Koldo Izagirre: "Gizonezkoak zeinen gizonezkoak garen ez ginateke ohartuko inguruan emakumezkorik izango ez bagenu"

Erabiltzailearen aurpegia patxi gaztelumendi 2015ko eka. 3a, 18:25

Lorea Gernika nobela aurkeztu berri du Koldo Izagirre idazleak. Emakume nagusi da bat du protagonista, eta 53 narrazio laburretan pasarte ezberdinetan kokatzen du idazleak Lorea Gernika izeneko andrazkoa. Ironia, leku ezberdinetan kokatutako istorio laburrak, tokian tokiko hizkera eta berbak, pasarte bereziak zein lausoak. Idazleak berak, labur labur kontatu dizkigu nobela berriaren nondik norako batzuk, tartean Deustun gertatzen den istorioa.

Lorea Gernika andrazkoa euskal herrietan zehar somatu dugu, zertan ari da ba?
Neronek ere ez daukat zeharo garbi. Baina bizitzaren aurka borrokatzen dela egin zuen oihu behin, eta baliteke bestelako bizitzak bizi nahi izatea lekuz aldatuta, inguru berriak ezagututa, eta batez ere jende berriekin harremanduta.


Gizonezkoon mundua azaltzeko baliatu duzu Lorea Gernika, azalduiguzu hori
Gizonezkoak zeinen gizonezkoak garen ez ginateke ohartuko inguruan emakumezkorik izango ez bagenu. Aberatsak pobreak behar ditu karitatea egiteko… Emakumezkoak definitu egiten gaitu, nahikoa da txiste bat egitea, edo begiratu bat ematea. Lorea Gernika, gozoa den arren, andrazko garratza da: badaki zer garen, nolakoak garen, eta ebidentzian jartzen gaitu behin baino gehiagotan. Berak hala nahi izan gabe, gehienetan.


Deustun be gertatzen da pasarte bat, hauteskunde goiz baten.... eta lapikoa sutan
Bai… Bozkatzeko aretoa ikasgela batean atondu dute eta paretetan dagozen marrazkiei erreparatzen dagoela erdi ametsetan edo hasi da. Txartela itsulapikoan sartu gabe alde egiten du biharamunean etorriko dela esanda. Horrelako xaloa da Lorea Gernika. Baina egia esan, nondik begiratzen zaion da kontua: egitada hori izan liteke gaiztoa, xaloa barik.