30 ikastetxetan egingo du Eusko Jaurlaritzak 3. mailako ebaluzio diagnostikoa. Pilotajea izango da, hau da, soilik aipatutako ikastetxe horietan egingo da froga gisa. Dena den, datorren ikasturtean EAEko ikastetxe guztietara zabalduko dute azterketa.
LOMCE aplikatzen ari da gure ikastetxeetan. Hego Euskal Herriko ikastetxeetan sartu digute lege arrotz hori. Nafarrroan "a la Navarra" aplikatzen ari dira eta EAEn "a lo PNV", hau da, "euskal" hitza gehituta. Finean, Madrileri egin diote men eta LOMCE aplikatzen ari zaizkigu.
Horren adibide garbia, besteak beste, 3. mailako ebaluzio diagnostikoa da. Baina, zergatik gaude froga horren kontra? Laburrean hainbat puntu aipatuko ditut:
- Inposatua da, guztiz. LOMCEren aplikazioa da nahiz eta 'Heziberri' delakoaren izenpean egin.
- Eskolen arteko ranking-ei ateak ireki lizkieke.
- Ikasketa prozesuari baino, emaitzei ematen zaie garrantzia, zenbakiei.
- Ikasle kalifikatzeko balio du soilik, nota bat izango da aurrerantzean.
- Ez du testuinguru hurbila kontutan hartzen.
- Edukiak kontrolatzeko azterketa da.
- Gai instrumentalak jorratzen dira soilik (PISA azterketaren araberakoak: hizkuntza, matematika eta zientziak)
- Ikastetxeak akademiak bilakatzeko arriskua dago, azterketa horri begira dagoen hezkuntza ahalbidetuz.
- ...
Hamaika arrazoi ditugu kontra agertzeko, agerikoa da. Hezkuntza Plataformen Topaguneak argi esan du: "3. mailako azterketa hau desobedituko dugu." Eta ez da hori babesten duen gune bakarra. Hezkuntza eragile gehienek ere planto egiteko konpromisoa agertu dute. Espainiako CEAPA-k ere desobeditzeko deia luzatu du. Nafarroan, adibidez, dagoeneko 1000 lagunen sinadurak aurkeztu dizkiote Hezkuntza Sailari kontrakotasuna agertzen. Herrialde Katalanetan ere, Bartzelona inguruko 30 ikastetxe intsumituko direla esan dute.
Gainera, azterketa hau diagnostikoa da, hau da, ez da loteslea. Zer gertatzen da, orduan, egiten ez bada? Ezer ez. Azterketa hau egiten ez bada ez du inongo ondoriorik izango ikaslearengan, ez akademiko ez administratiborik. Beraz, argi gelditu dadila, familien erabaki izanik ikaslean azterketa hau egiten ez badu, ez du inongo eraginik izango.
Argi gelditzen ari da, hezkuntza mugimenduak ez du azterketa hau nahi eta konpromisoa dugu beharrezko indar guztiekin ez egiteko.
Kontrakotasun guzti hori adierazteko agerraldi herritar eta masiboa deitu da, gainera. Datorren maiatzaren 9an izango da, Durangoko Plateruena kanpoaldean. Ahal beste jende gerturatzea inportantea izango da. Herritarrok azterketa arrotz honi ezezko borobila emango diogu eta planto egingo diotenei gure babes osoa erakutsiko diegu.
Beraz, orain da momentua! Joan gaitezen denok Durangora maiatzaren 9an. Esan dezagun argi ez dugula inposaketarik onartuko eta planto egiteko konpromisoa dugula! Hezkuntza Sistema Propioaren bidean, planto 3. mailako azterketari!!!
Planteamendua garatzeko bitartekoak: klik hemen