Izan ere, askotan entzuten dut Hezkuntza ez dela udal eskumena, udaletatik ezer gutxi egin daitekeela, dena EAE eta Nafarroako gobernuen esku dagoela eta garbiketa eta azpiegitura gaiez gain apenas dutela egitekorik maila lokaleko instituzioek. Ba ez, munizipalismoak asko du egiteko Hezkuntzan, eta horren adibide asko dago.
Gutxik ukatu dezakete herritarrengandik zenbat eta gertuago egon, orduan eta politika eraginkorragoak, komunitate bati begira pertsonalizatuagoak eta herritarragoak egin daitezkeela. Hezkuntza arlora etorrita, esperientziak erakusten digu politika zentralizatuen joerak porrot egin duela. Jada agortu da. Dagoeneko ez ditu herritar eta herri gisa ditugun beharrak asetzen. Hezkuntzan ere, eragin eta erabaki eremuak zenbat eta gertuago egon orduan eta eraginkorragoa izango da egingo dena.
Sanfran auzoko problematikari aurre egiteko, norekin hobe Sanfraneneko bizilagunekin baino? Santutxun jangela eredu berriak eraikitzeko, Santutxutik baino, nondik hobeto? Nola eraiki "unibertsitate hiria" Deustuko Erribera, Deustuko Erriberako bizilagunen iritzirik gabe? Nola lortu Otxarkoaga euskalduntzea, Otxarkoagako errealitatea bertatik ezagutu barik? Nola lortu Bilboko ikastetxeen arteko kohesio eta elkarlana, Bilboko ikastetxeak kontutan hartu gabe?
Argi dago oinarrizko kontu batzuk administrazio zentraletatik kudeatu behar direla, alegia, EAEko eta Nafarroako gobernuetatik. Hau ere eraldatu daitekeelarik, noski. Baina, badute udalek esaten digutenetik harago bestelako egitekorik? Bai. Eta adibideekin argi ikus daiteke udal politikekin auzo eta herri kohesionatuagoak, inklusiboagoak, parte hartzaileagoak, euskaldunagoak, kulturalki aberasgarriagoak eta ahaldunduagoak eraiki daitezkeela. Hona praktika onen adibide batzuk:
- Orio. Aitzindariak izan dira herri curriculuma sortzen: klik hemen
- Ondarroa. Ikastetxeak eta herria biltzen dituen Hezkidetza egitasmoa: klik hemen
- Larrabetzu. Jantokia jangela bilakatu duen eskola: klik hemen
- Dima. Hezitzailea bihurtu den herria, Dima amesten, Dimesten: klik hemen
- Egia (Donostia). Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko erronkan murgilduak: klik hemen
- Iruñea. Haur eskola eredua eraldatzen erreferente: klik hemen
- Arrasate. Aisialdi hezitzailea oinarri: klik hemen
- Markina. LOMCErik gabeko herria: klik hemen
Hamaika adibide eredugarri gehiago jarri nitzake, baina argi dagoena da, borondatearekin eta konpromisoarekin maila lokaleko instituzioetatik -ere- bultzatu daitekeela bestelako Hezkuntza eredu bat.
Udaletatik bultzatu daiteke tokian tokiko historia eta kultur trasmisioa bermatu dezakeen curriculum propiorik, pedagogia feministak oinarri izan ditzaketen hezkidetza programarik, jantoki eredu ekologiko eta hezitzailerik, hizkuntz proiektu euskaldun eleaniztunik, aisialdi hezitzaile parte hartzailerik eta abar luze bat. Finian, instituzio lokaletatik asko egin daiteke Herri Hezitzaileak eraikitzeko.
Gainera, aipatu ditudan ereduetan EH Bildu izan da, hezkuntza komunitatearekin elkarlanean, proiektuok bultzatu dituenetako eragile bat. Izan ere, EH Bildurentzat Hezkuntza oinarrizko zutabea da eta auzolanetik eta herrigintzatik Euskal Estatuari egin dakiokeen ekarpenik handienetakoa.
Beraz, igande honetan EH Bilduren aldeko botoa ematea auzoak eta Bilbo hezitzaileago bihurtzeko urratsa izango da. EH Bildu baita, herritik eta herriarentzat sortutako euskal Hezkuntza sistema publiko burujabe baterako bermea. Igandetik aurrera Bilbo Hiri Hezitzailea eraikitzeari ekingo diogu. Hori gure konpromisoa.
Zurekin, Herri Hezitzailea!
> Hezkuntza eta kanpaina (I)