion bizitzen ibilbideen puxka txiki bat jasotzen duelarik bertan. Eta egiari zor, Andoniren ahotsa berriro entzuteak ere pasarte polit eta ahaztezinak pizten ditu nire baitan.

Hori bai, ez da inoiz berdina izango beste norbaitek eta nik neuk Lou Reeden abestietaz edo beste musikari baten lanaz izango dugun iritzia. Euskal musikariek egindako omenaldi musikatuak xarma berezi eta hurbila edukiko du batzuentzako; beste batzuentzako, aldiz, existitu ere ez da egingo; eta beste askok ez dute sekula jakingo Lou Reeden abestiak direnik. Baina, finean, parada ezin hobea da pertsonaia hark izandako biziera ezagutu eta, era berean, gure bizipenen gaineko hausnarketa eta gogoeta intimoei lekua egiteko. “Mila esker, Lou Reed” eta euskal musikari guztioi!

 

Argazkia: dannynorton - http://flickr.com/photos/dannynorton/186795352/