uriola.eus

Ene maite Oskorri

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Oskorrik Maulen jo zuen joan den larunbatean eta, aspalditik Bilbon sarrerarik ez dagoenez, gutako batzuk Xiberora joan behar izan genuen Oskorriren zuzenekoaz azken aldiz gozatzeko.

Mauleko Jai-Alai bete-betea zegoen 18:30ean. Eperra ikastolako neskato batek ongietorria eman zigun bertsotan. Dena prest zegoen. Hau da despedidia, hau da despedidia soinuarekin hasi zuten kontzertua. Bai, hauxe zen despedidia, 45 urte eta gero. Gure aitak 1970an Arrankudiagan entzun zituen eta nik, 45 urte pasatu ondoren, Maulen. Bi belaunaldi, eta hirugarren bat ere sar nezake nire kintakoak umeak munduratzen hasi baitira, Oskorrirekin hazi eta bizi izan garenok. 45 urte laburbiltzea zaila da, baina Natxo de Felipe, Bixente Martinez eta Antxon Latxak, hots hiru mosketeroek; lortu zuten. Oskorrik klasiko guztiak jo zituen (Euskaldun Berriaren Balada, Ikusi Mendizaleak, Ostatuko Neskatxaren koplak…) eta eurekin lanean ibili diren poeta eta bertsolariak omendu zituen (Aresti, Amuriza, Casenave…) bi ordu luze iraun zuen kontzertuan. Bereziki hunkigarria izan ziren Euskal Herrian Euskaraz kanta —Oskorrik ez bagaitu gu guztiok euskaldundu, nork egingo duen nire artean pentsatzen ari nintzela— eta Bizkaiko kanten popurria Eperra ikastolako umeekin abestu zutenekoa. Gauza jakina da Zuberoan euskarak ez duela egoera samurra bizi eta halako harrobi euskalduna ikustea poztekoa da beti.

Kontzertuak aurrera egin ahala guztiok jabetu ginen Oskorrirekin despediditzen ari ginela betiko, eta kontzertua ahal beste luzatu behar genuela baina Gora eta gora beti, Aita Semeak eta Furra Furra abestu ondoren kontzertua bukatu zen. Edo hori zirudien. Izan ere, publikoak bigarrenez "beste bat, beste bat" zarataka eskatuz —eta ez bertze bat, nik uste nuenez—, Natxo de Felipe, Bixente Martinez, Antxon Latxa eta beste Oskorrikideak taulara igo ziren hirugarrenez eta luzapena oparitu ziguten. Azken txanpa. Atzena. Hauxe zen despedidia. Behin betikoa. Kanta bakoitzari solemnitatea atxikitzen genion. Gure azken aldia izango zela jakitun. Oskorrikoek, cava atereaz, guztion alde topa egin zuten atzera ere eta Furra furra kantak berriro jarri zuen Jai-Alaia dantzan. Argiak piztu ziren. Kontzertua amaitua zen. Fini. Edo hori zirudien beste behin ere. Izan ere, publikoak Kattalin abesteari ekin zion, Natxo de Felipe eta besteak, dantzan eta gurekin kantan ari zirela. Despediditzeko. Hirugarrenean, bai, hauxe izan zen gure despididia.

Adiorik ez. Eskerrik asko.  

 

Ene Maite, Ene Maite, Ene Maite Oskorri,

sekulako eta betiko gogoan zaitugu Oskorri!

 

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa