Imajinatzen ditut euren ordenagailuaren aurrean, orri zuria pantailan, aditz-zerrenda bat buruan dutela: "Bihar ospatu", hasiera ona, "Bihar gogoratu", lotura aparta, eta "bihar aldarrikatu", amaiera perfektua, euskaltzaleok axolagabe uzten ez gaituena. Hiru aditzetan ohiko diskurtsoa, urtez urte errepikatzen dena: "Bihar ospa dezagun Euskararen Eguna, gogora ditzagun aurrerapausoak eta aldarrika dezagun gure hizkuntza". 'C'est fini', datorren urtera arte!
Gaur abenduaren 2a da, Euskararen Egunaren bezpera. Ziur asko geure hizkuntza arduradunen diskurtso-egileei ahaztu egingo zaie euskara gozatzeko ere badela. Hizkuntzak gozatzeko dira, nahiz eta batzuetan trabatzat hartzen ditugun. Gogoan dut klase-afari bat; oharra: eskola erdaldun peto-peto batean ikasi dut, non euskaldun gutxi geunden, besteak beste, Peio eta biok, pasadizo honen protagonistak. Hamar bat klasekide ohi bildu ginen eta kontu-kontari hasi ginenean atera zen ditxozko gaia: euskara ikasten ari naiz. Batak plaza atera nahi duelako izena eman du euskaltegian, besteak lanerako ondo etorriko zaiolako; eskolekin harremanetan da eta euskarak 'negozioa' erraztuko dio nonbait, eta azkenak, egina esan, ez dut arrazoia gogoratzen. Hirurek titulua nahi zuten. Hirurak oso estututa zeuden. 'Haiek ez dute gozatzen, hauek sufritzen ari dira' esan zidan Peiok. Euskara traba hutsa zen eurentzat.
Trabak gaindituz, euskarak egin du aurrera. Muga traba handienetarikoa izan da beti, eta mirari bat da gaur egun Iparralde eta Hegoaldeko biztanleek elkar ulertzen jarraitzea. Horregatik gozatzen dut hainbeste Iparraldeko batekin edo, beste barik, Euskal Herriko beste puntako batekin hitz egitean. Ez naiz bakarra. Behin Hazparneko elizara sartu nintzen eta bertan zegoen andre bati galdetu nion zelan deitzen zioten jaiotzari. 'Crexa' erantzun zidan, eta, euskaldunak ginela ohartzean, elizari eta herriari buruz hitz egiten hasi zitzaigun. Gozatzen ari ginen elkarri euskaraz aditzen, tartean muga bat bazegoen ere, hizkuntza bera erabiltzen ari ginelako.
Gaur abenduaren 2a da, Euskararen Egunaren bezpera. Ziur asko geure hizkuntza- arduradunen diskurtso-egileak jo ta su ibiliko dira biharko diskurtso ponpoxoak idazten. 'Ospatu', 'gogoratu' eta 'aldarrikatu' bezalako aditzak erabiliko dituzte, ohi lez, eta litekeena da 'gozatu' bezalakoak ahaztea. Hizkuntzak gozatzeko ere badira eta euskarak, gure hizkuntza den heinean, horretarako ere balio du. Asko dira euskara trabatzat hartzen dutenak, titulua eskuratzearren hizkuntzaren alde ludikoa ahazten dutenak. Haiei gogorazi behar diegu euskarak ematen digun poza. Bihar egun aproposa da, etzi baino lehen.
*Bernardo Atxagaren Arteak ematen duen poza zutabetik abiatua
** Abenduaren 2a jartzen du, baina edozein egun balekoa da euskaltegian ari direnei euskarak ematen digun poza gogorarazteko.
*** Argazkia Wikipediakoa da