2013ko urriaren 12a ekarri nahi dut gogora. Hezkuntza sistema propioaren alde hezkuntza komunitateko sektore guztiek, kostata bada ere, elkarlanean, nazio mobilizazioa egin genuen, Bilbon. Ikasleak, hezitzaileak, familiak eta gainontzeko herritarrak Bilboko kaleak LOMCEren kontra eta hezkuntza sistema propioaren alde bete genituen.
Hona eragileek egindako prentsaurreko bateratua:
Gainera, 2013 hartan, zetorkigun LOMCE legearen kontra hiru minimo adostea lortu genuen:
- LOMCEri ez! esaten diogu.
- Euskal instituzioei LOMCE aplikatu ez dezatela eskatzen diegu.
- Euskal Herrian gure bide propioa egin behar dugula aldarrikatzen dugu, elkarrekin, elkarren artean eta elkarri helduta.
Hori da, hain zuzen, Porrotx-ek manifestazio nazionalaren amaieran bota ziguna:
Gauzak horrela, 2016 honetara heldu gara LOMCE Hego Euskal Herriko ikastxeetan erabat errotua eta hezkuntza eragileak elkarri mokoka. Porrotxek, argi irudikatu zuen egoera hau ere: "Bizkarra emanez elkarri, denok elbarri". Eta arrazoi osoa du.
Inoiz baino gehiago LOMCE eta Heziberriri aurre egin behar diogu, iazko ikasturtean, adibidez, Hezkuntza Plataformen Topaguneak bultzatutako planto dinamika eredu hartuta. Ezin dugu beste urta bat Madriletik lege eta dekretuak zein mobilizazio agenda inposatzen digutenik pasatzen utzi.
Argi dago, Euskal Herrirako hezkuntza sistema propio bat eraiki nahi dugunon artean mahai baten bueltan eseri, herri akordioetara heltzeko gaitasun erakutsi eta hezkuntza burujabetza osora eramango gaituen agenda partekatua adostu behar dugula.