Madrilen gutxi egin badaiteke ere, egin daitekeen apur hori aprobetxatzea aukerarik egokiena dela uste dut nik. Gure hezkuntzaren alde ditugun baliabide guztiak probestu behar ditugu, eta hauteskunde hauek, aukera horien artean dagoen beste bat da. Madrilera ez gara Espainiako hezkuntza hobetzera joan behear. Ez gara Estatuak duen eskola uzte goiztiarraren %20 hobetzeko gakoak ematera joan behar, ez eta DBHko titulua lortzen ez duten ikasleen %25a txikitzera ere, are gutxiago BPGren hezkuntzako inbertsioa %4a baino gehiago izan behar dela esatera ere. Madrilera guk gure hezkuntza eraikiko dugula argi uztera joan behar dugu.
Madrilera Euskal Herriaren eta euskal hezkuntzaren ahotsa izatera joan behar dugu. Ezin dugu pentsatu, hezkuntza komunitatearen ahotsa LOMCE aplikatzen ari den inork ordezkatuko duenik, inondik inora. Horregatik, Madrilen gure aldarrikapenak entzun eta defendatuko dituen ordezkaritza behar dugu.
Herrialde Katalanetako Eskola Intsumituetako Asanbladak deia egin du LOMCE aplikatzen dutenak ez bozkatzeko komunikatu bidez. Gainera, taula ari baten bidez, hauteskundeetara aurkezten diren alderdien arteko hezkuntza proposamenen inguruko konparaketa egin du.
Aurreko konparaketa taularekin, eta ondorengo honekin, alderdi estatalisten esku gure hezkuntzaren aldeko inolako neurririk izango ez dugula argi ikusten da.
Horri jarraiki, berton, PNVren aldetik ere inolako aurrera urratsik ez dugu ikusiko. PNV izaten ari da LOMCE gure ikastetxeetan aplikatzen ari zaigun alderdi. Inolako erreparorik gabe LOMCE Heziberriren bidez aplikatzen ari zaigu eta gainera LOMCE ez aplikatzeko hautua hartu duen hezkuntza komunitateari inolako babesik ez dio agertu. Egun, PNV ere LOMCEren aplikatzailea da. Gainera, Hezkuntza Sistema Propioaren alde, hau da, hezkuntza burujabetzaren alde, hutsaren hurrengoa egiten ari da. Manu Robles-Arangiz instituak kaleratu dituen datuen arabera, gainera, EAE da Europan hezkuntzan gutxien inbertitzen duen lurraldea.
Hego Euskal Herrian ez da alderdien konparaketari dagokionez inolako lanketarik egon, publikorik behintzat. Hala ere, Hezkuntza Plataformen Topaguneko kideak, Leire Barrerak, LOMCEren kontrako eta Hezkuntza Sistema Propioaren aldeko bozka eskatu du.
Nik ere, norabide horretan gehiago sakondu eta zehaztuz, gaur arte LOMCEren kontra erakutsitako jarrera tinkoa kontutan izanda, EH BILDUren aldeko bozka emango dudala adierazi nahi dut, izan ere, LOMCEren kontrako herrien alde bozkatu du udaletxe ezberdinetan, 3. mailako azterketaren inguruan interpelazioak egin dizkio Cristina Uriarteri, planto egin duten familiak babestu ditu eta hezkuntza proiektu eraikitzaileak garatu ditu hezkuntza komunitatearekin batera hainbat udalerritan.
Beraz, igande honetan, LOMCEren kontrako bozka desobedientez eta Hezkuntza Sistema Propiaren aldeko eraikuntza bozkez bete behar ditugu hautesontziak!