Hegemonia eraikiz

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Peña 2015ko aza. 3a, 09:16

Gure herrian izan dira duela hainbat hamarkada espainiar inperioak suntsitzen saiatu zen identitate kulturala berreskuratzeari ekin ziotenak; baita lortu ere. ‘Euskal kulturaren loraldia’ esan izan zaio Oteizaren bultzadaz abeslari, idazle, zinemagile eta antzerkigileek euskal kulturaren berreskuratzeari ekin zioten sasoiari. Bazuen garai hartan gure herriak horretarako beharra.

Euskal territorioaren inbasioa ez da soilik militarra, politikoa edota ekonomikoa izan. Aljerian frantsesek edo Indian ingelesek egin bezala, Espainiak argi izan du beti inbasio kulturalaren ezinbestekotasuna herri bat menderatzeko. Frantsesek aljeriar hizkuntza debekatu zuten eta ingelesek haien hizkuntza irakasteko eskolak zabaldu zituzten. Guk ere jasan dugu tamainako biolentzia gurean.

Erreakziotzat euskal kultura berreskuratzeari ekin genion. Pentsatzeko modu berriak sortu eta eraberritu beharrean, arrotz zitzaiguna baztertzea eta gure sena berreskuratzea genuen helburu. Jasandako biolentzia bortitzaren aurrean, hizkuntza, sinbolo eta mitoen gorespena baliatu eta euskal kultura ofizial bat gorpuztu genuen, helburu patriotiko eta terapeutikoak uztartuz.

Kultura ofizial orok nazionalismoa du berezko, baina, gainera, fenomeno jasotzat du jendeak: purua eta errealitatetik ihes egiten duena. Aldiz, kulturak hezi eta informatzea behar luke helburu, inoiz ez abertzaletasuna irakatsi edota begirune itsua ezartzea; kulturak giza-jakintzarekin duelako harremana eta ez harrotasun etnozentrikoarekin. Iraganari eta egungo errealitateari aurre egin behar dio kulturak, bata zein bestearen konplexutasunari arreta jarriz, ausart, adimentsu eta berrikuntza gaitasuna baliatuz.

Beraz, ez dugu monumenturik sortu behar kultur-adierazpen totemiko gisa. Ondokoen eta urrunekoen kultura ezagutu, hauek gordetako egiaz busti eta kulturaren handitasunaz eta manipulazio ahalmenaz jabetu behar dugu; hau da, historian ematen diren prozesu estetiko eta intelektualen etengabeko konfrontazioa dela ulertu. Kultura adierazpen ausartak eta aitorpen kementsuak sortzeko bide bat baita.

Ideiak eta esperientziak konpartitzea ahalbidetzen digu kulturak jendarteoi, izaera kritiko eta eraikitzailea posible eginez. Kapitalismoak ekoiztutako kontsumorako kultur produktuei eta espainiar despotismoari gain hartu eta euskal hegemonia eraikitzeko bidea dugu hau. Iraganari edota inbasoreari so egon beharrean etorkizuna baitugu amesteko eta irabazteko.