Ene adiskide maitea

Erabiltzailearen aurpegia Jon Intxaurraga 2016ko uzt. 11a, 13:42

Topikoak esaten du gutxien espero dugunean gehiago disfrutatzen dugula, Tarantinoren pelikulekin bezala. Topikoak, topiko guztiek lez, badu egiatik zerbait, kasu honetan itxaropen aldea: gutxi espero denean edozer da ongi etorria eta ia ospatua. Larunbatean oso ondo pasatzea espero genuen. Plan ezin hobea antolatu genuen: janari oparo bat eta BBK Live jaialdia. Eguzkia eta lainoak bidelagun genituen eta "izarrak gurekin egon ziren piano baten soinuaz".

Politegi zirudien eta politegi izan zen. Hain eder non gaur lerrook motelegi idazten ditugun. Adinak eta jaialdiek ondorio latzak ekartzen dituzte eta biak aldi berean are latzagoak, baina gogoko tokian aldaparik ez. Eta Altamirako aldapa ez zen aitzakia izan BBK Livera igotzeko eta hango musikaz eta giroaz gozatzeko. Jaialdiak bere xarma du: Bilbon zaude baina bertan arrotza zara eta inork ez du zapata takoidunik janzten. Gainera, aireportu batean zaudela dirudi, marka handiez eta prezio puztuez inguratuta, modernoak eta giriak english speaking ari diren artean. Gogoratzen?

Musikaz ezer gutxi esan dezaket. Ez naiz aditu bat. Taldeei buruz ere ez. Ez genuen bat ere ezagutzen, ezta? Baina esan dezaket oso ondo pasa genuela haiek entzuten. MP3 formatuaren garai honetan sentsazio nahiko bitxia da musika ezezaguna entzutea eta gu horretaz baliatu ginen soinu berriak ezagutzeko eta buruan gordetzeko. Gainera, gozatu ederra da La Gozadera entzun gabe bizi gaitezkeela gogoratzea. Ezin esan musika komertziala entzun ez genuenik baina musika komertzialak ez du zertan txarra izan eta, ze demonio, bagenekien nora gindoazen.  

Joan den astean Euskal Herria Zuzenean ezagutzeko aukera izan genuen. Esan zenidanez, lekuak eta ereduak flipatu gintuzten. Beste mundu bat posiblea dela eta auzolanean festibal txukuna antola daitekeela frogatu ziguten. Asteburu honetan BBK Liven egon gara eta, bestelako eredua izan arren, oso ondo pasatu genuen. Azkenean, nora goazen baino norekin goazen du garrantzia eta, topikoz topiko salto eginez, lagunak eta planak dauden bitartean edonon goza daiteke. BBK Liven ere bai. 

Arestian esaten nuen gutxien espero dugunean gehiago disfrutatzen dugula baina, oro har, espero baino hobeto pasatzen denean gozatua biderkatzen da. Hori gertatu zitzaigun asteburuan eta, barkatu atrebentzia baina, lerro hauek zeuri eskaini nahiko nizkizuke, berriz ere flakiak jota egoten garenean buelta ematea posiblea dela gogora diezadazun. Komeni zaigu ez ahaztea, alzheimerrak borratu arte sikeran. 

Adeitasunez, 

Ondo ibili 

Jon.