Hezkuntza eta kanpaina (I)

Erabiltzailearen aurpegia Ikoitz Arrese 2019ko mar. 26a, 09:59

Hezkuntza kanpaina politikoan ez sartzeko esan zion Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Jone Goirizelaia legebiltzarkide eta Bilboko alkatetzarako EH Bilduren hautagaiari. Baina zer dago eskaera horren atzean? Zer dela eta mandatariek ez dute Hezkuntza kanpainan sartu nahi? Gogoeta txiki bat egin dut horren inguruan.

Joan den ostiralean Bilboko eskolen gaia Gasteizko Legebiltzarrean sartu zen. Jone Goirizelaia EH Bilduko kideak galdera egin zion Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuari: “Hezkuntza Sailak hartuko al du neurririk Bilbon auzo batzuetan dagoen eskola-segregazioren arazoari aurre egiteko?”

Hementxe bertan sartu dudan bideoan Goirizelaiak egindako hitzartzea zein Uriarteren erantzuna agertzen dira. Eztabaidaren inguruan hitz egin baino, bukaeran Hezkuntza sailburuak esandakoa ekarri nahi dut oraingoan gogora: “Eskertuko nuke Hezkuntza hauteskunde kanpainatik kanpo uztea”. Eskaera hori egin zuen sailburuak Legebiltzarrean.

Baina, utzi behar da Hezkuntza kanpainatik kanpo? Nork utzi behar du gaia alde batera? Batzuok eztabaida politikotik at uzten badugu, nori egiten dio mesede?

Egunotan Jaume Carbonell-en “La educación es política” liburua irakurtzen ari naiz. Bertan, besteak beste, Hezkuntza politika dela adierazteaz gain, ondorengo baieztapena egiten du Carbonell-ek: “Hezkuntza jendartea eraldatzeko erabiltzen ez badugu, status quoa mantentzeko erabiliko dute.”

Beraz, hitz horietatik tiraka, esan genezake Hezkuntza politikatik kanpo, kasu honetan, kanpainatik kanpo, uzteak mesede egiten diola soilik Hezkuntzan Gobernu ardurak dituzten horiei. Atzo bezala, gaur, Hezkuntzaz hitz egitea Hezkuntzarekin lotutako gaiak mahai gaineratzeak ez du zuzenean esan nahi interes alderdikoiekin erabiltzea. Bestela, Bilbon eskola batzuek pairatzen duten segregazio egoeraz ezin daiteke hitz egin, ala? Ezin daiteke aipatu Errekalde, San Frantzisko eta Otxarkoagako eskolen egoera ez dela batere egokia Hezkuntza sailak duen utzikeriagatik? Ezin daiteke auzotarren iritzia publikoki azaldu? Ezin daiteke esan Bilboko Udalak 2017ko ekainean Hezkuntza sailari bidalitako gutun baten, egun, oraindik erantzunik ere jaso ez duela?

Noski, hor dago Cristina Uriarteren tranpa. Ez du tokian toki egon daitezkeen Hezkuntza arazoak plazararazterik nahi. Ez du nahi ikastetxez ikastetxe pairatzen ari garen gatazken eta arazoen inguruan inork hitz egiterik nahi. Ez du agortua dagoen Hezkuntza sistemaren inguruan inongo kritikarik nahi. Hezkuntza sailak, aldiz, nahi beste hitz egin dezake, momentu oro, Hezkuntzaz; izan kanpaina garaian, edo kanpo.

Atzo bertan (2019-03-25), New Economy Forum-en, Mondragon Unibertsitateko Errektore Bixente Atxak egin du hitzartzea. Berari Bilboko Alkate Joan Mari Aburtok egin zion aurkezpena. PNVko kidea. Baina aurkezpena egiteaz gain (bere) Bilbo ereduaz ere hitz egiteko aprobetxatu zuen atrila. Ez al da hori Bilbo eredu konkretu bat “saltzeko” aukera eta beraz Hezkuntza kanpaina egiteko erabiltzea?


Bestetik, Hezkuntza sailburuaren agenda begiratuta, konturatuko gara egunero zenbat ekitaldi publikotan hartzen duen parte. Hauetako batzuetan, gainera, hitz egiteko aukerarekin. Ez al da hau Hezkuntza sailburu gisa kanpaina egitea?


Beraz, argi dago Hezkuntzaz ez hitzegiteak batzei bakarrik egiten diela mesede. Alegia, egoera bere horretan mantendu nahi dutenei. Hau esanda, iruditzen zait Hezkuntza politika guztien erdigunera ekarri beharra azpimarratu behar dela, izan kanpainan, edo ez. Gure eguneroko jardun politikoan Hezkuntzak egon behar du, bestela, egungo eredu berberak jarraituko du aurrera. Agortutako sistema etengabe zalantzetan jartzen ez badugu, dagoenarekin jarraituko baitugu.