Mundu guztia gaude pozik Arriaga plazan Pregoilaria, Txupinera eta Marijaia noiz ikusiko zain. Plaza lepo beteta dagoela ikustean... uffff! Kriston subidoia! Ikaragarria da hamaika kolorez beteriko plaza, eta baita Areatzaren zati handi bat ere, beteta ikustea. Aldarrikapen ezberdinekin pankartak, Konpartsa bakoitzaren taldetxoak, milaka eta milaka pertsona... Ez dago Arriaga inguruan horren beste jende biltzen duenik, Marijaia ezik. Ezin dut azaldu Marijaiaren abestia berriz ere entzutean sentitzen dena. Arriaga plaza, txupinaren une horretan, berriz diot, Euskal Herriaren aniztasun, bizitasun eta ekintzaletasunaren adierazle paregabea da, zalantza barik.
Aste Nagusia denon gozamenerako jai erraldoia izan behar da. Guztiontzat. Horregatik, ezin dugu inongo erasorik onartu, ez arrazistarik, ez eta LGTBIfoborik, ezta sexistarik ere. Beharrezkoa da askatasunean eta beldur barik jaiak bizitzeko eskubidea bermatzea. Txosnetan, komunetako ilaretan, kontzertuetan edota etxera bidean. Ez, beti da ez. Eta punto! Bejondeiela Txupinerari bere keinu feministengatik eta baita “Autodefentsa feminista” pankarta eutsi duten emakume guztiei!
Aste Nagusia urteko herri mobilizazio erraldoiena, askeena eta gozagarriena izaten jarrai dezan, gora Marijaia eta gora herria!