Merezi duzun hezkuntza

Erabiltzailearen aurpegia Ikoitz Arrese 2020ko uzt. 10a, 10:50

Gaur bukatzen da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina. Hamaika herri, hamaika gai, hamaika mezu, hamaika bizipen... eta bi aukera hezkuntzari dagokionean ere: Jada murrizketak egiten ari den Iñigo Urkulluren eredu erabat agortua, edo hezkuntza sistema eraberritzeko konpromisoa duen Maddalen Iriarterena.

EH Bildurentzat hezkuntza euskal herritar ororen eskubide indibidual zein kolektiboa da. Horregatik, euskal herritarron garapen integrala eta Euskal Herriaren garapen kolektiboaren zerbitzuan egongo den euskal hezkuntza sistema publiko burujabea garatzea da EH Bilduren helburua: euskalduna, hezkidetzailea, inklusiboa, parte hartzailea, laikoa, demokratikoa, herritarrra eta publikoa.

Egoera bestelakoa da, ordea, gurean. Azken hamarkadako murrizketa ekonomikoek, Hezkuntza sail ezberdinen utzikeriak eta Madrilekiko menpekotasunak gure hezkuntza sistema blokeora kondenatu dute. Egun dugun sistema erabat agortua dago eta hori Madriletik pairatzen ditugun inposizioen zein bertoko Gobernuaren politiken ondorio da. XIX. mendeko eredua zaharkituarekin, XX. mendeko profesionalekin XXI. mendeko ikasleak hezten ari gara.

Gainera, Urkulluren gobernuak, hezkuntza sistema indartu eta etorkizuneko erronkei erantzuteko prestatzeaz urrun, murrizketak egiten ari da hainbat sektoreetan. Noiz, eta orain, osasungintza, gizarte zerbitzuak edota hezkuntza bezalako oinarrizko arloak indartu beharko loritekeenean, bai, Urkullu murrizketak egiten ari da eta guk irmo salatu ditugu sektorearekin batera.



Eta Bilbo horren lekuko argia da. Bilboko egoera ez da bestelakoa. Askotan aipatu dugu Bilboko hezkuntza errealitatea erabat aldatu beharra dagoela eta horretarako, auzoz auzo dugun hezkuntza egoeraren diagnostiko zehatza egin beharra dago. Euskarak bizi duen egoera, aniztasunaren trataera integrala, azpiegitura falta, espazioen antolaketa, profesionalen lan baldintzak, jantoki eredua, ikastetxeek auzoekin eta auzoek ikastetxeekin duten harremana... izan daitezke disgnostiko horrek barnebildu ditzakeen puntuetako batzuk.

Eta hori zertarako? Ba errealitatearen gainean, Bilbon ere, bestelako hezkuntza eredu bat eraiki dezagun. Horreratako EH Bildu prest dago eta konpromisoa hartzen dugu komunitate guztiarekin elkarlanean gai guzti horiek mahai baten bueltan planteatzeko.



Eta ez Bilborako bakarrik, Maddalen eta bere talde guztiaren konpromisoa da EAEko hezkuntza sistema eraberritzea, bultzada berritua ematea, inor atzean utziko ez duen eredua sortzea eta herri gisa ditugun erronkei hezkuntzatik ere erantzutea.

Eta horretarako hezkuntza sistema onenak ditugu eredu gisa. Adibidez, Finlandia aipatzen dugunean, zer datorkigu burura? Euren hezkuntza sistema ezta? Ba horregatik hain zuzen ere, Finlandiako sistema dugu eredu gisa. Eta beste batzuk ez bezala, hoberenengatik ikasi eta Finlandiako Hezkuntza ministroarekin solasaldi oso interesgarria izan dugu kanpaina honetan ere.

Eta hau, gurera ekarrita, hezkuntza sistema publiko burujabea eraikitzeko EH Bilduren proposamena da. Zalantza bari EAEko hezkuntza sistemak pairatzen duen paralisi egoerari aurre egiteko irtenbide bakarra EH Bilduren proposamena da. Honetaz, alderdien arteko hezkuntza programaren ezberdintasunez, BERRIA egunkariak egindako erreportaje hau partekatu nahi dut: klik hemen.

Igandean gogoan izan bozka bakoitzarekin zer nolako hezkuntza sistema izango dugun erabakiko dela, egungo zaharkitua mantendu edo eraberritu. PNVren eredua edo EH Bildurena. Horra bi aukerak.

Elkarlanean eta adostasunean, merezi duzun hezkuntza sistema publiko burujabea eraikitzeko prest gaituzu!