Anekdotaldia

Erabiltzailearen aurpegia David Rosales Reguera 2020ko abe. 1a, 08:48

Anekdota sorta polita ekarri digu aurtengo Euskaraldiak Indautxuko Euskara Taldeko kideoi.

Tantaka-tantaka hurbildu zaizkigu auzotarrak Poza-Areilza kaleen bidegurutzeko ostegunetako mahaira. Izena emateko laguntza eskean, batzuk, ahobizi eta belarriprest txapak jasotzera, beste batzuk. Eta, tarteka, baten baino gehiagoren ateraldiek irribarre sanoa aterarazi digute.

Egon da mahaira hurbildu eta berak “Eguraldian” izena eman duela esan, baieztatu eta berretsi digunik. Zer esanik ez, mahaian jartzen genuen altabozetik Leteren Xalbadorren heriotzean entzun, eta horregatik hurreratu zitzaigula esan zigun amama indautxuar euskalduna; guri entzun arte, ez zuen aurtengo Euskaraldiaren berri izan. Baina denetan onena, gizon bat hiru metrora gure mahaira begira egon ostean, guregana inguratu eta “antitaurinoak” ote ginen galdetu zigunean. Belarri bat hor nonbait ikusi zuela, eta lotura egin zuela, eta kalean postu batekin geundenez, ideia hori etorri zitzaiola burura, baina euskararekin aurrera, eta euskararen aldeko guztia ondo iruditzen zitzaiola; modu xelebre horretan atera zen berak bakarrik sortutako endredutik.

Bestela ere, anekdotez gain, Euskaraldiak lana ekarri digu: lana, auzoko komertzioetatik pasatzeko; lana, materiala kudeatzeko; eta lana, bizi dugun pandemia-egoera krudel honetan auzoko euskaltzaleak berraktibatzeko.

Alferlanik ez, ordea, aurtengo 15 egunek balio badute hemendik aurrera ere euskaraz sor ditzagun anekdota gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan.